A/H1N1 gripearen aurkako lehen txertoak medikuei jarri dizkiete Iparraldean

Uzkur hartu dute Gobernuaren erabakia osasuneko langileek, eta informazioa eskatu dute

Aitor Renteria.
Baiona
2009ko urriaren 21a
00:00
Entzun
A/H1N1 gripearen aurkako txertatze kanpaina abian da Ipar Euskal Herrian. Frantziako Gobernuak iragarri bezala, lehenik osasun arloko langileek hartu dute txertoa. Erietxeen harrera gaitasunari kalterik ez egiteko, lehenbizi txertatuko dituztenak haur sortu berrien suspertze lanetan diharduten langileak izanen dira, gripea daukaten eriekin harremanetan daudenekin batera. Bi alditan jarriko dira txertoak, hiru asteko epean. Langileei ez zaie inposatzen txertatzea. Frantziak 94 milioi txerto erosi ditu.

Frantziako Osasun Ministerioak azaldu duenez, kanpainaren helburua bikoitza da. Batetik eriak ez kutsatzea bermatu nahi dute eta, beste alde batetik, eriei harrera egiteko gaitasuna osoki atxikitzea. Osasun arloko lehen multzoa txertatu ondoren jarraituko dute txertatze kanpainarekin baina hori ez da gertatuko Omiasaindu baino lehen.

Konfiantzarik eza nagusi

Osasun arloko langileek ez dute bero hartu txertatze kanpaina. Gripeak ez du oraindik hartu iragartzen zuten eragina. Gizartean ere, iritziak ez dira txertoaren aldekoak. Ipsos etxeak egindako inkestaren arabera, biztanleen %65k ez dute txertoa hartzeko asmorik. Osasun pribatuko medikuen artean ere, joera bera dago, eta bitik batek adierazi du ez duela txertoa hartzeko asmorik.

«Txertatze kanpaina dela eta, agintariek konfiantza eza eragin dute osasungintzako langile eta gizartearengan;gehiegizko kanpainen ondorioz jendeak ez du sinesten larrialdia horren handia denik», adierazi du Jean-Marie Le Guen, Pariseko erietxe publikoetako arduradunak.

Frantziako erizainen elkarteak ere ez du begi onez hartu txertatze kanpaina. SNPI CFE-CGC elkartearen iritziz, kalte handirik eragin ez duen eritasunaren aurka txertatzea arriskutsua izan daiteke. Txertoa oso epe laburrean egin dela nabarmentzen dute. Jendea milioika txertatzean, immunitate arazoak sor daitezkeela gogorarazi dute.

Aurretik Erresuma Batuko eta Hong Kongeko erizainek erakutsitako kezkei atxikita, Frantziako erizainen sindikatuak uste du sendabideak gaitzak baino kalte handiagoak eragin dezakeela. Pandemiak krisia eragin dezake eta horren aurkako antolaketa egokia izan dela aitortzen dute.«Baina txertoak ez du gibelera egiterik eta 94 milioi pertsona txertatzeak osasun arazoa eragin dezake». Informazio guztia eman behar dela esan dute erizainen sindikatuko eledunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.