Goiz honetan egon dira Baionako auzitegian Plantoun auzoko okupazioagatik epaituriko lau herritarrak. Berehalako kanporaketa eskatu du etxebizitzaren jabe den HLM Egoitza sozialen Erakundearen abokatuak. Hori onartzen ez balitz, kanporaketa aitzin soilik 24 orduko epea exijitu du. Laurence Hardouin auziperatuen abokatuak haatik, bertan egoteko eskubidea exijitu du. Hori ez balitz onartzen, kanporaketa aitzin bi hilabeteko epea galdetu du. Agorrilaren 14an jakinen da epaia eta anartean, bertan segituko dute bi okupatzaileek. Nahiz lau izan epaiturik, Hartzea Lopez eta Carine Courtade dira bakarrik okupatzaile, Jean Luc del Campo eta Jenifer Audy elkartasuna erakusteko ziren etxean, polizia etorri zenean ekainaren 8an.
Anartean, elkarrizketa eskatzen dabiltza okupatzaileak. HLM erakundetik ez dute erantzunik jaso oraindik. “Hitzarmen prekario bat eskatzen dugu, okupatzaileen eta jabeen artean hitzarmenak lortzen dituzte hainbat tokitan, ez dugu beste munduko gauza bat eskatzen”, zion auzitegitik ateratzean Hartzea Lopez Arana okupatzaileak. Epaia bitartean, bertan segituko du.