2012an aurreikusitako lan guztiak aurrera eramango dituztela baieztatu du Nafarroako Gobernuak, nahiz eta lan batzuk mantsoago egin. Halaxe jakinarazi du Luis Zarraluki Nafarroako Sustapen kontseilariak, PSNk eskatutako parlamentuko bilkuran. Bistan denez, Nafarroako Gobernuak onartutako 132 milioi euroren murrizketak sustapen sailean eragin du. Zehazki, 6,7 milioi euroko jaitsiera izan du aurrekontuak, %3,79koa. Dena den, AHT abiadura handiko trenaren azpiegiturarik ez dute ukituko, "premiazko proiektuek beti dutelako lehentasuna".
Zarralukiren arabera, presazkoak ez diren kontuetan eragingo dute murrizketek: "Orain arte diru gehiegi xahutu dugu, eta egoerara egokitzeko ordua heldu zaigu". Hortik kanpo geratu dira AHTaren finantzaketa, etxebizitzetako laguntzak eta gastu pertsonalak.
Mantsoago egingo diren lanen artean, ondorengoak nabarmendu ditu Sustapen kontseilariak: Iruñea-Logroño arteko errepidea, Almandozko zeharbidea eta errepideetako plana.