AZPIEGITURAK

AHTa eraikitzea "interes orokorraren aurka" doa, Ekopol taldearen arabera

'Euskal Y-a: irtenbiderik gabeko atakan' txostena aurkeztu dute Ekopol taldeak, ELAk eta LABek. Ekopol Ekonomia Ekologiko eta Ekologia Politikarako Ikerketa Taldeak egin du txostena, sindikatuek eskatuta.

'Euskal Y-a: irtenbiderik gabeko atakan' txostena aurkeztu dute Ekopol, ELA eta LABeko ordezkariek. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2017ko otsailaren 1a
07:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Daukaten informazioa aintzat hartuta, "Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak EAEn bultzatu duten abiadura handiko trena eraikitzea interes orokorraren aurka doa", ondorioztatu dute EHUko ikerlariek. "Eskura dagoen ebidentzia enpirikoak frogatzen du euskal Y-a eraikitzeko erabili ziren premisak faltsuak zirela", adierazi dute. Horregatik, uste dute lehentasuna dela "txosten independenteak egitea, ebazteko proiektua zenbateraino den egokia, eta baliabide publikoen erabilpen efizientea egingo dela bermatzeko, batik bat kontuan izanik une honetan arlo oso garrantzitsuetan —esaterako, osasunean eta hezkuntzan— murrizketa handiak egiten ari direla".

Ekopoleko ordezkariek azaldu dutenez, txostenaren "helbururik behinena" da "inoiz egin ez den" eztabaida piztea: "Zerbitzu publiko izateko asmoz egin dugu, uste dugulako unibertsitatearen eginkizuna dela eztabaida publikoa erraztu eta piztea". Gainera, salatu dutenez, herri-erakundeek datu eta ikerketa ofizialak "ezkutatu egiten" dizkiete.

Ikerlariek argitu dutenez, "ez gara, a priori, abiadura handiaren aitzindari edo kritikoak; gure xedea da inbertsioen azterketa zorrotza egitea bermatzeko gizartearentzat benetan positiboa izango dela; izan ere, horixe egiten da Europar Batasuneko herrialderik aurreratuenetan". Horregatik, AHTari buruzko "benetako txosten bakarra" osatu du Ekopol taldeak, Euskal Herriko Trenbide Sare berriaren proiektua aztertzeko, diziplina arteko ikuspuntutik: ekonomikoa, soziala, lurraldeari buruzkoa, politikoa, energetikoa eta kulturala.

Txostenak dioena:

Analisi ekonomikoaren ikuspuntutik:

Euskal Y-aren eta abiadura handiko trenbide proiektu espainiar guztien errentagarritasun sozial negatiboak esan nahi du hauek eraikita ongizate sozialak okerrera egiten duela. Ondorioz, kostu-onura analisiaren ondorioa da egundo ez zela espainiar Estatuan abiadura handiko kilometro bat ere eraiki behar.

Euskal Y-aren eta abiadura handiko trenbide proiektu espainiar guztien finantza-errentagarritasun negatiboak adierazten du linearen ustiaketak emango dituen diru-sarrerak sekula ez direla nahikoak izango eraikitze kostua osatzeko.

Areago, zerbitzuaren kostu aldakorrak ere osatuko ez direnez, euskal Y-aren ustiaketa komertzialak defizita emango du, hots, etengabeko laguntza publikoak beharrezkoak izango dira funtziona dezan.

Baieztapen hauen oinarria da, batetik, garraio-azpiegiturei buruzko ebaluaketa ekonomikoak eman duen ebidentzia zientifiko gero eta handiagoa (horien artean, FEDEA ekonomia aplikatuaren fundazioaren enkarguz egindako txostenak); bestetik, baliabide publikoen erabilera fiskalizatzen duten hainbat herri-erakunderen irizpenak. Europar Batzordeak zein Frantzia, Portugal eta Espainiako Kontu-Auzitegiek ohartarazi izan dute abiadura handiko inbertsioen finantza-egoera “jasanezina” dela, eta analisi zorrotza galdegin dute etorkizuneko proiektuen errentagarritasun sozial eta finantzarioari buruz.

Gonzalo Ferre ADIF azpiegiturak kudeatzen dituen erakundearen presidenteak esan duenez, “AHT sareak ez du ez hanka, ez bururik egungo bidaiari kopuruarekin”. Horixe da gakoa, bidaiari kopurua. Gure txostenak nabarmentzen du AHTaren ebaluaketa ekonomikoa kontu teknikoa dela aspaldidanik: abiadura handiko linea baten inbertsioa errentagarria izaten has dadin funtzionatuko duen lehen urtean 10 milioi bidaiari behar dira. Jar dezagun kopuru hau testuinguruan:

Madril-Bartzelona: 6 milioi.

Madril-Valentzia: 3 milioi.

Madril-Euskal Herria: 2,5 milioi.

Ekopolen arabera, Eusko Jaurlaritzak -Fomento ministerioak ez bezala- kontu berri bat aipatzen du, bidaiari eta merkantzien erabilpen mistoa, baina nazioarteko ebidentziak agerian uzten du hautu hau ez dela oso bideragarria ikuspuntu tekniko eta finantzariotik, fardel garraioa alde batera utzita.

Zein da ondorioa ikuspuntu sozialetik?

Tren lasterra garestia da eta, horrenbestez, errenta altua duten pertsonek soilik ordain dezakete. Eskura daukagun ebidentziak erakusten du ustiaketa kostuak osatzeko gauza ez den linea -euskal Y-arekin hala gertatuko dela uste dugu- zerga bidezko transferentzia bat dela gizarteko multzo txiroenetatik aberatsenetara. Hots, herri-erakundeak sustatzen ari diren inbertsioek areago egiten die mesede errenta altuei eta, horrela, aberatsen eta pobreen arteko arrakala soziala gero eta handiagoa da.

Gainera, AHTaren zerbitzuak martxan jartzearekin batera ohikoa da zerbitzu konbentzionalak kentzea; ondorioz, betiko trena erabiltzen ari zirenak errepidera botatzen dituzte.

Ingurumen analisiari dagokionez, esan dezakegu AHTko inbertsioa ez litzaiekeela herritarrei saldu beharko politika berdea bailitzan. Garrantzitsua da nabarmentzea Euskal Y-a eraikitzeak ingurumeneko hainbat kontutan eragiten duela (habitat zatikatua, bioaniztasuna, lur emankorraren okupazioa, eragin bisual eta paisajistikoa, zarata, bibrazioak, etab.), eta txostenak ondorioztatzen du -baita bidaiari eta merkantzien demandari buruzko agertoki baikorrenetan ere- euskal Y-ak ez lukeela CO2rik aurreztuko 100 urte igaro baino lehenago, ezta energiarik ere 55 urte pasa arte.

Analisi politikoaren ikuspuntutik, gure txostenak egiaztatzen du iraunkortasunari buruzko erabaki publikoak hartzerakoan oinarriak ofizialki gardentasun informatiboa eta parte hartze demokratikoa diren arren, oraindik ere amaitu gabe dagoen euskal Y-aren moduko gatazka hain luzeak, komunikazio molde berriak eskatzen dituela, bere konponbiderako irizpide demokratikoak baliatuko dituelarik.

Azkenik, ikuspuntu kulturaletik, euskal Y-aren proiektua aldaketa paradigmatiko baten atalasean egon liteke; batzuk diote une hau dela prometeismoaren, gehiegikeriaren kultuaren eta mugarik ez izatearen amaiera. Aldaketa kulturala gertatzen ari da iraunkortasunaren aldera; hau gizartean emeki-emeki hedatzen ari da eta proiektuaren sinesgarritasunari kalte egin dio.

Eusko Jaurlaritzak euskal hiriburuen arteko intercity zerbitzua ustiatuko balu, ustiaketaren defizitak esan nahiko luke ez soilik zergadunak ez dutela inoiz egindako inbertsioa berreskuratuko, baizik gainera urtero 40 bat milioi euro jarri beharko lukeela funtzionatu ahal izateko.

Eztabaida publikoa

ELAk eta LABek ere eskatu dute eztabaida publikoa AHTari buruz. AInhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak dioenez, "ondorio izugarriak" izango ditu, baina eztabaida "ukatu zaio herriari: AHT inposizioa da". Proiektuak hainbat belaunaldi "hipotekatuko" dituela salatu du eta, bere iritziz, "herri aktibazioak bakarrik ekar dezake AHT gelditzea".

Elako idazkari nagusi Adolfo Muñozen arabera, "AHT egin bitartean egiten ez dena neurtu beharra dago; adibidez, hezkuntza edo osasun arloetan". Muñozek dioenez, proiektua "ez da errentagarria, gehiegikeria da eta ez dauka zientzialarien babesik".

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA