Jon Anza (Donostia, 47 urte) militante abertzalea desagertu dela jakinarazi dute gaur arratsaldean haren senideek eta abokatuak, Baionan, Café du Théâtren emandako prentsaurrekoan. Apirilaren 18tik ez daukate haren berririk, eta hipotesirik ez dutela baztertzen agertu dute.
21 urtean preso egon zen Anza, ETArekin lotura izan zuela leporatuta, eta duela sei urtetik Ahetzen (Lapurdi) bizi da. Minbizia dauka eta apirilaren 24an hitzordua zeukan Baionan, medikuarekin. Aurretik, apirilaren 18an, Tolosara (Okzitania) lagun batzuk-eta ikustera joateko Baionako tren geltokira lagundu zion neska-lagunak. Bost egun beranduago artean Ahetzera itzuli ez zela-eta, bikotekidea “kezkatzen” hasi zen eta geroztik Anzaren bila aritu dira, arrastorik aurkitu gabe.
Maritxu Paulus Basurco abokatuak arratsaldean Baionako prokuradorearen aintzinean desagerpenari buruzko salaketa sartu du. Bertan adierazi duenez, Anzaren desagerpenaren inguruan ez dute aukerarik baztertzen. "Ez dakigu zer gertatu den eta, hortaz, kezka dugu". Erantzunak nahi dituztela ere adierazi du, eta justiziari eta gizarteari "Anza aurkitzen lagundu dezaten" dei egin die.
Ahetzen bizi den militante abertzale bat desagertu dela jakinarazi dute
Jon Anzaren berririk ez daukate apirilaren 18tik. Haren senideek eta abokatuak ez dute desagerpenari buruz hipotesirik baztertzen. 21 urtean preso egon zen. Abokatuak salaketa jarri du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu