Lasa eta Zabala 40. urteurrena. La Cumbre

AHANZTURAK HAR EZ DITZAN

Lau hamarkada bete dira GALek Lasa eta Zabala Baionan bahitu zituenetik. Donostiako La Cumbre jauregira eraman zituzten, eta han galdekatu eta torturatu. Eraikin hura udalaren esku geratuko da laster, eta eragileek eskatu dute estatuaren biktimek jasandakoa oroitzeko gune «eroso» bilakatzeko.

Instrukzio epailea, La Cumbrera autoan iristen. ANTONIO ALONSO / EFE.
Iosu Alberdi.
Donostia
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«1983ko urriaren 15ean pertsona horiek Baionan egon ziren, Jose Antonio Lasa Arostegi eta Jose Ignazio Zabala Artano jarraitzen, eta, 00:30 aldera, jada hilaren 16an, Tonneliers kalean bakarrik ikusi zituztenean kotxerantz joaten, eraso egin zieten, immobilizatzea lortu eta euren autoetan sartu; eta, haiek ezkutatuta, muga pasatu eta Donostiara iritsi ziren». Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiaren arabera, La Cumbre zuten helmuga. Jauregi hura urte batzuk lehenago geratu zen Barne Ministerioaren esku, eta Lasa eta Zabala etakideak galdekatzeko eta torturatzeko gune bilakatu zuten, Busotera (Herrialde Katalanak) eraman eta hil aurretik. Haiek izan ziren GALen lehen biktimak. Espainiako estatuaren gerra zikinaren ikur, lau hamarkada geroago memoria gune bilakatzea du patua eraikinak, bertan gertatutakoa ahaztu ez dadin.

Ikusi gehiago:Kronologia

Espainiako Kongresuak iazko uztailaren 14an onartu zuen Memoria Demokratikoaren lege proiektua, eta, Senatutik pasatu ostean, lege berria urriaren 19an argitaratu zuten Espainiako Aldizkari Ofizialean. Argitalpen hark atzerako kontaketa bat ere hasi zuen, legea aurrera ateratzeko negoziazioetan PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk eginiko akordioa tarteko. Haiek adostu zuten Ezkabako gotorlekua eta La Cumbre jauregia «memoria demokratikoa berreskuratzeko, zaintzeko eta zabaltzeko» gune bilakatzea. Horretarako, urtebeteko epea ezarri zuten Ezkaba «memoria gune» bilakatzea eta La Cumbre Donostiako Udalaren esku uztea «sustatzeko».

Ezkabari dagokionez, EH Bilduren eta Nafarroako Gobernuaren arteko akordio bat tarteko, Nafarroako Gobernua Madrilekin harremanetan jarri zen, eta urte hasieran bi gobernuek espetxe zaharra memoria gune bilakatzeko lantalde bat eratu zuten. La Cumbreren kasuan, baina, eskualdatze prozesua ez aurrera, ez atzera ibili da denbora luzean. Izan ere, Donostiako Udalak uztailean egin zuen lehen urratsa, legea martxan jarri eta zortzi hilabetera.

Halere, EH Bilduk eta udal gobernuak ez dute bat egiten atzerapen horren arrazoiei erreparatzerakoan. Lehenak «utzikeriaz» aritu izana kritikatu dio Eneko Goia alkateari, eta azken horrek koalizio subiranistari leporatu izan dio ezkutatu izana tramitazioari ekiteko egin beharreko urratsak zein ziren; EH Bilduk ukatu egin du.

Uztailean bertan hasi zen ika-mika. Koalizio subiranistak hilaren 17an interpelazio bat zuzendu zion Goiari, udaleko Ogasun batzordean, lagapenaren nondik norakoen berri eman zezan, eta galdetu zion ea horretarako «eskaera ofiziala» egin zuen. Erantzunean, alkateak esan zuen Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasorekin harremanetan jarri zela gaia jorratzeko, baina ez zuen eskaera egin izana argitu. Horiek hala, afera beraren inguruko mozio bat aurkeztu zuen EH Bilduk, Donostiako Udalak «inolako urratsik» ez egin izana salatzeko eta eskaera bat egitera bultzatzeko: 27an eztabaidatu zuten.

Bilkura hartan, Goiak zalantzan jarri zuen La Cumbre udalaren esku uztea «mesedegarria» ote den, besteak beste, argudiatuta ministro frankisten aterpe izandako eraikin hark Donostiako hirigintzako eta eraikitako ondarea babesteko planean ezarritako babes kategoria gorena duela, eta horrek balizko eraberritze bat baldintzatu dezakeela.

Ikusi gehiago:Horrorea zelan kontatu

Goiak EH Bilduri leporatu zion udal gobernuaren «bizkar» aritzea; haren hitzetan,uztailaren 17an jakin zuten eskaera formal bat egin behar zutela. Erantzun berean, baina, jakinarazi zuen jada egin zutela; zehazki, bezperan. Alkateak gutun bat bidali zion Itxasori, eskatzeko informazioa eman ziezaiola jauregia udalari lagatzeko bete beharreko urratsen inguruan. Erantzunean, Itxasok jakinarazi zion mezua Memoria Demokratikorako estatu idazkaritzari helarazi ziola, hitzarmenaren inguruko negoziazioak uda ostean jorratzeko asmoz.

Bi hilabete baino gehiago igaro dira eskaera hartatik, eta, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren arabera, negoziatzen ari dira oraindik. Donostiako Udaleko iturriek, berriz, azaldu dute oraindik ez dutela egin beharreko bidearen gaineko berri ofizialik jaso. Hau da, udalaren arabera, Espainiako Gobernuak ez dio jakinarazi jauregia «zein baldintzatan eta zein irizpiderekin» lagako lukeen. Hala, argudiatu dute udalak ezin duela zehaztu zein izango den jauregiaren etorkizuna.

Erantzun garatuago bat nahi du, ordea, EH Bilduk. Lagapena gauzatzeko tramitazioa abiatutzat jo du udalaren eta Espainiako Gobernuaren arteko lehen harreman horrekin, eta bihar azalpen gehiago eskatuko dizkio Goiari. Interpelazio batean, galdetuko dio ea «nola doazen gauzak, zein tramitazio berri egin diren, proiektua lantzen hasi ote diren, eta norekin».

Etorkizuna, biktimekin

Behin jauregia udalaren esku utzita, Espainiako Memoria Demokratikorako Legeak ezarritako «izaera finalista» errespetatzea ezinbestekoa da, EH Bilduren eledun Juan Karlos Izagirreren esanetan: hau da, «estatuaren biktimak oroitzeko eta aitortzeko» eremu bilakatzea. Hark uste du Euskal Herrian «hutsune bat» dagoela afera horretan, eta Ezkabako zein La Cumbreko eremuek hura bete behar dutela. Donostiako jauregiaren kasuan, azaldu du gertatutakoa ezagutzeko eta «beste biktima batzuk» egon direla aitortzeko espazio bilakatu behar dela, memoria historikoa «bere osotasunean» lantzeko eta «ez ahaztea eta ez errepikatzea» bermatzeko: «Belaunaldi berriek jakin behar dute zer gertatu zen; giza eskubide batzuk urratu zirela eta horiek ere gatazkaren parte izan zirela».

Hala, EH Bilduko eledunaren hitzetan, La Cumbrek espazio «aktibo» bat izan behar du, eta azaldu du datozen hilabeteetan joan beharko direla proiektua eta haren kudeaketa eredua forma hartzen. Halere, uste du ezinbestekoa dela «hiru hankatan» oinarritzea: Donostiako Udala, Eusko Jaurlaritza eta eragileak. Azken horien artean kokatzen ditu biktimak eta eragile memorialistak.

Ikusi gehiago:Bizitza, beldurraren gainetik

Eragile horietako bat da Egiari Zor. Ainara Estaran kideak La Cumbreren «sinbolismo handiari» egin dio erreferentzia, eta Asun Lasak, Joxean Lasaren arrebak, egindako hitzak gogoratu ditu eraikinak izan beharko lukeena laburbiltzeko: «Behar dugu leku bat non estatuaren biktimak eroso sentituko garen». Horretarako, jauregia zein hura inguratzen duen 17.000 metro karratuko lorategia ireki eta jarduerak egiteko erabiltzea aukera on bat izan daitekeela azaldu du, eta ezinbestekotzat jo biktimen parte hartzea bermatzea kudeaketan.

Egiari Zor-eko kidearen ustez, La Cumbren ezin da gertatu Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko gertaeren inguruko memorialarekin gertatu zena. Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek erakunde publikoek zenbait tirabira izan zituzten, instituzioek memorialaren estatutuak onartu nahi izan zituztelako «biktimek prozesuan parte hartzeko inolako formularik adostu gabe». Beraz, «oreka» bilatzeko deia egin du Estaranek, biktimek «merezi duten pisua» izan dezaten.

Ate bat zabalik

Bada elkarte memorialistek kontuan hartu beharrekotzat jo duten beste elementu bat. La Cumbre eskualdatzeko oinarria Espainiako Memoria Demokratikorako legea da, eta bere hirugarren artikuluan zehazten du legearen eraginpean dauden biktimak direla 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpetik 1978an Espainiako Konstituzioa indarrean sartu bitarte «min fisiko, moral edo psikologikoa, ondare kalteak, edo euren oinarrizko eskubideetan funtsezko kalteak» jasan zituztenak. Halere, EH Bilduk eta Espainiako Gobernuko alderdiek eginiko akordioaren arabera, gobernuak 1983ko abenduaren 31ra bitarteko giza eskubideen urraketei ere erreparatuko die, «aitortza eta erreparazioa» helburu izanik. Testuinguru horretan sartuko litzateke La Cumbre «memoria gune» izendatzeko prozesua ere.

Izagirreren esanetan, zuzenketa horrek «gerra zikinari heltzeko» aukera ireki du, eta, muga bat ezarri arren, estatuaren biktimekiko «aitortza bat» esan nahi du. Horiek hala, La Cumbren diktadura ostean jasandako urraketak ere kontuan hartzearen garrantzia nabarmendu du Estaranek, eta gehitu horretarako legezko mekanismoak ezarrita daudela, 1983tik haratago ere jotzeko; zehazki, Eusko Jaurlaritzaren 107/2012 dekretuak eta EAEko 12/2016 legeak ezarritakoak.

Lehenak, 1960tik 1978ra bitarte «motibazio politikoko indarkeria egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko» dekretua da, eta bigarrenaren xedea izan zen hura 1999ra arte luzatzea, biktimatzat hartuta «giza eskubideen urraketak jasan zituztela egiaztatzen duten pertsona guztiak». Beraz, Estaranek azaldu du lege horiek baliatu daitezkeela «biktima guztiak» kontuan hartzeko, nazioarteko giza eskubideen araudiek diotena kontuan hartuta; La Cumbreren kasuan, frankismo zein demokrazia garaiko estatuaren biktimak.

Horri guztiari forma emateak prozesu luze bat eskatzen du, baina aurrez ere beste lan bat egin behar dela adierazi du Estaranek: «Giltza Donostiako Udalaren esku dagoenean, ondo legoke barrua aztertzea. Agian leku batzuk dauden bezala utzi behar dira». Izan ere, Auzitegi Nazionalaren epaiak frogatutzat eman ez zuen arren, bertan torturatu zituzten bi errefuxiatuak, eta horren aztarnak egon daitezke oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.