Espainiako Sustapen Ministerioak eta Nafarroako Parlamentuak aurkeztu duten txosten baten arabera, AHT abiadura handiko trenarekin %73,2 haziko da garraiobide hori erabiltzen dutenen kopurua herrialdean: 774.975 bidaiari dira orain, eta 1.342.393 izango dira gero. Hala, hegazkinean eta trenean bidaiatzen dutenen kopurua %17,6 eta %4,4 gutxitu da, hurrenez hurren.
Atzo aurkeztu zuten AHTak gizartean, ingurumenean eta ekonomian izango dituen ondorioak jasotzen dituen txostena. Bertan izan ziren Elma Sanz Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Miguel Sanz Nafarroako presidentea eta Laura Alba, Begoña Sanzberro eta Alvaro Miranda kontseilariak.
Sanzen arabera, AHTarekin Nafarroaren etorkizuna bermatzen da. «Honek agerian uzten du tren lasterra egiteko Espainiako Gobernuarekin sinatu genuen akordioaren garrantzia. Izan ere, sinatu ez bagenu, egun ekonomiak duen krisiarekin gauzak zaildu egingo ziren».
Tren lasterrak izango dituen ondorio ekonomikoei dagokienez, Albak nabarmendu du 1.370 lanpostu inguru sortuko direla.«Inbertsioen %20 Nafarroako enpresek gauzatuko dituzte. Gainera, turismoa %5 haziko da, eta urtean 60 milioi euro aurreztuko dira denboran. Hori oso garrantzitsua da».
AHTari esker CO2 isurtzeak gutxitu egingo direla jaso dute txostenean. Urtean 26.945 tonaCO2 gutxiago isuriko dira, Albak emandako datuen arabera. «Monoxido karbonoaren eta oxido nitrogenoaren isurtzeek ere behera egingo dute».
Albak nabarmendu du txostenaren aurkezpenarekin abian jarri dela Nafarroako AHTaren korridorea eraikitzeko prozesua: «Castejon eta Iruñea arteko plataforma egiteko lanak, adibidez, datorren urtean emango dira».
AHTarekin %73 haziko da trenaren erabiltzaile kopurua Nafarroan
Sustapen Ministerioak eta Foru Gobernuak aurkeztutako txostenak dio 1.370 lanpostu sortuko dituela AHTak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu