Gorka Ovejero. Mugitu taldeko kidea

«Agintearen kontrako edozein jarrera zigortzen ahal dute; izugarrikeria da»

Instrukzioa amaituta, Espainiako Auzitegi Nazionalak abian jarri du Mugitu taldeko lau kideren aurkako epaiketa, Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari tartak botatzeagatik.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Tartak botatzeagatik espetxe zigorra jaso dezaketen Mugitu taldeko kideetako bat da Gorka Ovejero (Zumarraga, Gipuzkoa, 1972). Asteon auzipetu du Santiago Pedraz epaileak, talde bereko bertze hiru kiderekin batera. Desobedientzia zibilaren aldeko apustua berretsi du Ovejerok, AHT abiadura handiko trenaren aurka egiteko.

Auzitegi Nazionalak zu eta bertze hiru pertsona auzipetzeko urratsa egin du. Zer deritzozu?

Bagenekien Aste Santuaren ondoren Madrilera hots egingo zigutela, horixe esateko: ikerketa edo instrukzioa bukatuta, gutako bakoitzari zer egozten zioten. Harrigarria izan da, hala ere, guk jakin baino lehen prentsan eta telebistan agertu izana.

Bertze fase batean sartzen da prozesua, beraz?

Bai. Argi gelditu da euskaldunontzat justiziarik ez dagoela Espainiako Estatuan. Frantziako Estatua ere salatu nahi dugu, protesta han gertatu arren ikerketarik ez zutelako abiatu eta horren ondorioz Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku gelditu delako auzia.

Agintarien aurkako atentatua egotzi dizuete. Lau eta bederatzi urte arteko zigorra eskatzen ahal dute.

Izugarrikeria da. Frankismoaren garaitik datorren kontua da. Agintearen kontrako edozein jarrera zigortzen ahal dute.

Norbaiti tartak botatzea atentatutzat jo daiteke?

Indarrean duten legediaren arabera, irain bat ere izan daiteke atentatua. Hori Europan ez da beste inongo herritan gertatzen. Ez da hain handia egiten duzunaren eta jaso dezakezun zigorraren arteko aldea. Espainian, frankismoaren garaiko arau bati eutsi diote, eta hori harrigarria da.

Horrek ahalbidetzen du egindakoaren eta jaso daitekeen zigorraren arteko aldea hain handia izatea?

Astakeria da, nire ustez. Nagore Laffage hil zuenak hamabi urteko zigorra jaso du, eta niretzat bederatzi urte artekoa eskatzen ahal dute, tarta bat botatzeagatik.

Protesta, gainera, Okzitaniako Tolosan gertatu zen.

Frantziako Estatuak Espainiara bideratu zuen auzia, euskaldunak garelako. Guk auzia han geldituko zela uste genuen. Atxilotuko gintuztela, ziegan hainbat egun emanen genuela eta gero hainbat hilabeteko zigorra edo isuna ezarriko zigutela.

Ez zenuten uste auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera iritsiko zenik?

Ez. Baina bada Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lege bat, eta horrek esaten du espainiarren arteko zigorra jaso dezaketen auziak Espainiatik kanpo gertatzen badira eta gertatu diren toki horretan ikertzen ez badira Espainiako Auzitegi Nazionalak hartuko dituela bere gain. Guk ez genuen uste lege hori baliatuko zutenik, baina egin zuten. Gure aukera zen Tolosan auzi bat abiaraztea, baina ez dute egin, ez dute egin nahi izan. Han ere, berez, zortzi urte arteko zigorra eskatzen ahal ziguten, baina kontua da gisako protestak egin direnean inori ez diotela delitua egotzi; faltatzat jo izan dituzte protestak. Inoiz ez dute espetxe zigorrik ezarri.

Lau urtetik seira arteko zigorrak eska ditzakete bertze hiru kideentzat. Zuretzat, berriz, bederatzi urte artekoa. Nola hartu duzu berria?

Arruazuko alkateorde naizelako eskatzen ahal dute nire kontra zigor handiagoa. Kargudun publiko batek bere kargua delitu bat egiteko erabiltzen badu, delitu horri dagokion zigorraren %30 gehitzen ahal zaio. Horregatik eskatzen dute zigor handiagoa niretzat, haien ustez kargua erabili nuelako. Ez nintzen alkateorde gisa joan protesta egitera. Mugitu taldeko kide gisa joan nintzen.

Epaileak auzipetzea erabaki eta gero, zeintzuk dira prozesuaren hurrengo urratsak?

Orain arte instrukzioko epailearen esku egon da auzia. Bukatu du bere lana, eta orain hiru epaileren esku utzi du sumarioa. Haiek epaituko gaituzte.

Epaiketa noiz izanen da?

Apirilean deituko gaituzte berriz Madrilera, eta une horretatik aurrera gutxienez lau hilabete pasatuko dira epaiketa egin aurretik. Litekeena da urtebetetik gora pasatzea epaiketa egin baino lehen.

Desobedientzia zibilaren aldeko apustua egin duzue orain arte; apustu hori berresten duzue?

Bai. Abiadura handiko trena astakeria da ingurumenaren kontra eta lurraldearen antolamenduaren kontra, are gehiago oraingo krisi egoeran. Orain arte ez dute batere informaziorik eman proiektuari buruz, eta gure protestaren bidez eztabaida mahai gainean jarri dugu. Mugimenduarentzat sekulakoa izan da, jendeak eztabaidatu ahal izateko. Desobedientzia tresna ezin hobea da.

Eta orain zer?

Argi izan behar dugu obra gelditzeko garaiz garela oraindik. Informazioa duena AHTaren kontra da. Eztabaidari eta protestari eutsi behar diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.