Agur esan du Mintegik

Legebiltzarkide kargua utziko du EH Bilduko eledunak irailean, «arrazoi pertsonalengatik».Lehendakarigai aurkeztu zen 2012ko urrian

Mintegi, 2012ko abenduan, Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioan. J. RUIZ / ARP.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko etapa «amaitutzat» eman du Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak. Irailetik aurrera legebiltzarkide izateari utziko diola iragarri du, «arrazoi pertsonalak» direla tarteko. Ezustean eman du erabakia, inor gutxik espero zuenean. Gutun batean iragarri du agurra EH Bildukoak. Adiorik ez izenburupean idatzi du eskutitza: «Garai bati amaiera emateko unea heldu da, eta beste bati hasiera ematekoa», esan du. Irailean, eserlekua utzi eta unibertsitatera itzuliko da Mintegi. Lehendakarigai aurkeztu zen 2012ko urrian; bi urte egin ditu legebiltzarkide karguan, eta esperientzia «oso aberasgarria» izan dela esan du. Agurrean dioenez, EH Bilduren egitasmo politikoari heldu zion «ilusio berberarekin» jarraituko du politika bizitzen. Hemendik aurrera, baina, unibertsitate eta kulturgintzaren esparrutik.

Aro bati bukatu du Mintegik; baina berak dioenez, ez du «tourra» bukatu. Hitzeman du lanean jarraituko duela ezkerreko politiken alde: «Ezkerreko jendeak badaki erantzukizun politikoa norberarena dela, ardura ez dela delegatzen eta norbanakook kontsekuente izan behar dugula gure ideologiarekin». Ezkertiarra soilik ez, independentista ere bada Mintegi, eta, dioenez, independentista guztiek «dema polita» dute aurrez aurre, eta «auzokoekin zein inguruko estatuekin» zein harreman nahi duten erabakitzera deitu ditu.

EH Bilduk eskerrak eman nahi izan dizkio Mintegiri «hainbatetan erakutsi duen konpromiso, ardura, profesionaltasun eta ekarpen militanteagatik». Bi urte hauetan asko eman diela azaldu du koalizioak, ohar batean. Aurrerantzean ere haiekin jarraituko duela azaldu du Mintegik, nahiz eta bestelako eremuetatik egingo dion bere ekarpena «Euskal Herriaren nazio eraikuntzari». Koalizioak ez du jakinarazi nor izango den eledun berria aurrerantzean.

Doktore, irakasle, idazle

Lizarran (Nafarroa) jaio zen, 1955ean, EH Bilduko bozeramailea; baina haurra zenetik bizi da Bizkaian. Historian lizentziaduna eta Psikologian doktorea da, eta, 1981az geroztik, EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika saileko irakaslea ere bai. Irakasle ez ezik, idazlea ere bada Mintegi, eta euskaltzain urgazlea.

Eusko Legebiltzarrean eman zuen aurrenekoz politikara jauzia, baina aurretik aurkeztu izan du bere burua hauteskunde zerrendetara. 1987 eta 1989ko Europako Parlamenturako bozetan HBko hautagaia izan zen, eta 2011ko Espainiako hauteskundeetan Amaiurreko zerrendetan joan zen Senaturako.

Duela bi urteko hauteskundeetan EH Bilduko lehendakarigai izendatu zutenean, sinetsita zegoen lortuko zuela. «Noski», erantzun zion BERRIAri, bere burua lehendakari ikusten ote zuen galdetuta. Baina ez zuen Ajuria Enera «anbizio pertsonalagatik» iritsi nahi, ezta «egonean egoteko» ere. «Politika bera» aldatzeko izan nahi zuen lehendakari, horixe zuelako obsesio:«Bestelako politika bat egin nahi dugu».

Liskarrak albo batera utzi eta elkar ulertzea helburu nagusi izan du Mintegik bere karguan, eta horretarako akordioa lanerako eredu bilakatu du. Tematu izan da horretan. Elkarrizketa eta hitza aldarrikatu ditu eserlekutik, konpondu beharreko gaien inguruan akordio zabalak lortzeko eskua luzatuta. Eta tonu patxadatsua eta goxoa erabili du horretarako, baita aurkariekin ere, oihurik egin gabe. Elkarlanerako eskua luzatuta esan du agur: «Prest nauzue nire garautxoa eskaintzeko, erizain, dendari edo irakasle gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.