IRUÑEA. Foru hauteskundeetarako bi hilabete falta direla, kanpaina giroko diskurtso eta agerraldiei heldu diete Nafarroako alderdi eta koalizioetako hautagaiek. Atzo, Tafallako Udalerako zerrendaburu Amaia Jaurrieta aurkeztu zuen Geroa Bai-k, eta ekitaldian parte hartu zuen Uxue Barkos lehendakarigaiak. Aipagai izan zuen trafiko eskumenaren eskualdaketa, eta, zehazki, «Madrilen immobilismoa» kritikatu zuen. «Legealdi honetan, hiru eskuduntza lortu ditugu: hogei urtean sinatu diren lehenak», azaldu zuen. PSNren jokabidea ere txarretsi zuen: «Legealdi honetan lortu direnak dira, hain zuzen, aurreko legealdian Geroa Bai buru zuen gobernuak sustatutako eskumenak. PSNk ez du bakar bat ere sustatu». Hala, iragarri zuen «eskumen gehiago lortzeko urratsak» egingo dituela lehendakaritzara itzuliz gero.
Bestalde, Maria Txibite lehendakaria ere hauteskunde kanpainaz mintzatu zen atzo. UPNri kargu hartu zion, haren esanetan «EH Bilduren ahotsa» izateagatik: «UPNk ez du diskurtso propiorik, eta EH Bildu ahotan darabil une oro».
Agintean bada eskumenen alde ariko dela iragarri du Barkosek
Txibite lehendakariak kargu hartu dio UPNri: «Diskurtso propiorik ez dutenez, EH Bildu ahotan dute une oro»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu