Epaiketako ordu gehienak begiak itxita pasatzen ditu. Etxeko sofan eserita balego bezala, jarrera axolagabean. Baina, ez dirudien arren, adi-adi entzuten du dena, eta, norbait ez dagokion moduan hasten bada, argi uzten du han nork agintzen duen. Alfonso Guevara da, eta berak dauka agintea. Argi geratu da hori Miguel Planchueloren kontra Madrilen egin duten epaiketan. Aginte handiko gizon txikia da. Argi esan zuen une batean: «Hemen nik agintzen dut. Epaimahaiak agintzen du; nik jartzen diot ahotsa, baina hirurok agintzen dugu, beste inork ez!».
Ezer arrarorik ez bada, suabe hitz egiten du, eta mikrofonoa piztuta izan arren, ez duenez ahoaren parean jartzen, ez zaio oso argi entzuten. Hala ere, badaki ahotsa altxatzen boterea erakutsi behar duenean.
Francisco Saizek lekuko gisa deklaratu zuenean egin zuen aurreneko erakustaldia. Espainiako Poliziaren Bilboko Informazio Brigadako kide izandakoa akusazioaren galderak erantzuten saihesten hasi zen. Guevarak ohartarazi zion derrigortuta zegoela erantzutera. Saizek horretan ari zela erantzun zionean, ezetz esan zion serio. «Zein galdera ez dut erantzun?», esan zion polizia ohiak; Guevarak oihuka esan zion: «Ez nauzu zuk ni galdekatuko! Galderak erantzutera behartuta zaude! Bigarren abisua da, eta serio ari naiz!». Aurretik gogoratzen ez zen gauzez gogoratzen hasi zen orduan Saiz.
Perituak deklaratzera joan zirenean egin zuen beste erakustaldietako bat. Grafologiako lau aditu batera sartu ziren, eta mikrofonoa nola erabili galdetu zioten galdezka ari zen akusazioari. Hura erantzuten hasi zenean, berehala eten zuen epaileak: «Ez zaitez saiatu epaiketa zuzentzen!».
Errieta antzeko bat ere egin zien une batean akusazioari, fiskalari eta defentsari: Planchuelo, Alvarez, Amedo eta Labade Madrilen egin zuten bileraz ari zirela honako hau esan zuen: «Inork ez al du galdetu behar bilera hartan zertaz hitz egin zuten?».
Aginte handiko gizon txikia
Alfonso Guevara da Planchueloren kontrako epaiketako tribunala osatu duen 3. aretoko burua. Axolagabe dirudien arren, argi utzi du nork duen aginte makila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu