Bilbora etorriko da Leizaola zazpian» albiste nagusia, eta agurreko oharra alboan: «Egunkari hau itxaron duzuen guztioi. Itxaronaldia amaitzea posible egin duzuenoi. (...) Gure lehen helburua lortu dugu soilik: irailean ateratzea. Eskatu genizuen esfortzuak merezi duela erakustea falta zaigu orain». Hitz horiek azalean azaldu zen Euskal Herriko kioskoetan lehenengo aldiz Egin, 1977ko irailaren 29an. Gaur 40 urte.
Urtebete lehenago hainbat eragilek abiatutako prozesuaren emaitza zen hamabi pezetan saldutako 40 orriko alea. Hedabideetan oihartzunik ez zuten guztien «ahotsa» izateko asmoarekin sortu zen «euskal gizartearen zerbitzura» egongo zen kazeta. Hainbat irizpide adostu zituzten horri begira: Euskal Herriaren nazio ikuspegia izatea, euskara sustatzea, errepresio adierazpen ororen aurkakoa izatea eta alderdi politikoekiko edo talde ekonomikoekiko independentea izatea.
Mariano Ferrer izendatu zuten Egin-en lehenengo zuzendari. Kazetari ezaguna zen, Herri Irratian egindako lanaren ondorioz. Lan eskerga egin zuten Ferrerek eta beste hainbat eragilek: buru-belarri jardun zuten kazetariak kontratatzeko eta proiektua bermatuko zuen adina diru lortzeko bidean. Ferrerrek hainbatetan aitortu du erlojuaren kontrako lana izan zela, eta haien buruari jarri ziotela muga gisa 1977ko iraila. «Presioa izan zen, atzera biderik ez zuen erabakiak».
Herritarren babesa ezinbestekoa izan zen Egin-en sorreran. Milaka lagunek babestu zuten proiektua, diruz lagunduta. Bi mila eta ehun mila pezeta artean ordaintzen zuten, milioi bat pezetara iritsi arte. Milioi bakoitzeko ordezkari bat aukeratzen zuten, zeinak egunkariaren biltzarretan parte hartzen zuen. Herriz herri antolatu zituzten proiektuaren berri emateko eta dirua biltzeko bilerak. 24.000 bat partaidek babestu zuten Egin guztira. Bi sozietate anonimotan egituratu zen proiektua: Orain eta Ardatza.
Proiektuak sortzen zuen «ilusioa» nabarmendu dute beti egunkariaren sorreran aritu zirenek. Hernaniko Eziago industrialdean (Gipuzkoa) ezarri zuten erredakzio nagusia, eta delegazio bana ireki zuten Hegoaldeko hiriburu bakoitzean eta Iparraldean. Aukeratutako inprimatze sistemak eragin zuen buruhausterik hasieran.
EAJren bultzada 'Deia'-ri
Egoera soziopolitiko nahasia zuen Hego Euskal Herriak garai hartan. Franco gorpu zen, baina ez Frankismoa. Aldaketa garaia zen. Subjektu politiko berriak sortzen hasi ziren. Klandestinitatetik atera ziren alderdi politikoak: egituratzen, batzuk elkartzen, besteak hamaika adarretan banatzen... Mugimendua zegoen. Ekainean egin ziren Espainiako Gobernua osatzeko lehenengo hauteskunde demokratikoak, Adolfo Suarezen garaipenarekin. Ordezkaritza eskuratu zuten EAJk —zortzi eserleku— eta Euskadiko Ezkerrak —bakarra—. EEk bozetan parte hartu izanak arrakalak sortu zituen ezker abertzalean, guztiak ez baitziren ados. Horrez gain, urrian egituratu zuten Altsasuko Mahaia, hilabete batzuk geroago Herri Batasunaren sorrera burutuz. Barne eztabaida horiek eragin handia izan zuten Egin-en lehen urratsetan; zailtasunak sortu zituen, plurala baitzen erredakzioa. EEren aldeko kazetariek egunkaria utzi zuten, eta ERE izeneko astekaria sortu zuten.
Magma politiko hori hedabideetan ere islatu zen. Erregimenaren aldekoak ziren ordura arteko egunkari guztiak: El Correo Español, Diario Vasco, La Voz de España... Agenda politikoa aldatu nahi zuten kazeta berriek. Egoera gertutik ezagutu zuen Txema Ramirez de la Piscinak: «Pentsa, La Gaceta del Norte-k bi gurutzeduna erabiltzen zuen ikurrina hitza ez aipatzearren. Zer esanik ez amnistiari eta langileen borrokari buruz, ez zen horren inguruan ezer ere idazten. Agendan sartu behar ziren. Egin-ek ezkerreko ikuspegi batetik egin zuen». Hango langile izan zen 1979tik 1989ra.
Agenda politikoa aldatzeko «giltzarrietako bat» izan zen Egin, Ramirez de la Piscinaren aburuz, baina ez bakarra: «Gizartea bera ari zen aldatzen. Langileen borrokak, preso politikoen askapena, amnistia... Horiek komunikabideetan agertzen hasi ziren». Mugimendu horiei ahotsa eman zien sorreratik Egin-ek.
Anabasa horretan, desagertu egin ziren hainbat hedabide—La Gaceta del Norte, La Voz de España, Unidad, Norte Express...—, eta berriak sortu ziren. Espainian, El País ireki zuten 1976an. Euskal Herrian, Deia argitaratu zuten, 1977ko ekainean. Hiru hilabetegatik hartu zion aurre Egin-i. Herritarren parte hartzea garrantzitsua izan zen Deia-ren kasuan ere, baina EAJren bultzada erabakigarria izan zen. Egin sortzear zela jakinik, jeltzaleentzat garrantzitsua zen haien aurretik argitaratzea. Kolpea izan zen Egin-entzat, proiektua zangotraba baitzezakeen.
Egunkari «deserosoa»
1980ko otsailaren 1ean estreinatu zen zuzendari gisa Jose Felix Azurmendi, Mirentxu Purroi ordezkatuz: «Ispasterreko atentatuaren egunean —sei guardia zibil eta ETAko bi kide hil ziren— eta Saenz de Santamaria Terrorismoaren aurkako Espainiako ordezkari nagusia Bilbora zetorrenean». «Oso erredakzio profesionala» zela nabarmendu du. «Kazetari guztiak tituludunak ziren. Iruñeko fakultatekoak ziren gehienak, gazteak, eskarmentu gutxikoak, baina oso profesionalak».
Langileen artean zegoen «aniztasun ideologikoa» ere nabarmendu du, ezker abertzalearen baitan zeuden ikuspegiak biltzen zituelako. «Ez genuen editorializatzen, albiste bakoitzari ematen genion garrantziaren arabera erakusten genuen gure ikuspegia. Tortura kasuak, euskal presoen, errefuxiatuen eta iheslarien egoera eta estatuen errepresioa hizpide genituen, egunkariaren bera arriskuan jarri gabe». Ramirez de la Piscinak ere nabarmendu du garai hartan Egin-ek ez zuela editorialik, eta azaldu du kazetak «modu aseptikoan» idazten zituela zenbait albiste. 1980ko urtarrilaren 14an Elorrion (Bizkaia) guardia zibil baten aurka ETAk egindako atentatua jarri du adibide gisa. «Lubaki informatiboak sakondu gabe zeuden; gerora etorri ziren, hainbat faktore direla medio».
Azurmendik azaldu du egoera ekonomiko zailean hartu zuela agintea. «Lantaldea bera eta helburuak handiegiak ziren, bideraezinak, eta hori zuzentzeari ekin genion. Eguneko publizitatearen arabera egituratzen genuen eguneko orrialde kopurua; nahiz eta egun batzuetan ez izan kazetariok nahi genuena».
Sorreratik izan zituen diru arazoak Egin-ek; erakundeen publizitate faltagatik, batez ere. 1992tik itxierara arte, kazetaren zuzendari izan zen Jabier Salutregi. «Agidanez, aho batez aukeratu ninduten; baina inork ez zidan esan espetxeraturik amaituko nuenik». Egunkariaren diru iturri arazoak estrategia baten barruan kokatu ditu. «Boterearentzako egunkari deserosoa izan zen Egin sorreratik. Diotenez, hasieratik hizpide izan gintuzten Madrilgo Ministroen Kontseiluetan. Kriminalizazioaren estigma genuen jada».
1980ko hamarkadak aurrera egin ahala, gero eta asaldatuagoa zegoen giroa gizartean, eta are eta deserosoagoa bihurtu zen Egin. «Une batean, Espainiako Gobernu zentralarentzat ez ezik, gogaikarriak ginen Hego Euskal Herriko botere zentralentzat ere —Gasteizko eta Iruñeko gobernuak—». Aski ezaguna da garai hartan Jose Antonio Ardanzak esandakoa: Egin desagertzeak mesede egingo liokeela «higiene demokratikoari».
Salutregiren aburuz, «ekonomikoko ito» nahi zuten egunkaria. «Ez zizkiguten ematen gainontzeko hedabideei emandako diru laguntzak, erakundeek ez zuten publizitaterik jartzen gurean, enpresa handienei gurean iragarkirik ez jartzeko eskatu zieten...». Ataka estu horri irudimenarekin erantzun zion Egin-ek: «Herrietako jaiei buruzko gehigarriak egiten hasi ginen, sagardotegienak... Publizitate moduluz modulu iraun genuen».
Ausartu ziren azkenean
«Ura kentzen ziguten arren, desertuan putzuak aurkitzen ikasi genuen», dio zuzendari ohiak; «basakeria egin zuten arte». 21 urteko ibilbidea indarrez isilarazi zuen polizia operazio batek 1998ko uztailaren 15ean. Baltasar Garzon epaileak agindu zuen itxiera, Jaime Mayor Oreja Espainiako Barne ministroaren eta Jose Maria Aznar presidentearen oniritziarekin. «Ez ginela ausartuko uste al zuten?», adierazi zuen Aznarrek egun horretan bertan, Turkiatik egindako adierazpenetan.
«Gu ekonomikoki itotzea lortu ez zutenez, armen bitartez eraitsi gintuzten azkenean. Legez kanpo, [Espainiako Auzitegi] Gorenak itxieraren kontra egin baitzuen hiru urte geroago». Nolanahi ere, zazpi urte eta erdi eman zituen kartzelan Salutregik. 18/98 sumarioaren barruan epaitu eta zigortu zituzten Egin-eko kideak.
Hernaniko egoitza zaharrera itzuli da aste honetan. Erabat utzita dago erredakzioa. Egoera tamalgarria eraikinaren kanpotik ikus daiteke. Belar txarrek hartu dute eremua, Egin Irratiak erabiltzen zuen antenetako bat lurrean dago, eta burdinazko hesia apurtuta dago alde batean. Erredakzio barruko egoera okerragoa da. «Adierazpen askatasunaren hilobia da. Erabat txikituta dago: hautsa, mahaiak hankaz gora, paperezko bobina ugari, sabaia erorita... Hondakinen erruz, ezin izan nuen nire bulego izandakoan sartu». Amorrua eta pena dago Salutregiren hitzetan: «300 langile legez kanpo kaleratu zituzten. Ez dago eskubiderik!».
«Ahotsik gabekoen ahotsa» izan zen Egin 21 urtez, mutuarazi zituzten arte. Irakurleak, baina, ez ziren umezurtz geratu. «Egin, egingo dugu», ziurtatu zuten langileek, eta hurrengo egunean Euskadi Información egunkaria argitaratu zuten. Gara-k hartu zuen lekukoa ondoren, gaurdaino. Ibaetako egoitzako ordenagailuetako teklen hotsak ordezkatu du Hernaniko errotatibaren burrunba. Bere horretan dihardu, ordea, ondareak: lehen egunetako ilusioak, Egin Egunek, bi hamarkadetan aritu ziren langileek, argitaratutako aleek eta herritarrek sorreratik itxierari aurre egiteko erakutsitako babesak. Ahots propioa izan zuelako Egin-ek.
Ahotsik gabekoen «ahotsa»
Gaur 40 urte argitaratu zuten lehendabizikoz 'Egin' egunkaria. Frankismo amaierak eragindako testuinguru soziopolitiko berrian erregimenaren kazetei alternatiba izateko asmoz sortu zen. Boterearentzat kazeta deserosoa izan zen 21 urtez, Baltasar Garzon epaileak hura ixtea erabaki zuen arte.