Aguilarrek «ankerkeriaz» jokatu izana zalantzan jarri dute auzitegi medikuek

Hil zituen emakumeei sufrimendua eragin zien arren, «handiagoa» izan zitekeela azaldu dute.Sendiek, ordea, ankerkeria frogatutzat dute

Juan Carlos Aguilarren kontrako epaiketaren hirugarren eguna izan zen atzo. LUIS TEJIDO / EFE.
Erredakzioa
Bilbo
2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ada Otuya berehala hil izan balu, itotzearen oinazea saihestu ziokeen». Bost auzitegi medikuk deklaratu zuten atzo Bilbon Juan Carlos Aguilarrek Ada Otuya eta Jenny Rebollo hiltzean tema ankerrez jokatu zuen erabakitzeko. Medikuetako batzuek zalantzan jarri zuten, hain zuzen, hilketetan larrigarri hori egon zenik: bi emakumeei sufrimendua eragin zien arren, «askoz ere handiagoa» izan zitekeela azaldu zuten.

Ostiralean onartu zuen Aguilarrek 2013. urtean Ada Otuya eta Jenny Rebollo jipoitu eta hil egin zituela; esan zuen, ordea, ez zela tema ankerrez aritu. Datozen egunetan, epaiketaren ardatz izango da, hain zuzen, hori erabakitzea. Ada Otuyak koman eman zituen egunetan artatu zuen medikuak atzo azaldu zuenez, emakumeak «kable edo soka batek» eragindako zimurrak zituen lepoan, eta erredurak beso eta hanketan. Medikuaren ustez, ordea, ez dago baieztatzerik «gehiegizko sufrimendurik» eragin ziotenik. «Bortizki» jo zutela esateko, «lesio handiagoak» izan behar lituzkeela azaldu zuen, bestalde, beste mediku batek.

Jenny Rebolloren kasuan, mediku auzitegiak ez daki zehazki Aguilarrek nola hil zuen, baina indarkeria zantzuak atzeman dituzte haren gorpuzkietan. Emakumea hil eta gero, haren hilotza zatikatu zuen Aguilarrek, eta hori nola egin bazekien, medikuen iritziz. Horretarako denbora luzea hartu zuen, gainera, jakinarazi dutenez.

Auzitegi medikuak ez ezik, Ertzaintzako teknikari bik ere deklaratu zuten atzoko saioan. 2013ko maiatzaren 25eko gaueko zenbait argazki topatu zituzten Aguilarren argazki kamera batean; izaera sexuala duten Jenny Rebolloren argazkiak daude tartean. Irudietan beste emakume batzuk ere agertzen dira. Emakume horietako batzuekin harremanetan jartzea lortu badute ere, ez dituzte guztiak aurkitu. Clara Campoamor elkarteak guztiak bilatzeko eskatu du.

50 urteko zigorra

25 urteko espetxealdia eskatzen jarraituko dute, Ada Otuyren familiaren abokatu Jose Miguel Fernandez Lopez de Uraldek jakinarazi duenez; izan ere, frogatutzat dute Aguilar «tema ankerrez» aritu izana hiltzerakoan.

Jenny Rebolloren familiak 20 urteko zigorra eskatuko du: «Dugun arazoa da ez dakigula nola hil zuen (Rebollo); Ada bai. Eta izan daiteke Jenny hiltzean patroi bera erabili izana», azaldu zuen Juan Carlos Aguilar familiaren abokatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.