Bi gutun jaso zituen Old Martinek hamar eguneko tartean, Euskal Herritik Boiseko etxera bidaliak. Beltza eta Iharra lagunen heriotzen berri eman zioten eskutitzek —gaztetako apustu baten ondorioz elkarren etsai bihurtu ziren bi gizonak—. Ameriketara artzain joana zen Agirre, eta hiru urtean hartutako gutun bakarrak izan ziren horiek, baina migranteak ez zion hori guztia azaldu Jimmy bilobari, «English kaskarra» zuelako.
Bernardo Atxagak idatzi eta Antton Olariagak 1985ean marraztutako Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian nobelako pertsonaia nagusia dugu Old Martin. Gutunak bizirik zeuden haren denboran. Eskuz sortuak, postaz igorriak. Beste garai batzuk ziren. Nork idazten ditu eskutitzak egun? Inor gutxik. Hori dela eta, Danimarkako posta konpainia nazionalak zerbitzua eskaintzeari utziko dio 2025. urtea bukatzearekin batera. Horren arrazoia: mendea hasi zenetik erruz jaitsi da eskutitz kopurua: % 90. Hori dela eta, posta zerbitzu publikoa itxi egingo dute 400 urtean funtzionatzen ibili ondoren. Herrialdeko 1.500 postontziak udan hasi ziren kentzen. Abenduaren 31n garraiatuko dute azken gutuna Danimarkan. Zer izango da? Gutun arrunt bat? Edo Christmas, Eguberrietako postal berandutu bat? Nork bidaliko du? Nork jasoko?
Jadanik ez dugu gutunik idazten. Azkar baino azkarrago komunikatu nahi dugu, segundo milioiren batean. Ez gara konturatzen denbora bizia baino luzeagoa dela. «Zuek erlojua duzue, guk denbora», dio Afrikako atsotitz batek. Orain dena momentuan bidali eta momentuan jaso gura dugu. Nola egongo gara bi edo hiru astean gutun baten zain! Franz Kafkak Milenari idatzitako gutunak irakurri besterik ez dago behinolako sentimendu, bizipen horietaz jabetzeko: «Zeinen ederra, zeinen ederra, Milena! Zeinen ederra! Ez naiz zure gutunari buruz ari, (asteartekoa), hura diktatu duten bake, konfiantza eta baretasunari buruz baizik» (Praga, 1920ko abuztuak 28, larunbata). «Gaur zure bi gutunak eta karta ilustratua. Gutunak dardarka ireki ditut» (Praga, 1920ko irailak 14, asteartea).
Azkar baino azkarrago komunikatu nahi dugu, segundo milioiren batean. Ez gara konturatzen denbora bizia baino luzeagoa dela
Antzina, komunikazioak eta gutunek bazuten beste erritmo bat. Mantsoagoa. Denboraren gatibuak ez ginen ilusioa ematen zuten. Bidaltzeko uneak eta lekuak ere garrantzia zuten. Gutuna garaiz helduko ote zen: Irundik igorri eta 6-7 egunean iristen zen Munichera. Hendaiako tren geltokiko postontzian eguerdirako sartuz gero, bi, gehienez hiru egunean ailegatzen zen. Edo inoiz helduko ote zen: lagun batek liburu bat, euskaraz idatzia, bidali zidan Alemaniara. Bidean galdu zen. Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari non eta noren eskuetan bukatu zen ale hura. Eta zergatik.
Beste alde batetik, aspaldiko gutun-azal haien tamainak, formatuak, koloreak eta abarrek igorlea zein zen esaten ziguten: herritar xume bat edo erakunde publiko edo pribatu bat. Marra urdin eta gorriak zituzten eskutitzak hegazkinez aireratzen ziren —horixe saltzen ziguten, behintzat—. Eta gutun-azalaren ertzetako marra beltzak dolua adierazten zuen.
Gutunek beste esanahi berezi bat ere zuten zenbaitetan. Zer jarri, hori ere erresistentzia sinbolikoa izan ahal zen, baliogabea, baina zerbaiten adierazgarria. Eskutitzak atzerritik bidali eta, España edo Spain barik, Euskal Herria edo Basque Country idatzi helbidean. Eta iritsi egiten zen, batzuetan berandu bazen ere. Gutuna Europaz kanpotik igorriz gero, zuhur jokatu beharra zegoen: via France edo via Spain jarri eta kito. Eta zigiluak? Ze poza diktadorea edo hark ezarritako erregea buruz behera ipinita! Despiste hark bazuen errebeldia puntu bat, txatxua, baina kaikua janztearena baino handiagoa, esango nuke.
Urtearen azkenak azkena emango die gutunei Danimarkan. Prozesua hasi baino ez da egin munduan. Noizbait bukatuko da. Etorkizuneko beste eguberri batzuetan, agian. Orduan Jimmy Agirreren bilobak azken Gabonetako postala idatziko dio Boisen Olentzerori. Euskara kaskarrean. Eta the last Christmas card Santa Clausi. English dotorean.