Duela hiru urte atxilotu zuen Polizia berberak atxilotu eta espetxeratu du orain Urtza Alkorta. Legea bete du Ertzaintzak, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak nabarmendu duenez. Eta legea bete zuen duela hiru urte ere Rodolfo Ares orduko Herrizaingo sailburuak eta haren aginduetara zegoen Ertzaintzak. Espainiako auzitegien agindua bete, bai, baina hori nola bete zuten zalantzarako tartea uzten du.
Ertzaintzaren esku inkomunikatuta egon ziren egunetan torturak eta tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten Alkortak etaoperazio berean atxilotutako zortzi lagunek. Alfontso Zenon abokatuak eman zuen horien berri, 2010eko otsailaren 8an. Herrizaingo sailburua egin zuen salaketan esaten denaren erantzule. Eta haren hitzek berehala jaso zuten erantzuna. Abokatuaren salaketa ukatu zuen Aresek, eta nabarmendu zuen operazio hartan atxilotutako bederatzi lagunei une oro ezarri zietela inkomunikazio kasuetan torturak saihesteko egindako protokoloa —azpimarratu zuen, gainera, atxiloaldiko bideoak ere bazituztela—. Horiek hala, kereila bat jarri zuen Aresek, eta abokatua auzibidean jarri zuen, Ertzaintzaren «izen ona zikintzeagatik». Kalumniengatik. Baina ez Ertzaintzak atxilotuak torturatu zituela esateagatik.
Izan ere, iazko uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalak kaleratutako epaiak —zeinak Auzitegi Gorenak berriki berretsi duen—agerian uzten du Ertzaintzak ez zuela Aresek aipatutako protokoloa bete. Ez zuen bete, besteak beste, instrukzio epaileak uko egin zielako konfiantzazko abokatuen eskaera guztiei: ez konfiantzazko abokatu eta medikuen presentziarik, ez atxiloaldia bideoz grabatzerik. Ezer ez. Horrek, gerora, auzitegiko epaileen kexa ekarri zuen, eta hala jaso zuten epaian: «Defentsek eskatu zituzten kautelazko neurriak arrazoizkoak ziren, eta ezarri beharrekoak, benetako kontrol judiziala erraztu ahal izateko».
Era berean, eta kontrol horien falta dela eta, magistratuek adierazi zuten atxiloaldian hainbat «egoera arraro» jazo zirela, hala nola atxilotuetako bik epailearen aurrean soilik deklaratuko zutela argi adierazi ostean ertzainen galdeketei erantzun zietela, argitze agirietan atxilotuen jarrera aldaketari buruz inolako azalpenik eman gabe. «Zer gertatu zen denbora tarte horretan iritziz aldatzeko?», galdetu zuten epaia idatzi zuten magistratuek.
Horrez gain, ohartarazi zuten atxilotu batzuek behin eta berriz deklaratu zutela polizien aurrean, euren burua autoinkulpatzeko, deklarazio bakoitzean ofiziozko abokatu ezberdin bat aurrean izan zutela, eta deklarazio gehienak gauean egin zirela.
Alkortaren atxiloketaren kasuan, berriz, Ertzaintzaren argitze agiriek erakutsi zuten auzitegiko medikuak inkomunikazio aldian lehenago agertzen ez ziren ubeldura eta zerbikaletako min handia aurkitu zizkiotela. Hala ere, eta medikuaren gomendioari muzin eginez, Alkorta ez zuten ospitalera eraman bere aurkako deklarazioa sinatu zuen arte. Era berean, atxilotu zuteneko argazkietan ere Alkorta aurpegia estalita eraman zutela ikus zitekeen, nazioarteko hainbat erakunderen gomendioen kontra. Horiek hala, agerian geratu zen Ertzaintzak ez zuela bete bi urte lehenago Aresek aipatu zuen protokoloa. Eta atxiloaldian ustez grabatu zuten bideoa ere ez zen inoiz agertu.
Desagertzen diren frogak
Azkenean, epaitu zituzten bederatzi lagunetatik sei absolbitu zituen epaimahaiak eta hiru zigortu —Alkorta tartean—. Baina Gorenak epaia berretsi zuenerako, Ares jada ez zegoen Ertzaintzaren buruan. Zenonen aurkako kereilak, halere, Bilboko auzitegiaren eskuetan jarraitu zuen, eta ahozko epaiketa hasteko egunaren zain daude orain. Fiskaltzak urte eta erdiko espetxe zigorra eta denbora bereko lan inhabilitazioa eskatu du abokatuaren kontra, eta 15.000 euro ordaintzea Aresi.
Bitxia da kereila jarraitzen ari den bidea. Auzia epaitu behar zuen epailea erretiratu egin zen auzitik, Alkortaren tortura salaketa ikertu eta artxibatu zuen epailea bera izan baitzen. Beste epaile bat jarri zuen auzitegiak, baina hark ere uko egin zion kasuari. Dilijentzia gutxi batzuk egin dira: lekuko gisa, bi kazetari pasatu dira; Aresi hitza hartu dio instrukzio epaileak eta Zenonek uko egin dio deklaratzeri. Epaiketari begira, Alkortari eta beste atxilotuei deklarazioa hartzea proposatu du abokatuak.
Auziaren erdigunean beti egon dira atxiloaldian Ertzaintzak eginiko ustezko grabazioak. Horietan oinarritu zen Ares Zenon gezurretan ari zela baieztatu zuenean. Baina grabazio horiek ez dira inoiz azaldu. Ez dagoelako halakorik. Hala jakinarazi zion Herrizaingo Sailak Alkortaren tortura salaketa ikertzen ari zen epaileari. «Urtza Alkorta Arrizabalagari egindako polizia galdeketen grabazioak bidaltzeko eskaerari dagokionez, esan behar dugu ez dagoela diligentzia horren bideo grabaziorik». Auzia artxibatuta geratu zen.
Aurretik ere EAEko arartekoak egina zuen bideo horiek eskuratzeko bidea. Herrizaingo Sailak, baina, atxiloketei buruzko informazioa ukatu zion, auzia epaileen esku zegoela argudiatuta.
Aske Gunea. Urtza Alkortaren atxiloketa
Aginduak betetzeko moduak
Ertzaintzak atxilotu zuen Alkorta 2010ean, eta iaz epaitu zuten. Epaiak dio poliziek ez zutela tratu txarrak saihesteko protokolorik erabili, Rodolfo Ares sailburuak esan zuenaren kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu