Martxoak 8. Greba feminista

Ahalduntzearen biharamuna

Irudi ikusgarriak utzi zituen Martxoaren 8ko greba feministak, antolatzaileak ere harritzeraino. Hiru aste geroago, lortutakoaz eta lortzeko dagoenaz hausnartzeko elkartu dira hiru feminista, nor bere ikuspegitik: herri mugimendutik, erakunde publikotik eta migratzaileen perspektibatik.

JON URBE / FOKU.
Samara Velte.
Donostia
2018ko apirilaren 03a
00:00
Entzun
Donostiako Emakumeen Etxean jarri dute hitzordua. Hiru aste igaro dira berrehun metro harago Bulebarra emakumez bete zenetik; eta, hura bezala, Euskal Herriko beste hainbat etorbide. Martxoaren 8ko «bestondo emozionala» baretuta, aurrera begira daude jada grebaren antolaketan parte hartu zuten hiru emakume: Zaloa Basabe Gutierrez, Lore Lujanbio Etxeberria eta Luciana Alfaro Lavado. Espazio eta esparru desberdinetatik etorri arren, berehala sortu dira etorria eta konplizitatea: Martxoaren 8ari jarraipena emateko nahiak lotzen ditu.

Egun batzuk igaro dira grebatik. Zein sentsazio dituzue orain?

LORE LUJANBIO ETXEBERRIA: Egunean bertan, emozioa, indarra eta poza. Hurrengo egunetan ere oso harro nengoen Euskal Herriko emakumeez eta mugimendu feministaz, eta orain ere denok gabiltza asimilatzen, eta ikusten nola jarraituko dugun honi heltzen; halako kontzientzia batekin, hau hasi besterik ez dela egin.

LUCIANA ALFARO LAVADO: Antolaketan aritu garen guztiontzat izan da zirraragarria, baina baita antolaketan egon gabe ekintzetan parte hartu dutenentzat ere; akaso manifestazioetan ikusi ohi ez dugun jende hori... Uste dut horrek indar handia eman diola Martxoaren 8ari. Horrekin zerbait egin behar dugu.

ZALOA BASABE GUTIERREZ: Ni ere pasatu naiz lilura horretatik, eta orain ikusmin pixka batekin nago. Itxaropen handiarekin, baina tentsioarekin, uste dudalako erronka bat dela hemendik aurrera antolatzen asmatzea, gure espektatibak ez daitezen frustratu. Greba horrek ez du zerikusirik izan XX. mendean eremu produktiboetan izan direnekin, eta arrakasta neurtzeko, ez dute balio adierazle tradizionalek. Horregatik, orain guri dagokigu greba horren arrakastaren irakurketa politikoa egitea eta prozesuari berari garrantzia ematea. Prozesuan ikusi dugu feminismoak nolako gaitasuna duen antolatuta ez dagoen jendea interpelatzeko. Beste mugimendu batzuk klase interesen arabera antolatu dira, edo greba sektorialak izan direnean, eremu zehatzen arabera. Baina, kasu honetan, feminismoa gai izan da emakume oro interpelatzeko, parametro konplexuagoetan: ekonomian, baina baita ere harreman asimetrikoak dauden eremu guztietan. Eta, nire ustez, hori feminismoak bakarrik egin dezake.

Martxoaren 8ko irudiak ezustekoa izan ziren?

L. L. E.: Bai, niretzat bai, eta, hitz egin dudan gertuko militante askorentzat ere bai. Nik pertsonalki uste nuen jende dezente bilduko zela, baina ez horrenbeste. Gainera, antolaketa deszentralizatuaren aldeko apustua egin genuenez, beti geneukan irudipena leku bakoitzean gutxixeago egongo ginela. Baina ez: ikusi genuen apustu hori sakona bada —eta ez bat-batean aldatzea lekuz, ez badago auzo edo herri horretan lanketa bat— eraginkorra dela. Ni Bulebarrera iritsi nintzenean, adin eta bandera askotako emakumez beteta zegoen; ez ginen kabitzen, eta nik ez nituen nire lagunak aurkitzen: pasatzen nintzen, eta ez zegoen inor ezaguna. Hori ere berria izan da mugimendu feministarentzat.

Z. B. G.: Ezezagunak, baina, aldi berean, begirada konplize pila bat. Oso hunkigarria izan zen.

L. L. E.: Bai, esaten dut jende berriaren sinbolo gisa.

L. A. L.: Nik ere uste dut deszentralizazioa izan dela gakoetako bat, espazio berriak sortu direlako. Debagoienean [Gipuzkoa], adibidez, herriz herri antolatu ginen, baina eskualde osorako ekintzak ere egin ditugu. Sare hori sortzea ere interesgarria izan da.

Z. B. G.: Iruñean, goizeko mobilizazioa Sarasaten izan zen, eta arratsaldekoa, Gazteluko plazan. Hori feminismoaren ezaugarrien erakusleiho bat izan zen: aniztasunaren balioa, intersekzionalitatea, horizontaltasuna, konplizitatea, indarra... Batzuek betiko lotuko dituzte horiek feminismoarekin. Eta, gero, «begira» esateko modu bat izan zen. Aurreko egunetan, modu oso paternalistan aritu zitzaizkigun arlo guztietatik: «Ez dakit ongi egiten ari zareten», edo «baina hitz egin duzue sindikatuekin?», «baina ez da ondo ulertzen», «ez dakit ondo planteatuta dagoen lau ardatzena»... Paternalismo horrek izugarrizko kuestionamendua islatzen zuen. Beraz, grebarekin esan dugu: «Begira, ez duzue gugan sinetsi, baina guk bai, sinetsi dugu». Hurrengo egunetan, gozatu egin nuen ikusten nola saiatzen ziren hainbat eragile politiko eta sozial diskurtso ortopedikoak epe laburrean sartzen; lekuz kanpo geratu dira.

L. L. E.: Egia da greba feministaren nozioa sortzen ari garela, eta normala da hasieran aldaketa garaiak izatea. Baina entzuten nuen gauza bat zera zen: «Jakina! Hain erraza da grebara batzea: zapi morea jarri, eta ez da argi geratzen zein ari den greban eta zein ez». Noski: izan ere, greba ez dugu ulertzen egun bateko konfrontazio une gisa. Greba egunero berrasmatu behar dela esaten ari gara, gatazka eremua etxea ere badela, aldaketa edo iraultza prozesu gisa ulertzen dugula... Helburuak askotan zenbakitan bakarrik ulertzen dira, baina niretzat greba honetan onena izan da grebak berak sortu dituen sareak, indar erakustaldia bera eta kalea gure sentitu dugula.

Uste duzue grebaren formatuak erraztu diela feminismoarekin identifikatuko ez ziren emakume askori parte hartzea?

L. A. L.: Niretzat, pedagogia egiteko beste tresna bat da greba. Lortu du jendeak kalean, tabernetan eta azokan hitz egitea grebak kuestionatzen zituen gaiei buruz. Autobusean entzun zenitzakeen: «Grebara joango zara?», «denak omen doaz». Eta telefonoz deitzen ziguten materiala eskatzeko. Jendeak bere buruari galdetu dio zer egin behar ote genuen haur eskolekin, eta hori ezinbestekoa izan da zaintzaz, kontsumoaz eta hezkuntzaz eztabaidatzeko. Horretarako balio izan du. Nolanahi ere, emakumeen beste sektore bat ez da interpelatuta sentitu, hain zuzen ere, greba formatua zelako: emakume arrazializatuak, prekarioki eta hitzarmenik gabe lan egiten dutenak, eta ezin direnak kalera atera. Baina horretarako ere balio izan du deialdiak, haien ahotsa ere sentitu dutelako espaziootan.

Z. B. G.: Greba irudikatzean, beti gizonezko langilea etortzen zaigu burura: historikoki, subalternoen edo desjabetuen aktibaziorako tresna izan da. Feminismoak definizio berri bat proposatzen du: gu ere subalterno eta desjabetu bihurtu gaituela patriarkatuak. Protagonismoa eta lidergoa mugimendu feministarena izan da argi eta garbi, eta greba kudeatu ohi duten eragile tradizionalek —sindikatuek, esaterako— barne lanketa bat egin behar izan dute horra batzeko. Greba honek halako kutxa bat ireki du, feministek aspalditik irekita zeukatena, eta galdera asko utzi ditu airean. Polita izango da ikustea zer egiten dugun guztiok galdera horiekin aurrerantzean: sindikatuek jarraituko ote duten euren aktibaziorako grebak bakarrik eremu produktiboan planteatzen, herritarren erdiek eskatzen badute beste parametro batzuetan planteatu behar dela.

L. L. E.: Euskal Herriko sindikatuetan ari dira duela urte batzuetatik ikuspegi feminista sartzen, eta ez bakarrik emakume gehiago egoteko, baizik eta mugimendu feministak hartu duen indarragatik. Greba eguna mugarri bat izan da, lagundu duelako ulertzen mugimendu feministak garrantzi eta indar handia daukala, bai langile borrokan edo kapitalismoaren aurkakoan, bai Euskal Herriko mugimendu emantzipatzaile baten ikuspegitik.

Luciana, zuk nolakoa esango zenuke izan dela greba hau emakume migratuentzat? Feminismotik askotan sumatzen den zailtasunetako bat da, hain zuzen ere, hor sareak sortzea.

L. A. L.: Erronka garrantzitsua da, baina ez da erraza. Muga sorta bat dago hor, batzuetan ikusten ez duguna. Ez gaituzte ikusten, hain zuzen ere, gure sareetan bertan existitzen den arrazakeria ikusten ez dugulako. Horrek ez du esan nahi ez dagoenik ahalegin bat hori ebazteko, baina hasieran matxismoarekin bezala gertatzen da: orain guztiok gaude aktibatuta eta ohartzen gara zer den matxismoa, baina arrazakeriarekin lana daukagu egiteko oraindik. Egia da badirela emakume zuriak sektore prekarizatuetan, baina beste gorputz batzuek Atzerritartasun Legea bizi dute, eta gorputz zuriek, ez. Niri greba hau gustatu zait, errepikatu dugulako feminismoak ez duela soilik matxismo borrokatzen: arrazakeria ere borrokatzen du. Hortik, gure diskurtsoak jar ditzakegu zalantzan, eta beste emakume batzuen errealitatea ikusaraz dezakegu. Izan ere, arazoa globala baita, horregatik atera dira kalera Argentinako, Peruko eta Boliviako emakumeak ere. Kuestionatzen ari garena da sistema bera dagoela gaizki.

Kritika feministaren ikuspegi global hori ondo ulertu dela uste duzue?

L. A. L.: Lanean jarraitu behar dugu, baina ozen oihukatu dugu «ez sistema kapitalistari, ez kolonialismoari, ez arrazakeriari, ez heteropatriarkatuari». Oihukatu dugu. Hala ere, atzo irakurri nuen gizon gazte baten artikulua, esanez ez zuela ulertzen kapitalismoaren eta feminismoaren arteko lotura. «Hori ausardia», pentsatu nuen.

Z. B. G.: Ezjakintasunaz bandera egitea: beti feminismoarekin egiten dute, eta, gainera, pedagogia egin behar dugula esaten digute. 200 urte baino gehiago daramatzagu-eta pedagogia egiten! Ez ulertze hori, funtsean, erresistentzia adierazteko modu bat da. Ez da ezjakintasun kontzeptual bat, eta, gainera, ez daukate inolako lotsarik esateko ez dutela ulertzen. Marxismoarekin, adibidez, ez zaie bururatuko esatea: «Bada, nik gainbalioaren kontu hori ez dut erabat ulertzen». Benetan uste duzu arazoa gure marko teorikoarekin dagoela? Betiko erresistentziak adierazteko beste modu bat da: haiek ezartzen dute lubaki bat, ez esateko «ez nago ados zurekin» —hori, antza denez, oso gaizki ikusita dagoelako—, baina bai «ez dakit konbentzitzen ote nauen ulertzen ari naizenak». Orduan, feministek esfortzu handiarekin eraikitako diskurtso eta praktikak fribolizatzen dituzte. Baina euren ezinegon hori beste nonbaitetik dator.

L. L. E.: Guztiz ados nago esaten duzunarekin. Ezker mugimenduetan gizon zuri langilea izan da subjektu unibertsala. Orain jende askok esango du: «Hara, berriro arraro hitz egiten ari zara». Bada, oso erraz esango dut: erdikoa eta zure errealitatearen arabera eraiki den planteamendua. Gizon zuri ezkertiarrek egin behar dituzten gauzetako bat hori onartzea da, eta onartzea feminismoak gizarte osoarentzako planteamendua egiten duela, ez dela emakumeen gauza bakarrik. Hortaz, ez duzula ulertzen kapitalaren eta patriarkatuaren, arrazakeriaren eta kolonialismoaren arteko aliantza? Hamar mila adibide daude. Francok, Euskal Herrian industrializazioa eta kapitalismo eredu hau garatzen hasi zirenean, jarri zuen lege bat, zeinaren arabera emakumeek, ezkontzen zirenean, ezin zuten soldatapeko lanik eduki. Hor argi ikusten da gizarte eredu bat jartzen ari zela: gizona soldatapeko lan industrialean, emakumea etxeko lan doakoetan. Eta gaur egun ere argi eta garbi ikusten da sustatzen dela emakume migranteek mantentzea gure zaintza sistema, ahal bada paperik gabe eta egoera ahalik eta prekarioenean. Botereguneetatik planifikatutako aliantza bat da: legeek eta politikek herrialde batzuetako emakumeak onartuko dituzte, eta besteak, ez.

Esanguratsua da M-8aren ostean zenbat artikulu argitaratu dituzten gizonek grebari buruz...

Z. B. G.: Oso gaizki daramate. Ez ditugu bakarrik kaleak okupatu: diskurtsoak eta elkarrizketak ere okupatu ditugu. Eta haiek oso deseroso sentitzen dira horretan: izan ere, guk okupatzeko, haiek mugitu egin behar dira bai ala bai. Hori ulertu behar da. Ez du balio esatea: «Hemen nago eta ez naiz mugituko, baina zein jatorrak zareten». Mugitu behar duzu, hori da kontua. Nik uste dut nahasmen hori agerikoa izan dela, adibidez, greba eremu mistoetan azaltzen genuenetan eta hasten zitzaizkigunean: «Eta gu, zer? Noiz sartuko gara?». Ene! Nik sinesten dut haiek egon behar dutela euren hausnarketak egiten, baina lehenengo lerroan ez egotearen beldur hori ere badago.

Greba igaro ondoren, sumatu duzue halako jarrera paternalistarik erakunde eta enpresen partetik? Esate baterako, hasieran grebarekiko konfiantzarik erakutsi ez zuten enpresek erabakitzea euren langileei ez dietela grebako dirua kenduko.

L. L. E.: Egia da hainbat instituzio mota daudela. Baina justu gizon zuri burgesaren aldeko politikak egiten dituzten alderdiek diskurtso hutsal bat erabiltzen dutenean politikoki zuzen geratzeko, nahiko irrigarri geratzen dira, eta hori seinalatu behar dugu. Emakumeei kapitala lapurtzen ari dira, esplotazioa bermatzeko politikak egiten, atzerritartasun legeak eta halakoak: ez dute sinesgarritasunik. Guk horiek erabili behar ditugu gure proiektua indartzeko: sare sozialetan, adibidez, umore handiz seinalatzen da euren hipokrisia eta erridikulu puntu hori.

Z. B. G.: Ni oso instituzio txiki batean nago, Iruñeko Udalean. Uste dut hasi behar dugula ikusten batzuetan instituzioak ere izan daitezkeela tresna eraginkorrak, hain zuzen ere inzidentzia politikoa finkatzeko edo egonkortasun bat emateko kaleko gure aldarrikapenei, betiere argi izanda mugimendu feministak daukala protagonismoa egun horretan [Martxoaren 8an]. Udala atzean kokatu zen, baina egia da instituzio publikoek aukera asko dauzkatela praktika eredugarriak hartzeko. Gure kasuan, adibidez, giza baliabideetatik planteatu ziguten greban galdutako dirua antolatzaileentzat izango zela. Halako gauza txikiak dira, udal batean sekula egin ez direnak. Egia da: faltsukeria asko dago, baina, komunikabideekin ere gertatu zaigun bezala, instituzio batzuk ere aliatu edo tresnatzat jo behar ditugu. Guk, gainera, tresna guztiak behar ditugu, eta nik ez nioke bakar bati uko egingo.

L. A. L.: Gizarte mugimenduak eta instituzioak bi espazio erabat desberdin dira. Niretzat, greba hau mugimendu feministarena izan da. Akaso erakunde batzuk hurbil egon daitezke, baina bi espazio dira.

L. L. E.: Argi dago gidaritza mugimendu feministak izan behar duela. Egitura horizontaletan eta behetik gorako antolaketan sinesten badugu, horrelako egitura publikoak ere nahiko ditugu, baina badakigu, orokorrean, gaur egungo egitura publikoak kapitalaren pilaketarako eta gizon zuri burgesaren onerako antolatuta daudela. Uste dut nire belaunaldia badela halako berdintasun formal batean jaiotakoa, baina feministok esaten ari gara berdintasun hori gezurra dela: legeek eta egitura politikoek beti sortzen dute gizarte mota bat edo beste.

Hain zuzen ere, esanguratsua izan zen Martxoaren 8an zenbat emakume gazte zeuden. Lehen baino errazagoa da orain feminista gisa agertzea?

Z. B. G.: Egia da guk bageneuzkala alarma gorri batzuk piztuta, oso nabarmenak zirenak. Matxismoaren etengabeko mutazio eta egokitzapen prozesu horren ondorioz, seguruenik orain beste alarma gorri batzuk dira. Herriko jaiak datozkit burura: orduan lau katu ginen eraso sexisten aurka protestan. Bestelako pantaila batean geunden. Edota gazte lokalean borrokatu behar izan genuen, eta azaldu behar genuen zergatik bazkaria soilik neskendako zen. Gaur egungo neskek beharbada beti izan dute Eraso sexistarik ez itsasgarria, edo ezagutu dituzte neskendako guneak, baina antzeman behar izan dituzte matxismoaren eta patriarkatuaren beste adierazpen batzuk. Lan hori dezente ongi egiten ari dira, eta eurak kalean ikustea zirraragarria iruditzen zait. Gainera, patriarkatuarekiko hain bizipen desberdinak ikusi zirenez, horrek izugarriko dimentsioa ematen dio. Agian neska gazte horiek sufritzen dituzten zapalkuntzak ez dira nik sufritzen ditudanak, baina guztiak toki beretik datoz: guztiek adierazten dute matxismoaren poliedrikotasuna. Batzuek esango digute diskurtso konplexuegia daukagula, baina errealitatea ere oso konplexua da, eta zentzugabea da gure diskurtsoak sinplifikatzea.

L. A. L.: Gazteak kalera atera badira, zerbait sentitzen dutelako da. Ez da soilik ikusten edo aditzen dutena edo modan dagoena, baizik eta sumatzen dutelako euren gorputzetatik gustatzen ez zaien zerbait pasatzen ari dela.

L. L. E.: Nik poza sentitu nuen, bistan da, belaunaldi artekoa izan zelako. Baina galdera bat egingo nizuke zuri [Alfarori]: esaten duzu kostatzen dela emakume migranteekin aliantzak egitea. Nola ikusten dituzu «bigarren belaunaldia» deitzen zaion horrekiko aliantzak?

L. A. L.: Antolakundeetan badaude jada «bigarren belaunaldietako» gazteak, nahiz eta niri ez zaidan gustatzen horrela deitzea. Arrazializatutako emakume gazteak dira: euskaldunak izan arren, arrazakeria bizi dute. Errealitate hori hor dago. Egia da aliantzak osatzeko tresna bat gehiago dutela, eta uste dut erabiltzen dutela. Bestalde, badira errealitate anitzetako emakumeak biltzen garen espazioak, eta horietako bat da Emakumeen Mundu Martxa. Espazio horretan ez da egon inor integratzeko proiekturik —gauza horiek, egiaz, ez dutelako funtzionatzen—; aitzitik, migratutako emakumeok sentitu dugu espazio hori guretzat ere badela. Batzuetan, emakume migratzaile bat agertzen denean, feministak oso pozik jartzen direla sumatzen dut, euren lanaren fruitua balitz bezala. Baina ez da hala: parte hartzen ari garen emakumeok espazio horiek geure ere sentitzen ditugulako da. Bergaran, eskualdeko ekintza egin genuenean, taldekoak ez ziren bi kide kolonbiar agertu ziren: «Hemen gaude, gure afixa dakargu». Guk ez genuen ezer egin haiek integratzeko, deia irekia izan zen; eurek entzun zuten, eta etxeko lanak eginda etorri ziren.

Z. B. G.: Hor jauzi bat ikusten da. Lehengo politikek espazio integratzaileak planteatzen zituzten; orain, espazio inklusiboetara igaro behar dugu. Izan ere, integratzeaz ari garenean, integratzen duen subjektu bat dago eta integratua den beste bat, baina gure jokamoldea inklusiboa da: denok gaude hemen. Hori bada beste ekarpen bat feminismoak egin diezaiokeena gizarteari.

L. L. E.: Gazteei buruz ari garela: askotan hitz egiten da feminismoak lorpenak egin dituen edo ez. Egia da, espazioaren arabera, batzuetan iruditzen zaidala aldaketa asko izan direla, eta gero joaten naiz institutu batera eta ikusten ditut izugarrizko botere harremanak... Baina, hor sartu gabe, uste dut feminismo erradikalak —diskurtso hutsal horiei lekurik uzten ez dienak— irabazi duela legitimitatea. Nik hori bizi izan dut 16 urte neuzkanetik hona. Haiek esan beharko dute, baina orain 16 urte dituzten emakumeek badute desberdintasun bat nik bizi izan nuenarekin alderatuta.

Z. B. G.: Nik uste dut feminismoaren potentzialitate osoa ikusteko dagoela oraindik, eta hortik etor daitekeela legitimazio edo errespetu hori. XX. mendean ziurtzat jo ziren lorpen sozialak galdu direla ikusi dugu, eta horrek beste borrokak deslegitimatu ditu. Feminismoarena ikusteko dago.

L. L. E.: Feminismoak badu oso erakargarria izan daitekeen gauza bat: egunerokoan aldaketa pila bat egin ditzakezula, zure bizitzan sartzen dela, harremanetan, eta abar. Hori potentzial moduan ikusten dut, baina esan duzuna ere bai: bestelako atzerapausoak egin diren esparru horietan izan dezakeen gaitasunari dagokionez, ikusi beharko dugu. Agian, gure kontraesan eta zailtasun guztiekin, gerta daiteke atzera egin beharra egituratutako militantzia feministan. Feminismoa egin dezakezu zure bizitzako esparru guztietan, sare sozialetan eta abar, eta militantzia eredua aldatzen ari da, baina antolatuta egotea beste gauza bat da. Alde horretatik, erronka da militantzia hori ere erakargarri bihurtzea.

Asko hitz egiten da asteotan pilatutako indar horri eta tokian tokiko sareei jarraipena emateko beharraz. Ausartuko zinatekete esaten zeintzuk izan daitezkeen horri jarraipena eman diezaioketen oinarri politikoak edo helburuak?

L. L. E.: Esango nuke orain balorazioak egiten ari garela, eta hori ere behetik gora: herrietan, auzoetan, hiriburuetan eta nazio mailan. Helburu bat da prozesuak metodologia horrekin egitea, gero batzeko eta hor eztabaidatzeko zein proposamen politiko landu nahi ditugun.

Z. B. G.: Honi jarraipena emateko, adierazle berriak sortu beharko ditugu. Balorazioak ez ditugu soilik egiten plano kuantitatiboan, orain arte eremu produktiboan egiten zen bezala: «Zenbat? Zenbat?». Gure kasuan «nola?» ere bada. Aliantzak, azken finean, beti-beti estutzen dira lanean, edo borrokan. Niri asko gustatzen zait lelo feminista bat: Aditu eta aritu. Hori izan behar da gure leloa egun hauetan jaso duguna mantentzeko.

L. A. L.: Aditu eta aritu?

Z. B. G.: Aritu da... sakontzen joan, baina eginez. Esango bagenu bezala: «Ez harrotu analisiak egiten, azkenean aliantzak elkartuz sortzen baitira». Nik, egun hauetan, Whatsapp taldeetan neuzkan emakume askori ipini diet aurpegia, ez nituzkeenak halako gauza subertsibo batekin identifikatuko. Hemendik aurrera, feminista gisa identifikatuko ditugu auzokide asko. Eta konplizitate hori ez galtzeko dinamikak sortu behar ditugu.

Orain arte, grebak berak funtzionatu du kohesio elementu gisa: mundu guztia grebara zihoan. Hemendik aurrera zerk bete dezake funtzio hori?

L. L. E.: Gauza bat da funtzionatzea orain daukagun dinamika artikulatzaile horretan, eta beste bat mantentzea halako deialdiak egiteko indarra. Bateratu behar ditugu halako egun ikusgarriak, jendea animatzen dutenak, eta aldi berean eguneroko jarduna: egituratuago dagoena, oinarri sendoagoa osatzen duena eta politizazio sakonagoa edo konplexuagoa eragiten duena.

Z. B. G.: Greban agertu da kudeatzeko zailtasun handiak eman dituen gai bat: zaintza edo bizitza erdigunean jartzea esaten denean, horrek zer dakarren. Ez dakit zuen herrietan nola izan den, baina gure auzoan etengabe galdetzen zen nork hartu behar ote zituen haurrak. Bizitza erdigunean jarri behar dela esaten dugunean, hasi behar dugu identifikatzen zaintza lanetan bizi ditugun ezinegon horiek guztiak ez direla nire arazoa edo zurea: ez ditugu jan behar, bota baizik, guk hartu ditugulako baina kanpotik etorri zaizkigulako. Goazen gure zaintza lanetatik datozen kontraesan guztiak politizatzera, nondik datozen identifikatu eta konponbidea kokatzera. Zenbat aldiz esan dugu emakumeok gure gauzei buruz hitz egiten hasten garenean terapia egiten ari garela? Hasi behar genuke elkarrizketa horiei asanblada deitzen. Guk ere patologizatu ditugu gure ezinegonak: «Lagunekin terapia egitera noa». Ez, asanblada egitera zoaz, gai horiek guztiak erabat politikoak direlako.

L. A. L.: Zaintzaren gaian daude erronkarik handienak. Atzo bertan, adiskide batek esan zidan: «Ni ere ahaldundu naiz egin duzuenarekin. Izugarri motibatu naiz, eta nik espazioak behar ditut gertatzen ari zaidanaz hitz egiteko». Seme bat dauka, eta soilik lanera joateko utz diezaioke bere amari; ez militatzeko, ogitarteko bat jateko edo korrika egiteko. Horregatik, espazioak behar ditu ulertzeko gertatzen zaiona ez zaiola soilik berari pasatzen. Bizi dugun errealitate horren elementu komunak kanpora ateratzeko beharra dago.

Z. B. G.: Ez da kasualitatea feminizazioak eta prekarizazioak errima bera izatea.

L. A. L.: Hori da. Emakume migratzaileokin ere gauza bera gertatzen da: zergatik espazio feministak hasieran ez dira erakargarriak guretzat? Bertan eztabaidatzen diren gaiak, sarritan, ez direlako emakume migratzaileen gorputzetatik igarotzen. Nik neuk izan dut esperientzia hori, hona etorri nintzenean: nire herrian feminista nintzen, eta hona iristean uste nuen feminismoa ahizpatasun moduko bat zela. Baina ohartu nintzen ezetz, nire kideek bizi ez dituzten egoera batzuk bizi ditudalako. Baina horrek ez du esan nahi espazio hori ez denik niretzat: bertan egon behar dugu, ulertarazteko badirela beste gorputz batzuek bizi dituzten beste indarkeria batzuk.

L. L. E.: Emakumeak arraza, klase, nazio, sexu praktika... dena delako guztietan gaude. Gainera, ez dugu emakume izaera hori ulertzen heteropatriarkatuak planteatzen duen modura, eta binarismoa bera indarkeria gisa ulertzen dugu. Ondorioz, ezin dugu arrazista edo kapitalista den feminismo bat defendatu; izan ere, nahi eta nahi ez beste emakume batzuk zapalduko ditu beti. Leku pribilegiatu batean dagoen emakume batek feminismoa erabiltzen badu bere pribilegioak mantentzeko, esan behar da: «Hori ez da feminismoa, beste emakume batzuen gainetik jartzen zarelako». Kontua ez da diskurtsoa koherentea den edo ez: ni zapaltzeko erabiltzen ari bazara, ez da askatzailea, eta kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.