ABIADURA HANDIKO TRENA. AURKAKO MANIFESTAZIOA BAIONAN

AHT xedea baztertu arte ez dutela amore emanen aldarrikatu dute

CADEk deiturik eta Lapurdiko hiru herri elkargoren sostenguarekin milaka herritar bildu dira Baionako karriketan

Bob Edme.
Aitor Renteria.
Baiona
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
AHT xedea gelditzeko borondate irmoa duela berretsi du CADEk, eta adierazpena indar erakustaldi baten eskutik egin du. Antolatzaileen arabera, 15.500 manifestari bildu ziren atzo Baionako karriketan. Poliziaren arabera, 5.300. Kopuruen ohiko gatazka alde batera utzirik, argi dago AHTaren aurkako mobilizazioa handia dela Lapurdin. Horren adibide nabarmena da hautetsien presentzia manifestazioan. Errobi, Hego Lapurdi eta Errobi-Aturri herri elkargoek CADEren deialdiarekin bat egin eta manifestaziora deitu zuten. Hainbat eragile, alderdi, sindikatu eta elkartek ere deitu zuten manifestaziora, Euskal Herrikoek ez ezik, Landetakoek ere bai.

Manifestazioaren irudi adierazgarririk nabarmendu behar bada, laborarien indar erakustaldia izan zen. 129 traktorek ireki zuten manifestazioa. Euskal Herria ez da salgai, AHTrik ez! zioen traktore batean jarritako banderolak. Goizean abiatu ziren traktoreak, eta Urruñakoek, adibidez, ordu eta erdi eman zuten Baionara heldu ahal izateko. Nafarroa Beheretik ere jin ziren. Oztibarreko laborariek, esate baterako, kamioiez ekarri zituzten traktoreak manifestazioan eurekin parte hartzeko.

Manifestazioa tenorez abiatu zen, arratsaldeko hiruretan, traktoreen eta joaldunen gibeletik. CADEko ordezkariek zeramaten manifestazio buruko banderola. AHTei ez! Xahutzeei ez! Oraingo bidea berritzeari bai! zioen. Jean Grenet Baionako auzapez eta Frantziako diputatuak manifestazioaren ibilbidea aldatzeko eskaria egin zion prefetari. Baina Poliziak ez zuen eragozpenik ezarri, eta manifestazioak ibilbide arrunta egin zuen, Lauga kiroldegitik San Leon itzulgunera, herriko etxera gero, eta suprefetura aitzinean bukatu zen. Hango sarrera itxi zuen Poliziak, eta hitzartzea Paulmy etorbideko bidegurutzean egin behar izan zuten.

Hego Lapurdi herri elkargoko presidente Mizel Hiriartek hartu zuen hitza hautetsien izenean. «Entzuten ez gaituztelako gaude manifestazioan, dioguna egia delako eta parean ez dutelako entzun nahi». Engoitik eginen diren inkestetan hautetsien iritziak eta ekarpenak kontuan hartzea eskatu zuen. Lapurdin AHT bide berrien beharrik ez zegoela azpimarratu zuen.

AHTaren eraikuntza lanetan pairatu diren heriotzak deitoratu zituen Pachonek: «15.500 pertsona atera gara karrikara zentzugabeko xede xahutzaile hau salatzeko». Xedea egiteko, 5.000 euroko zergak ordaindu beharko ditu etxe bakoitzak, ibilbidean egon edo ez, Pachonen arabera.RFFren kopuruak faltsuak zirela nabarmendu zuen, eta ikerketa independenteek erakutsi dutela bide berrien beharrik ez dagoela.



 

Borrokarako keinuz beteriko urteak







2006. Frantzia Hego-Mendebaldeko Egitasmo Handiak erakundearen bidez ikerketa hasi zuen estatuak tren egitasmoei buruz. Bertan plazaratutako datuak auzitan jarri zituzten Berdeek eta CADEk, eta ikerketa independente bat eskatu zuten.

2007ko martxoaren 1a. Susmoak bete ziren; Frantziako Gobernuak tren lasterraren bide berria Landetako ekialdetik egitea erabaki zuen, eta, hartara,Lapurditik igarotzea. Herri kaltetuek eta CADE mugimendu ekologistak xedea geratzeko asmoa agertu zuten berehala.

2008ko martxoaren 9a. AHTari buruzko galdeketa egin zuten Lapurdiko bi herrik, Mugerrek eta Uztaritzek; hiru hautesletik bik egitasmoaren aurkako boza eman zuten.

2009ko otsailaren 10a. Prefetak balizko ibilbide berriaren eremua aurkeztu zuen; trena Mugerretik sartuko litzateke Lapurdira: Milafranga, Hiriburu, Uztaritze, Azkaine, Senpere, Ziburu,Urruña eta Biriatu zeharkatuko lituzke. Geltokiaren kokagunerik ez zuen zehaztu.

2009ko maiatzaren 30a. Michelle Alliot-Marie Frantziako Barne ministroak eta Dominique Bussereau Frantziako Garraio estatu idazkariak Lapurdiko zatian AHTaren biderik ez egiteko eskatu zuten. Egun Lapurdin dagoen trenbide sareak «gainezka» egin arte ikerketakalboratzeko eskatu zuten.

2009ko ekainaren 7a. Abiadura handiko trenaren bide berririk ez zutela nahi adierazi zuten Lehuntze, Milafranga eta Hiriburuk, Europako bozen karietara AHTari buruzko erreferenduma antolatuta.

2009ko iraila. Herri elkargoek hautatuta, ikerketa independentea egin zuen Citek enpresa suitzarrak, eta ondorioztatu zuen Lapurdin egungo trenbideak baliatuz ez dagoela saturazio arriskurik 50 urtean. RFFk aurretik plazaratu datuek sinesgarritasuna galdu zuten.

2009ko urriaren 17a. Manifestazio jendetsua BaionanAHTaren aurka; antolatzaileen arabera, 12.000 lagun. Errobi, Hego Lapurdi eta Errobi-Aturri herri elkargoak batu ziren deialdira, CADErekin batera.

2010eko urtarrilaren 23a. Lapurdi eta Gipuzkoa batu ziren AHTaren kontrako manifestazio jendetsua eginez; Hendaiatik abiatu eta Irunera joan zen. Antolatzaileen arabera, 15.000 lagun batu ziren. BAMeko herri elkargoak ez beste, Lapurdiko gainerakoek sostengatu zuten.

2010eko martxoaren 14a. Baterak egindako galdeketa baliatuz, CADEk antolaturik, egitasmoak zeharkatuko dituen bederatzi herrietan AHTari buruz galdetu zuten: botoa eman zutenen %90 aurka azaldu ziren.

2010eko azaroa. Prefetak zundaketak egiteko agindua igorri zuela eta, mobilizatzeko deia egin zuten.

2010eko abendua. Zundaketak hasi dira. Xedearen aurkako manifestazio handia egin da, berriro ere, Baionan.





Martine Boucher.CADEko kidea
Urte ugari daramatza Lapurdin egin nahi duten trenbide sare berria kolokan jartzen; kalean xedearen aurkako mezua ozen plazaratzea oso garrantzitsua dela dio.

«AHTaren kontrako jarrera gero eta sustraituagoa da, indartsuagoa»







A. Renteria. Baiona

Baionan AHTaren kontra elkartu den jende andanak egitasmoaren aurkako mugimenduari bizi berria emango diola eta, pozik da Martine Boucher CADEko kidea.

Jende ugari bildu da manifestazioan. Datu nabarmena da, hala ere, mobilizazioa Europara zabaldu duzuela. Zergatik?

AHT xedea ez da mugatzen Baiona-Hendaia eta Paris-Madrilera. Europa osoan indarrean ezarri nahi duten eredua da. Euskal Herrian xede horren aurka gauden bezala, Europa mailan ere AHTaren eredua gaitzesten dugu. Han eta hemen, xede horren kontra dauden indarrak bildu ditugu. Joan den urtarrilean AHTaren kontrako hainbat eragile bildu ginen Hendaian, eta itun bat adostu genuen. Maiatzean, Hendaiako ituna eskuan eman genien Europako diputatuei, eta, horrez gain, Europako garraio plangintzari buruzko ekarpen ugari helarazi genizkien. Ildo horretan oinarrituz, bertze urrats bat egitea deliberatu dugu, hainbat tokitanAHTaren aurkako ekintzak eta mobilizazioak antolatuz, egun berean. Indar guztiak biltzea deliberatu dugu Europari ulertarazteko eredu hori baztertu behar dela. AHTaren aurkako protesta ez da oinarritzen eskualde edo herrialde zehatz bateko nahikerian edo norberekoikerian. Eredu bat gaitzesten dugu, guztion indarrak bilduz.

Behetik gora antolatu duzue eredu horren aurkako borroka. Ingurumenaren aldeko elkarteek hasi dute borroka hori, eta, ondoren, bat egin dute Lapurdiko hautetsiek. Eredu horri jarraikiz, sinesten duzue AHT xedea gelditzeko indarra duzuela?

Guk argi dugu. AHTaren kontrako jarrera gero eta sustraituagoa da, indartsuagoa. Oposizioa funtsezkoa da norabide horretan aitzinatzeko. Erabakiak politikoak dira, eta argi erakutsi behar diegu jendeak kontra direla. Baina, horrez gain, nabarmendu behar dugu AHTaren ereduak sabaia jo duela. Ez dira gure hitzak, baizik eta orain artean eredu hori sostengatu duten eragile, erakunde eta hainbat estaturenak, horien artean Brasil, Suitza eta Errusia. Prentsan ere gero eta gehiagok diote AHT eredua ez dela errentagarria, RFFren zorra handitu baino ez duela egiten. Concorde hegazkinaren kasu bera dela diogu. AHT teknologikoki harribitxia izan daiteke, baina errealitatean erokeria baino ez da. Batzuei plazer eginen die, baina elite bat dira. Herritar gehienek ez dute tokirik eredu horretan. AHT eredua birrintzen ari da. Finantzamendu mailan ere, nabarmendu behar dugu xahutze handia ekarriko duela eta hor baliatzen den dirua ez dela bertze nonbait erabiliko.50 urteko zorpetzea eragiten du.

RFFk ez du horrela ikusten eta zundaketa lanei ekin die. Horrek ez al ditu tentsioak areagotuko?

Argi dago baietz. Gure erabakia irmoa da. Xedearen aurka gaude. Gure borroka ez da berria. Bada hamarkada luzea antolatzen ari garela, eredu horren aurkako borrokan. Ez dugu gaur etsiko, eredu hori erortzen ari delarik. Guk ez dugu gatazkarik bilatzen. RFFk aitzina egin nahi du. Prozedura administratiboa betetzeko eskatzen diegu. Gure borroka maila anitzetan ematen da. Prozedurak dio zundaketak egin ahal izateko lurren jabeei egiaztapena duen gutuna helarazi behar diola RFFk. Alta, justizia idazkariak eraman ditu jabeei presioa egiteko. Beldurra eragin nahi du RFFk, eta guk ez dugu amore emanen. Ezarritako prozedura urratzen duten aldi oro parean ukanen gaituzte.

AHTaren ordainketa emendatzen bada, Kontseilu Nagusiko aurrekontua ez duela bozkatuko erran du Alain Iriart Hiriburuko kontseilariak. Ez da gaurko manifestazioan egonen den hautetsi bakarra. Bertzeei ere jarrera hori bera eskatzen al diezue?

Koherentzia eskatzen diegu hautetsiei. Manifestaziora jitea gauza handia da, baina ardurak dituzte, eta koherentziaz jokatu behar dute. Hautetsiekin harreman handia dugu. Tren lasterraren aurrekontua zorrotz aztertzeko eskaera egin diegu. AHTrik ez, ez hemen ez nihun da gaurko manifestazioko lelo bat. Baina zentzugabeko xahutzeak gaitzesten ditugu, batez ere. Hautetsiek ere badakite hori, eta erakutsi beharko dute haien arduretan. Finantzamenduari buruzko txosten bat helarazi diegu hautetsiei. Datu guztiak dituzte eskuan. Ez genuke ulertuko manifestaziora etortzea eta ondoren behar ez den norabidean bozkatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.