Derrigorrezko soldaduskarekin ez zela bukatu militarismoa. Antimilitaristek behin eta berriro gogorarazi dute, baina derrigorrezko soldaduska bukatu zen —hamar urte bete ziren abenduaren 31n—, eta talde antimilitaristak desagertuz joan ziren. Intsumisioa izan zen elurrezko bola handia urtu egin da.
KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak 200 bat ekintzaile eta Kakitzat talde antimilitaristak beste horrenbeste eduki zituzten 1990eko hamarkadan; eta ugari ziren tokian tokiko taldeak ere. Orain hiriburuetan gelditzen dira antolaketa bakan batzuk, gutxi gehiago: KEMeko taldeak, Bilbon eta Iruñean; Kakitzat-enak, Bilbo inguruan; Gasteizkoak, Arabako hiriburuan; Bardeako plataforma eta sortu berria den Bardenas Ya, Nafarroako Erriberan.
Bidea Helburu taldeak gonbidatuta, talde antimilitaristetako ordezkariak batu ziren Donostiako Bakearen Etxean, abenduaren 10ean. Herrialde Katalanetako kontzientzia eragozle aitzindariak, mugimendu antinuklearrean ibilitakoak, bakezaleak, nazioarteko gerren kontrako ekintzaileak... 50 bat lagun denera, antimilitarismoaz gogoeta egiteko batu ziren, Franco diktadorearen udako egoitza izandako jauregian, urrian nazioarteko bake konferentzia egin zen toki berean.
Euren taldea krisian dela aitortuz hasi zen Gasteizkoak taldeko Antonio Escalante: «Gizarteak antimilitarismoaren gai batzuetan sakontzeko egin dugu ahalegina: ez dugu lortu». Duela hogei bat urte sortu zen Gasteizkoak, gastu militarra eta euskal industria militarra ikertzeko. Gastu militarraren jarraipena egiteak ja ez duela zentzurik uste du Escalantek, azkenean, aurrekontuetan zehaztutakoa baino gehiago gastatzen delako beti —Espainiako Defentsa Ministerioak, esaterako, %15 handitu zuen aurrekontua iaz, urrira arte—. Industria militarrari dagokionez: «Langileek soldata nahi dute, berdin zaie zer ekoizten duten». Kontrol sozialaz: «kamerak, txipak... eskatu egiten ditu jendeak».
Antimilitarismoaren helburu gehienak eskuratzeke daudela uste du Escalantek, eta taldeak «eroso» ikusten ditu. Urterik urte, ekintzak errepikatzen dira: kuarteletara martxak, objekzio fiskalaren kanpainak... Eta errepikapenarekin eraginkortasuna galtzen da, ezustekorako gaitasuna galtzen den neurrian. Gaitza ez dela antimilitarismoarena bakarrik, orokorra dela uste du Escalantek, eta sumatzen du badagoela «sindikatu ofizialen» gisako talde bihurtzeko arriskua, «sistemaren berme», alegia. Mugimendua , gainera, «ia-ia ez da berritu» hamar urtean.
Bizkaiko taldeek samurrago ikusten dute lanean jarraitzeko aukera. Bilboko KEM 1970eko hamarkada erdialdean osatu zen, eta soldaduska bukatu eta gero ere jarraitzen du lanean, geroztik «oihartzun mediatiko txikiagoa» badu ere. Solokoetxeko kuartelera 23. martxa antolatu zuten iaz, objekzio fiskala bultzatzen, arma industria eta finantzaketa salatzen, kontrol sozialaren aurka egiten, gerrak kritikatzen... jarraitzen dute. Antzeko gai agendarekin ari da lanean Bizkaiko Kakitzat. Abenduaren 29an Bilboko Gobernu Militarraren aurrean ospatu zuten soldaduskaren bukaeraren hamargarren urteurrena, BBVAren aurkako plataforman esku hartzen du, bizikleta martxa bat antolatzen du arma industria salatzeko... «Uste dugu esfortzu gutxirekin jarrai dezakegula kalera ateratzen», adierazi du Oscar Aranda Kakitzat-eko kideak.
Bere neurrian bada ere, mugimendu antimilitaristak lanean jarraitzen duela nabarmendu du Fernando Mendiolak, Iruñeko KEMeko taldeko kideak, eta tartean badirela «ekintza interesgarriak». Esaterako, plataforma bat aurkeztu dute abenduan Iruñean: Banca Civica Armarik Gabe (www.bancacivicasinarmas.org). Israelgo armadarekin lan egiten duten enpresetan inbertsioak ditu Banca Civicak. «Beraz, Palestinako zibilen aurka erabiltzen diren armak ekoizten dituen enpresetan», Mendiolak dioenez. Bankuan aurrezkiak dituztenei ateratzeko eskea egin diete. Ausartzen ez denak aukera du bulego zuzendariei kexa idatzi bat aurkezteko. Aurten ekintza hori zabaltzekoak dira.
Armada, sostengua irabazten
Azken hamar urteak zailak izan direla onartu du Mendiolak, hala ere. «Intsumisioarekin mugimenduak izan zuen aukera bat helburu antimilitaristak plazaratzeko, eta armadari legitimitatea kentzeko. Hori lortu zen neurri batean». Baina, intsumisioaren «tresna» galduta, armadak asmatu du, «sektore batzuetan behintzat», sostengua irabazten. Hala uste du Mendiolak. Espainiako armadak, profesional bihurtuta, nazioarteko esku hartzeei ekin zien, mezu humanitarioa zabalduz.
Egungo egoerak ere ez du lagundu: «Azken urteetan, militarismoa indartu egin da munduan, neoliberalismoaren gorakadarekin batera». 2001eko irailaren 11ko erasoen ostean gobernuek zabaldu duten «beldurraren kultura» ere ez du lagungarri ikusten. Adibide gisa, aipatu du «indar prebentiboaren erabilera, torturaren apologia, Polizia indartzea, preso kopuruak gora egitea eta giza eskubideen bermea gero eta txikiagoa izatea» ekarri duela horrek. Somalian arrantzaleak babesteko militarrak erabiltzeari buruzko eztabaida ere gogorarazi du. «Munduan egoera kaskarragoa da, eta gurean mugimendu antimilitaristak indar gutxiago du. Ukaezina da».
Abenduaren 10eko jardunaldietako parte hartzaile baten adierazpenek erakusten dute mugimenduaren kezka non dagoen: «Kasko urdinak dira ez-bortitzak. Poliziak, sakabanatzen gaituenean, haiek dira ez-biolentoak. Diskurtsoa jan digute. Uste dut gazteek ez dakitela militarismoa existitzen denik ere. Indarkeriarik eza kalera atera eta zeharkako moduan landu behar litzateke». Horixe da mugimendu antimilitaristako kide batzuen artean piztutako kezka: gizartea desmilitarizatzeko, zer da premiazkoago? Antimilitarismoaren «gai klasikoak» landuko dituen mugimendua indartzea? Edo indarkeriarik ezaren gainean oinarritutako praktikak eta teoriak hedatzea?
Biak beharrezko ikusten ditu Iñaki Otamendi Bidea Helburuko kideak: «Mugimenduak erabaki behar du zer egin, talde bakoitzak. Bidea Helburukoak ez gara inor [hori erabakitzeko], baina badugu kezka bat: antimilitaristek ez badituzte kontu batzuk egiten, ez ditu inork egiten». Kontu horiek zeintzuk diren ere zehaztu du: gastu militarra, nazioarteko gerrak eta egitura militarrak, eraikin militarrak, gatazkak konpontzeko bideak, Polizia gastua, armagintza, gizartearen militarizazioa... Pertsonalki ari dela ñabartu du Otamendik: «Uste dut mugimendu antimilitarista bat egotea interesgarria dela, gai horiek lantzeko. Eta gero, aparte, iruditzen zait interesgarria litzatekeela indarkeria ezean oinarritutako borroka bideei eta haien filosofiari buruzko entrenamenduak eta hausnarketak egitea, borroka errealekin lotuta. Baina hori ezin da dekretuz sortu, batzuek beharra ikusten dutelako edo dugulako».
Gipuzkoako Kakitzat-en kide izandakoa da Otamendi; taldeak 2001ean egin zituen azken ekintzak, eta garai hartan hasi zen antolatzen Bidea Helburu, «indarkeriarik ezaren eta desobedientzia zibilaren oinarri teorikoak eta esperientzia praktikoak» ezagutzera emateko. Joxemi Zumalabe fundazioa eta desobedientzia zibila «kriminalizatzeko» ahalegin betean sortu zen taldea. Gainera, Lizarra-Garaziko itunaren garaia bukatu berri, bazirudien desobedientzia zibilak tresna baliagarri izateari utzi ziola bat-batean, Otamendiren hitzetan. Egoera horretan sortu zen Bidea Helburu, eta hamar urte egin ditu. Abenduko jardunaldia izan du azken ekitaldi publikoa. Dena den, indarkeriarik gabeko ekintzei buruzko informazioa zabaltzen jarraituko du taldeak, webgunearen (www.bideahelburu.org), Indarkeriarik gabeko 500 ekintza liburuaren, eta grabatzen ari den dokumentalaren bidez.
«Ezkorrak izateko motiboak»
Antimilitarismoaren geroa ilun ikusten du Otamendik: «Ezkorrak izateko motiboak badira. Gure ongizatea —ongizate esaten duguna— gero eta lotuago dago beste herrialdeetan gure interesak defendatzeko beharrarekin, eta horretarako, militarrak beharrezko dira. Batzuetan giza laguntzaren mozorro pean, besteetan mozorrorik gabe, indarraren erabilera gero eta normalagoa izango da, gure interesak babesteko, eta gizartea hori onartzera eta justifikatzera irits daiteke».
Egitura militarrek gizarte ereduari eusteko duten indarraz mintzo da Fernando Mendiola ere: «Aberastasunaren banaketa, nazioarteko krisia, baliabideen gaineko presioa, petrolioa... Gure sistema armadekin defendatzen da». Antonio Escalantek ere beharrezko jotzen du «gizartearen oinarriak» zeintzuk diren konturatzea: «Militarren eta polizien kontra jotzea estatuaren biolentziaren monopolioaren kontra egitea da, eta estatuak ez dio horri edonola uko egingo». Urrunago eraman du hausnarketa Escalantek, derrigorrezko soldaduska bukatu ote zen ere zalantzan jarriz: «Ofizialki desagertu zen, baina egunero egiten dugu soldaduska, kakiz jantzita ez bada ere». Seinalatu du soldaduskaren balio berak hedatzeko modu berriak—hezkuntza, masterrak, hipotekak...— bilatu dituela aginteak, gizartea otzantzeko: «Gure bizitzak gizarte zerbitzu iraunkor bihurtu ditu botereak».
Horregatik guztiagatik, militarismoak etorkizunik baduela uste dute. Eta, beraz, «zoritxarrez», antimilitarismoak ere baduela zer eginik. Horretan bat datoz. Nondik ekin, horra galdera. Eta bakoitza bere kasa ari da erantzunak bilatzen. Fernando Mendiolak, Iruñeko KEM taldeaz: «Argi ikusten ari gara gastu militarrarena garrantzitsua dela, eta indar handiagoa egiteko asmoa dugu». Krisiaren «aitzakian» gastu sozialak murrizten direla baina gastu militarra ia ez dela ukitzen zehaztu du: «Uste dugu badagoela sentsibilitatea gastu militarrari guraizeak sartzeko». Horrekin batera, eskubide sozialen, hezkuntzaren eta osasunaren alde ari diren taldeekin elkarlanean aritzea beharrezko ikusten du: «Mezu antimilitarista gizarteratzeko, beste taldeekin egin behar dugu lan».
Beste jende eta mugimendu batzuekin elkarlanean aritzeko beharra Antonio Escalantek ere ikusten du: «Hemengo armagintza kritikatzea, adibidez, ezin da izan antimilitarismoaren zeregina bakarrik». Ekonomia sozialaren inguruan, bankuen inguruan... «hausnarketa interesgarriak» egiten ari direla eta antimilitarismoak ikuspegi orokorragoz lan egin behar duela uste du. «Antimilitarismoak indar gutxi du. Jarraitu nahi badugu, halako hausnarketak egin beharko ditugu».
Otamendi ez da dagoeneko mugimendu antimilitaristaren barruan ari, baina badu iritzia: «Armada gure garapen ereduaren tresna bat da. Orduan, aldatu behar dena gizarte eredua da. Antimilitarismoak arreta erakartzen jarraitu behar du, baina gizarte eredua aldatu behar da, eta horretan beste mugimenduekin batera ekin». Horretaz aparte, armagintzari buruzko «kanpaina eraginkorrak» antolatzeko aukerak ikusten ditu: «Interesgarria litzateke Euskal Herria Produkzio belikorik gabeko herrialde izendatzea».
Mendiolak nabarmendu du intsumisioa «desobedientzia eskola» izan zela, borroka molde horiek gaur egun ere baliagarriak direla eta antimilitarismoak, agian, horretan egin dezakeela ekarpen bat. Are gehiago gaurko egunean, politika egiteko modu bakarra politika instituzionala egitea dela pentsatzeko joera zabalduko ote den arriskua ere sumatzen baitu. Talde antimilitaristetan dabiltzanek esperientzia pilatu dutela uste du Escalantek, eta gainerako gizarte mugimenduetan ere baliatu daitekeela esperientzia hori. «Jendeak boterea bere eskuetan hartzea», hori da gakoa, haren ustez; auzolana; batzarra. Mezua gaurkotzea, antimilitarismoa beste gizarte arazo batzuekin jostea, aliantzak bilatzea; hortik suma liteke etorkizuna, argi baino itzal gehiagorekin bada ere.
«Soldaduskaren bukaeran goia jo genuen», aitortu zuen Patxi Asparren Bidea Helburuko kideak abenduaren 10eko topaketetan, Donostian. Baina han bertan zen Pepe Beunza Herrialde Katalanetako lehen kontzientzia eragozlea ere —1971n egin zen eragozle—, armadari kontra egiten hasi zirenean gutxiago zirela gogorarazteko: «Eraldaketa sozialerako eskola handia izan da intsumisioa. Indarkeria sistemaren tranpa bat da, gauzak alda ez daitezen, eta uste dut aldaketa erreala izan dadin oinarri batzuk jarri ditugula. Milaka izateko, gutxi batzuek hor jarraitu behar dute». Derrigorrezko soldaduskarekin ez dela bukatu militarismoa, alegia.
Antimilitarismoa
Agur, soldaduska; kaixo, militarrak
Antimilitaristen eragina apaldu egin da soldaduska bukatu zenetik, eta militarismoarena handitu, aldiz. «Zoritxarrez», mugimendu antimilitaristak badu etorkizunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu