Agostini, L'Huillier eta Krausz Fisikako Nobel saridun

Atomoetako elektroien dinamikak ikertzeko metodo bat sortu dute. Oso gutxi irauten duten argi pultsuak erabili dituzte elektroiak ikertzeko

Fisikako Nobel sariaren irabazleak iragarri zituen atzo Suediako Zientzien Akademiak. ANDERS WIKLUND / EFE.
Julen Otaegi Leonet.
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Zientzien Suediako Errege Akademiak Fisikako Nobel saria eman die Pierre Agostini, Ferenc Krauszk eta Anne L'Huillier ikerlariei. Atomoen eta molekulen barruko elektroiak ikertzeko «tresna berriak» sortu dituzte. Horien mugimendua eta energia aldaketak atzemateko metodo esperimental bat garatu dute: attosegundoak —segundo baten trilioirena— irauten duten argi pultsuak erabili dituzte. Prozesu horiek denbora eskala oso txikian gertatzen dira, eta, metodo horren bidez, prozesuen irudiak lor daitezke.

«Saridunen ekarpenei esker, lehen jarraitu ezinezkoak ziren prozesu azkarrak ikertu ahal izan dira», esan du akademiak. «Attosegundoen fisikak» aukera emango du elektroiek gidatzen dituzten mekanismoak ulertzeko. Elektronikan eta medikuntzan erabilgarria izan daiteke, Eva Olsson Fisikako Nobel sariaren kontseiluko presidenteak azaldu duenez.

1987an, L'Huiller ohartu zen argia sortzen zela gas nobleei laser infragorria eman ostean. Horrek atea ireki zien hurrengo aurkikuntzei. 2001ean, Agostinik lortu zuen 205 attosegundo irauten zuen argi pultsu bat sortzea; Krauszek, berriz, 650 attosegundokoa.

Pierre Agostini Ohioko Unibertsitateko irakasle emeritua da (AEB); Ferenc Krausz Optika Kuantikoko Max Planck Institutuko zuzendaria da, Alemanian; eta Anne L'Huillier, bestalde, Suediako Lund Unibertsitateko irakaslea da.

L'Huillier Fisikako Nobel saria irabazi duen bosgarren andrezkoa da. Marie Curie izan zen lehena, erradiazioa ikertzeagatik (1903); Maria Goeppert Mayer bigarrena, atomoen nukleoa deskribatzeagatik (1963); Donna Strickland hirugarrena, intentsitate handiko laser bat sortzeko teknika garatzeagatik; eta Andrea Ghez laugarrena, Esne Bidearen erdian zulo beltz bat aurkitzeagatik (2020).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.