Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaileak esan du ezker abertzaleak ETA arbuiatu behar duela, prozesuaren amaiera ETAren agiriarekin lotu duelako eta agiri hori iristen ez delako. Agiririk ezean, hauteskundeetan parte hartu nahi badu, hitza berriro ezker abertzalearena dela gaineratu du. "Ezker abertzaleak jokaldi guztia egin, baloia ETAri pasa eta horrek jaurti izan ez balu bezala gertatzen da", esan du.
Espainiako Gobernuaren jarrera eta legedia nola dagoen ikusita, beste aukerarik ez duela aurreratu du Aranak Onda Vasca irratiari eskainitako elkarizketan. ETAren eta haren agirien zain egoteaz aski dela esan du: "Ezker abertzaleak esan dezala apustu bat egin duela eta apustu horretan ETAk lekurik ez duela". Gainera, ezker abertzaleko kideen adierazpenetan, Txelui Morenorengan, aldaketa bat nabaritu duela esan du, etsita baleude bezala.
Otegi eta beste bederatzirentzat Bateragune auzian egin duten hamar urteko zigor eskaerari dagokionez, esan du Justiziaren erabakiak eta eginbehar politikoak nahastea ez dela ona. "Askotan kontraesanetan aritzen gara gero, Justiziari bultzada politikoa izatea leporatzen baitiogu, baina, 'zentzu onez', Anoetako mitinagatik absolbitzen duenean zer esan ez dakigula geratzen gara". Edozein modutara, Otegiren aurkako salaketak haren ekintzekin eta hitzekin ez datozela bat esan du. Auzitegi Nazionalak erabaki behar duela gaineratu du, baina, aldi berean, auzitegi horretan konfiantza oso gutxi duela.
Politika
Agiririk ezean ezker abertzaleak ETA arbuiatu behar duela dio Mikel Aranak
Ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartu nahi badu, hitza berriro hartzeko eskatu dio Ezker Batuko koordinatzaileak, agiriaren zain egon gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu