Kultura

Ahozko tradizioaren garrantzia nabarmendu du Arejitak Euskaltzaindiko sarrera hitzaldian

Ekitaldi dotorean, Bilboko Udaletxean egin du Adolfo Arejitak Euskaltzaindiko sarrera hitzaldia. Iazko ekainaren 25ean hautatu zuten euskaltzain oso Andolin Eguzkitza zenaren lekua betetzeko, baina ofizialki gaur hartu du kargua. Ahozko tradizioaren garrantzia goraipatu du Arejitak sarrera hitzaldian.

2005eko ekainaren 24a
16:48
Entzun
Finean, ahozkoak idatzizkoari ekar dakiokeen aberastasuna handia dela agertu du Arejitak, eta hiztegiek sarritan ahozko tradizioan guztiz txertatuta dauden hitzak ukatzen dituztela salatu du.

Arejitaren aurkezpena Andres Urrutia euskaltzainburuak egin du, eta, halaber, hark erantzun dio euskaltzain berriaren hitzaldiari. Adiskide minak direla agertu du Urrutiak, eta Arejitari zorionak eman dizkio urteetako ametsa bete duelako.

Ekitaldia goizeko 13:30etan hasi da Bilboko Udaletxean. Nolanahi ere, 09:30etan elkartu dira euskaltzainak Euskararen Akademiaren egoitza nagusian, Bilboko Plaza Barrian. Handik elkarrekin egin dute Udaletxera arteko bidea. Iñaki Azkuna alkateak egin die harrera Udaletxean.

Euskal kulturaren munduko eta politika arloko hainbat ordezkari bildu zire ekitaldian: Lorea Bilbao Eusko Jaurlaritzako Euskara zuzendaria, Gotzon Lobera Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Belen Greaves Bizkaiko Kultura diputatua, Ander Manterola Labayru Ikastegiko zuzendaria, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektorea, Jaime Oraa Deustuko unibertsitateko errektorea, Irune Zuluaga Sabino Arana fundazioko zuzendaria eta Martxelo Otamendi BERRIA-ko zuzendaria, besteak beste.

Arejita Filologian doktore da, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Labayru Ikastegiko Hizkuntza Arloko arduraduna. Egun euskaltzainburu den Andres Urrutiak, Xabier Kintanak eta Joe Luis Lizundiak aurkeztu zuten haren hautagaitza Eguzkitza zenaren ordezko izateko.

Miren Azkaratek, Beñat Oihartzabalek, Pello Salaburuk eta Piarres Xarritonek, berriz, Itziar Laka hizkuntzalari eta EHUko irakaslearen hautagaitza aurkeztu zuten. Nolanahi ere, Arejita lehen itzulian aukeratu zuten.

BERRIA argitaratzen duen EKT enpresako Administrazio Kontseiluko kide ere bada Arejita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.