Udal eta foru hauteskundeak

Aginte makilen defentsa

PSE-EEk Portugaleteko Udaleko kudeaketa goratu du; EAJk, Aguraingoa. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek etxebizitzaren arazoa izan dute hizpide

EH Bilduren agerraldia, atzo eguerdian, Donostian. JUAN HERRERO / EFE.
Iosu Alberdi.
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Nork berea defendatzeko baliatu dituzte kanpainako ekitaldiak EAJk eta PSE-EEk. Lehenak, Aguraingo (Araba) alkatetza, eta bigarrenak Portugaleteko (Bizkaia) aginte makila. Sozialisten mitinean, baina, izan da beste protagonista bat ere. PPren Madrilgo erkidegorako hautagai Isabel Diaz Ayuso Bilbon izan da, eta hark bereganatu du PSOEren Espainiako Kongresuko eledun Patxi Lopezen arreta: «Zertara etorri da, Euskadin askatasunik eta demokraziarik ez dagoela esatera?». Nolabait, baina, Espainiako eskuina presente egon da EH Bilduren ekitaldian ere. Etxebizitza politika berri bat behar dela adierazi du koalizioak Donostian, baina baita «bloke erreakzionarioari» aurre egiteko asmoa duela ere.

Beste behin ere, Madrilek eragin nabarmena izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal eta foru hauteskundeetarako kanpainan. Lopezen esanetan, Diaz Ayusok Bizkaira egindako bidaiak ETA «bizirik» dagoela esatea du xede, «milaka euskal herritarren eta espainiarren sakrifizioa mespretxatuta». Hala, ETA eta biktimak sozialisten aurka egiteko erabili izana leporatu dio. Zehazki, nabarmendu du eztabaida horra bideratzea ekonomiaz, pentsioez eta gazteez hitz egiteko duten gaitasunik ezaren ondorio dela.

PSE-EEren ekitaldiaren helburua, baina, sozialistek hiri hartan egindako kudeaketa babestea izan da, azken bozen ostean hura baita Ezkerraldean duten udal gobernu bakarra; EAJk eskuratu zituen Barakaldoko, Sestaoko, Santurtziko eta Alonsotegiko alkatetzak. Gainera, jeltzaleek oraintsu adierazi dute Portugaletek «Ezkerraldeko udalerrien trena» galdu zuela 2019an.

Adierazpen horiei erantzun die Mikel Torres Portugaleteko alkate eta sozialisten alkategaiak, eta esan hiri hura ez dela «inoiz igoko EAJren trenera». Are gehiago, Lopezek adierazi du sozialistek Ezkerraldea «berreskuratuko» dutela datorren igandean, alderdi sozialista «inoiz baino mobilizatuago, motibatuago eta harroago» ikusten duelako.

Jeltzaleek, berriz, Aguraingo udal gobernuan egindako lana defendatu dute, herri hartan egindako ekitaldi batean. EITB Focusek ostiralean argitaratutako inkestaren arabera, udalerri hartako alkatetza galduko luke EAJk maiatzaren 28an, EH Bilduren mesedetan —zazpi zinegotzi izango lituzke EH Bilduk; sei EAJk—.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldungaiaren arabera, baina, «berdinduta» daude bi taldeak. Hala, adierazi du herritarrek euren eta «atzerapenaren, suminaren eta konfiantzarik ezaren» artean aukeratu beharko dutela datorren igandean: «Mobilizazioa badago, EAJk irabaziko du. Bozkatu ezean, Agurain iraganera itzuliko da».

Mitin berean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk ere «EAJren eredua» goraipatu du, «pankartekin» aritzen direnekin alderatuz. «Seriotasunetik, errealismotik, zorroztasunetik kudeatzen dugu», adierazi du lehendakariak, eta arlo ekonomikoan egin du indar; besteak beste, adierazi du jeltzaleen kudeaketa ereduak «erakarri» dituela Mercedes eta Talgo enpresak Araban inbertitzera. «Beste batzuek protestan aritzen dira beti, grebak eta grebak antolatzen, eta horiek baliatzen oposiziotik», gehitu du.

EH Bilduk, berriz, idazteko dauden «titularretan» egin du indar, duenean baino gehiago. «Hortxe-hortxe gaudelako, badakitelako eta badakigulako», adierazi du koalizio subiranistaren Gipuzkoako ahaldungai Maddalen Iriartek; izan ere, inkesten arabera EAJtik gertu egongo da koalizioa, bai Gipuzkoan, bai Donostian. Hala, Iriartek gehitu du kanpainako azken egunetan «indar handiagoarekin» aterako direla kalera, nahiz eta batzuk EH Bildu «zokoratzen» saiatu.

EH Bilduko kideek etxebizitza izan dute hizketagai nagusia ekitaldian, Gipuzkoako eta batez ere Donostiako hauteskunde kanpaina markatzen ari diren gaietako bat denez gero. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren hitzetan, koalizioa bera da arazo horri erantzuteko lanean ari dena: «Boto gehiago behar ditugu orain Donostian, eta indar handiagoa, etxe duin bat izateko eskubidea bermatuko duten politikak egiten jarraitzeko».

Halere, Otegik hizpide izan ditu koalizioari buruz Madrildik esan direnak ere. «78ko erregimena salbatzeko operaziotzat» jo du Euskal Herriko eta Kataluniako ezker subiranista legez kanporatzeko asmoa: «Argi izan behar dugu hori dela haien asmoa, eta ez dutela lortuko». Izan ere, EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, koalizioa erakundeetara iristen denean, «faxistak leihotik irteten dira».

«Espainia aldatzeko»

PPk egindako ekitaldiak beste norabide bat hartu du. Diaz Ayuso izan da protagonista nagusia, eta EH Bildu legez kanporatzeko nahia berretsi du: fiskaltzaren azken erabakiei muzin egin eta «saiatu» beharra dagoela esan du, afera Espainiako Auzitegi Gorenera eramanda. Izan ere, uste du EH Bildu «inoiz baino gertuago» dagoela agintetik.

PPren Bizkaiko ahaldungai Raquel Gonzalezek, berriz, EAJren kudeaketa jarri du ezbaian, eta gehitu du beharrezkoa dela «Bizkaia aldatzea» Espainiako Gorteetarako bozetan, urte bukaeran, «Espainia aldatzeko».

Elkarrekin Podemosek, Ezker Anitza-IUk, Equok eta Aliantza Berdeak osatutako koalizioa Irunen (Gipuzkoa) batu da jendaurrean, zerbitzu publikoak «hortzez eta haginez» defendatzeko. Izan ere, Miren Etxebeste Gipuzkoako ahaldungaiak adierazi du eurek ez bezala gainerako alderdiak «negozioa eta bezero sareak» ikusten dituztela zerbitzu horietan, baita EH Bilduk ere: «Bildu pribatizazioaren eta negozioaren trenera igo da ahal duen eta gobernatzen duen lekuetan».

Espainiako Gobernuaren jarduna izan dute hizpide, bestalde, Pilar Garrido eta Rafa Mayoral Kongresuko diputatuek. Lehenaren esanetan, «asko» kostatzen ari zaie PSOEk gobernu akordioa betetzea, baina fruituak eman ditu. Horietako bat da Espainiako Etxebizitza Legea, garatzen hasi beharrekoa, haren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.