Korrikaren koordinatzailea

Ane Elordi: «AEK-k ezin du aurrera egin Korrika barik»

Lehen aldiz ari da Ane Elordi Korrikaren koordinatzaile lanetan. 11 egun barru hasiko da 23. aldia, eta «indar erakustaldia» izan dadin nahi du. Korrikak euskalgintzaren inguruan sortutako aliantzak aprobetxatzera ere deitu du.

Irati Urdalleta Lete.
Andoain
2024ko martxoaren 3a
05:00
Entzun

11 egunez eta hamar gauez euskararen alde Euskal Herriaren luze-zabala korrika lotzea. Ez da erronka makala, baina, aurten 23. aldiz, horixe egingo du berriro ere Korrikak, 11 egun barru Irundik (Gipuzkoa) abiatuta. Ane Elordi (Zornotza, Bizkaia, 1991) da Korrikaren koordinatzailea, eta buru-belarri ari da lanean, solte dauden azken hari muturrak josten.

11 egun falta dira Korrika hasteko. Zer moduz zaude?

Ondo. Egia da martxoaren 14a zenbat eta gertuago egon, urduritasuna ere orduan eta handiagoa dela. Azken kontuak daude lotzeko. Kilometroak eskuragarri jarri ziren otsailaren hasieran, eta orain da garaia banaketa egiteko. Zorionez, leku batzuetan jende asko gerturatu da, eta lan hori ere ez da izaten erraza. Gainera, egunotan, eguraldiaren iragarpenari begira gaude. Halere, orokorrean, pozik gaude; oraingoz, balantzea ona da, harrera ona izaten ari da herriaren aldetik, eta espero dugu hurrengo asteetan ere horrela izatea.

Lehen aldia duzu koordinatzaile lanetan, Asier Amondok pasatutako lekukoa hartuta. Erantzukizun handia izango da. Nola bizi izan duzu prozesua?

Bai, bada erantzukizun handiko urtea. Beste edizio batzuetan bestelako lan batzuk eduki izan ditut Korrikan bertan, eta horrek ematen dizkit abantailak, ikuspuntu batzuk ezagutzen ditudalako. Baina nik beti azpimarratzen dut lantaldea: gu hogei lagun inguru batzen gara, eta hori oso garrantzitsua da. Batzuk badira urte luzez aritutakoak; orduan, horrek babes handia ematen du. Halere, beti daukazu zalantza: «Zer ahaztu ote zait?». Bueno, aterako da; Korrikak badauka inertzia bat berez aurrerantz doana.

Korrikak «maila bat gora» egin zuela adierazi zenuten duela bi urteko Korrikaren balorazioan. Zer espero duzue aurtengoan?

22. Korrika heldu zen momentu batean zeinetan gizartea apur bat nahasita egon zen. Pandemia baten amaiera zen, horrelako jendetzak biltzeko aukerak urriak izan ziren, eta hor ikusten zen bazegoela gogoa kaleak berriro hartzeko. Izugarria izan zen. AEK-k erabaki zuen Korrika urtebete atzeratzea. Horrek, alde batetik, hizkuntzaren kontzientziazioan eragina izan zuen, baina, beste aldetik, baita arlo ekonomikoan ere. Orduan, 22. Korrika izan zen mugarri bat, gizartean bizi zen egoeragatik. 23.era begira, uste dugu harrera positibo hori mantendu dela, badagoela herri gogo bat euskararen alde egiteko. Azaroaren 4rako [Euskalgintzaren] Kontseiluak deitutako manifestazioan ere nabaritu zen hori, Bilboko kaleak bete egin baitziren. Uste dut irakurketa ziklo baten barruan egin behar dugula: udazkenean egin zen manifestazio hori; gero, Korrika aurkeztu genuen; hilabeteotan lanean gabiltza... Ikusteko dago 14tik 24ra erantzuna zein izango den, baina espero dugu positiboa izatea. Eta, beti esaten dugun moduan, 24an amaituko da Baionan, baina 25etik aurrera ere badago zer egina. Izan ere, euskalgintzak baditu erronka batzuk esku artean.

Zein?

Uste dut aprobetxatu behar dugula hor elkarren arteko aliantzak sortzen direla. Olatu hori, jendartea aktibatu izana, aprobetxatu behar dugu, adibidez, Korrikaren kasuan, ez dadin geratu bi urtetik behin egiten den ekitaldi batean. Korrikarik ez dagoen urte horretan ere aktibazio hori mantentzea garrantzitsua da.

Otsailaren 1ean jarri zenituzten kilometroak salgai. Nolako harrera ari da izaten 23. Korrika?

Oso harrera positiboa. Irundik abiatuko da, eta lehenengo Ipar Euskal Herria zeharkatuko du, eta, gero, Nafarroa. Nafarroa lehenengo asteburuan harrapatuko du. Aste barruan jausita eta ordu txikietan, eremu batzuk betetzea zailagoa da, populaziorengatik eta zonifikazioarengatik. Baina asteburuan tokatuta, Euskal Herriko beste leku batzuetako jendea joango da bertara. Orduan, alde horretatik, uste dugu Nafarroa nahiko beteta egongo dela. Gero, Araban sartuko da, eta astelehenean pasatuko da Gasteiztik, eta handik Gipuzkoara eta Bizkaira joango da. Egia da Gipuzkoa eta Bizkaia oso populatuak direla, eta esan dezakegu batez ere Gipuzkoa aldea erraz betetzen dela. Hor badaukagu, adibidez, Enkarterri, Bizkaian. Beste leku batuetan baino jende gutxiago bizi da, eta aste barruan eta ordu txikietan igaroko da. Agian, den-dena ez da beteko, baina saiatuko gara.

«Korrika martxoaren 24an amaituko da, Baionan, baina 25etik aurrera ere badago zer egina»

Herriaren jokaera aipatu duzu, baina azken asteetan erakundeekin eta eragileekin etengabe ari zarete biltzen. Nolako erantzuna jaso duzue orain arte?

Erantzuna positiboa da. Korrika 1980an egin zen lehenengoz, eta ordutik ibilbidea asko aldatu da: hasierako urteak ez ziren batere errazak izan, eta kontra egiten zuenik ere bazegoen. Gaur egun, esan liteke Korrika dela Euskal Herriko askotariko eragileak batzen dituen egitasmo bakarrenetarikoa; guztiok batzen gara euskararen bueltan. Eta gure helburua hori da: euskarak batuko gaitu, euskarak egingo gaitu herri, bakoitzak beretik bere ekarpena eginda eta onartuta bestea desberdina dela.

Zein dira aurtengo aldiaren erronka nagusiak? 

23. Korrikan zabaldu nahi dugun mezua da ordua dela harro euskaraz bizi nahi dugula adierazteko. Hizkuntza gutxiagotuetan bizi garenok, euskaldunok —eta, gure antzera, beste askok, ez garelako bakarrak munduan—, zalantzak, kezkak... izaten ditugu. Gu euskaldunak gara, euskarak egiten gaitu euskaldun, eta harro esango dugu gure hizkuntzarekin aurrera egingo dugula. Orduan, hori azpimarratu nahi dugu, baita komunitatearen ideia ere. Norbanakoak bai, baina uste dugu sarri norbanakoen gain jartzen dela zama: «Zuk euskaraz egin behar duzu». Bai, nik euskaraz egin behar dut, baina nik euskaraz egin ahal izateko, behar dut aisialdi euskaldun baterako aukera, zerbitzu euskaldun batzuk izatea, administrazio euskaldun bat edukitzea... Eta egunerokoan izaten badira espazio erosoak euskaraz bizitzeko, guztiontzat errazagoa izango da. 

Hain zuzen, Harro herri da aurtengo leloa. Konplexuak ikusten dituzue euskaldunen artean?

Bai, uste dut konplexuen kontuari arlo desberdinetatik begiratu dakiokeela. Batetik, gure gurasoen garaian, baserritik herrirako saltoan, Hegoaldean gaztelerarako joera zegoen; gaztelera hitz egitea guaia zen, eta euskara bigarren mailakotzat jotzen zen. Hor badago konplexu arazo bat. Gainera, orain arte behintzat, euskaldun zaharren eta berrien arteko desberdintasun hori sarri markatu da. Ez ditzagun gutxiets hizkuntza ikasten ari direnak edo ikasi dutenak. Aurtengo kantak ere aipatzen du: «Ikasten ari bazara, egin gurekin». Praktikatu, eman aukera ikasten ari den jende horri. Orduan, konplexuak alde askotatik egon daitezke, eta gure gizartean oso presente daude.

«Espero dut egunen batean Korrika egitea plazerez eta ospatzeko Euskal Herria euskalduna dela»

Korrika oraindik beharrezkoa al du AEK-k?

Bai. Espero dut egunen batean Korrika egitea plazerez eta ospatzeko Euskal Herria euskalduna dela; momentuz, AEK-k ezin du aurrera egin Korrika barik. Hori da errealitatea. Gure helburuetako bat ekonomikoa da, eta hori argi azaltzen dugu. Euskararen normalizazioaren arlo askotan egiten dugu lan: euskara eskolak ematen ditugu, euskaltegi sare handia daukagu, aholkularitza planak egiten ditugu, teknikariak ditugu hainbat udaletan... Gainera, eskaintzen ditugun zerbitzu horiek guztiak hiru administraziotan banatuta daude: EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Hori guztia maneiatzea ez da batere erraza. EAEn, HABEk diru laguntza lerro berri bat sortu zuen orain dela lau ikasturte-edo, eta horrek euskara eskolak laguntzen ditu, baina kooperatiba garen neurrian eta horrela erabakita, etxe barruko kide guztiek baldintza berdinak ditugu. Horrek buruko minak dakartza, ze euskara eskolak diruz laguntzen dira, baina bestelako egitasmoak eta zerbitzuak ez. Guk jarraitu dugu normalizazioan lanean, uste dugulako euskara eskolek bakarrik ez dutela Euskal Herria euskaldunduko, beste arloetan ere eragin beharra dagoela, baina hori gure kalterako da, zuloa eragin du ekonomikoki. Horri aurre egiteko jarraitzen dugu Korrika egiten.

AEKri Korrikak egindako ekarpena nabarmendu duzu, baina oro har, zer ematen dio Korrikak euskalgintzari?

Bi urtetik behin datorren haize fresko bolada bat da Korrika. Barrutik bizi duzunean, gainera, Euskal Herri ideala ikusten duzu 11 egunez: Euskal Herri osoa zeharkatzen duzu, eta mundu guztia pozik dago, euskaraz hitz egiten du gehiengoak, eta ez dakiena ere euskaltzalea da eta bat egiten du Korrikarekin. Babesa sentitzen duzu herri moduan, emozioz betetako aldarrikapen jaia bihurtzen da; orduan, txute bat da euskalgintzarentzat. Gainera, euskararen inguruan batzen gara hamaika eragile.

Gainera, aurtengo aldia garai berezi batean izango da, euskararen aurkako oldarraldi bete-betean. Inoiz baino garrantzitsuagoa izango al da indar erakustaldi bat egitea?

Bai, bai. Beti da garrantzitsua hemen gaude esatea, eta ikusi dezatela. Beti egon izan dira arazoak hizkuntza eskakizunekin, oldarraldiari lotutakoak. Baina bada beharrezkoa indar erakustaldi hori, batasun hori erakustea, eta Korrikak egiten duen bidea izan dadila aurrerantzean euskalgintzak hartuko duena.

Azterketak Euskaraz kolektiboa izango da aurtengo omendua. Euskararen aldeko konpromisoari gorazarre egin nahi izan al diozue horrela?

Azterketak Euskaraz omentzea erabaki zenean, alde batetik, aitortza bat egin nahi genuen, uste baitugu gazteengan jartzen dela zama. Esaten da: ‘Gazteek ez dute euskaraz egiten’ edo ‘gazteek ez dute parte hartzen’. Egongo dira batzuk, baina badaude beste batzuk, argi ikusi den moduan, egiten dutenak. Baxoa eta brebeta euskaraz egin nahi dituzten gazteek duten kontzientzia eta hizkuntza eskubideen aldarrikapenean egiten duten lana goraipatzekoak dira, zalantza barik, gazteak eurak izan baitira dinamikaren bultzatzaileak. Urte askotako lanaren emaitza da, etxean edo Seaskan bertan izan den transmisioaren seinalea; hizkuntza eskubideen aldarrikapenaren transmisioa egon da. Beste alde batetik, Euskal Herrira zabaldu nahi dugu: Ipar Euskal Herriko egoera bat da, baina Nafarroan ere gerta zitekeen, ze Nafarroako egoera ere antzekoa da; mundu guztiak ez dauka euskaraz ikasketak eta azterketak egiteko eskubidea. Orduan, modu bat da Ipar Euskal Herrian dagoen borroka kolektibo hori Euskal Herri osora zabaltzeko, eta agian norbaitentzat izan liteke beren borroka pizteko akuilu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.