AHTa: pitzadura bat laukoaren gurpilean

Ituna sinatzeak «krisia» eragin dezakeela dio Araizek. UPN, PP eta PSN, proiektuaren alde

Martinez eta Araiz. VILLAR LOPEZ / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Urak nahasita datoz Nafarroako Gobernua babesten duten lau indar politikoen artean, eta AHT abiadura handiko trenaren Nafarroako korridoreak piztu du ekaitza. Azken asteetan agerikoak izan dira lau taldeen arteko desadostasunak, baina, iragan ostiralean izandako bileraren ostean, koska bat gehiago tenkatu dute soka. Ahoan bilorik gabe hitz egin zuen atzo EH Bilduko legebiltzarkide Adolfo Araizek: «Gero eta agerikoagoak dira auzi horren inguruan ditugun desadostasunak. Madrilekin ituna sinatzeko garaian, ikusteko dago gobernua noraino iristeko gai den, baina proiektua kosta ahala kosta aurrera atera nahi duela erabakiko balu, horrek krisia eraginen luke; eta halako testuinguru batean, aurrekontuei babesik ez ematea plantea genezake». Halakorik ez gertatzea espero du Araizek, eta desadostasun puntuak «lasaitasunez» eztabaidatzeko gonbita egin zion Geroa Bairi: «Kontu gehiegitan, galga zapalduta ibiltzen da gobernua, baina, auzi honetan, abiada bizian dabil. Presako lanak gauza onik ez».

Geroa Baiko Koldo Martinezentzat, berriz, «onuragarria» izanen litzateke Espainiarekin akordioa sinatzea: «Ituna sinatu nahiko genuke, batez ere, kontuan izanda PP eta UPN gure posizioetara hurbildu direla, bidaiariak eta salgaiak biak garraiatzeko tren baten aldeko apustuan».

UPN eta PSNk, deia Barkosi

UPNk, PSNk eta PPk osatutako hirukoak, berriz, dei egin dio Uxue Barkos lehendakariari, lauko gobernua apurtu eta EH Bildu bazterrean utz dezan. «Zirt edo zart egin behar du gobernuak. Argitu behar du norekin dagoen: Nafarroako garapena nahi dugunokin ala azken 40 urteotan obrak boikotatu besterik egin ez dutenekin», esan du UPNko legebiltzarkide Carlos Garcia Adanerok. Antzeko argudioa erabili du PSNko ordezkari Maria Txibitek: «Laukoaren konfort eremutik atera behar du Barkosek, eta babesa kanpoan bilatu». PPko eledun Ana Beltranek «xantaiatzat» jo ditu Araizen hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.