AHTaren aurka, umore onean

Nafarroan tren lasterra egiteko lanak ez hasteko eskatu dute mila lagun inguruk Iruñean egindako manifestazioanAHTaren aurka pintaketak egitea egotzita auzipetutako gazteak gogoan izan dituzte

Manifestazioaren buruan 4.790 zenbakia erakutsi zuten manifestariek; AHT egiteko nafar bakoitzak jarri beharko duen dirua da, eurotan. I.URIZ / ARP.
Iruñea
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Umoretsu baina tinko, mila lagun inguruk Nafarroan abiadurahandiko trenaren lanak ez hasteko eskatu zuten atzo arratsaldean Iruñean. AHT Gelditu!Elkarlana plataformak deituta, azpiegitura egitea «inposaketa» izateaz gain, dirua alferrik botatzea dela salatu zuten manifestariek. Tren proiektuaren aurka pintaketak egitea egotzita auziperatuta dauden lau gazteei ere elkartasun keinuak egin zizkietenmobilizazioan.

Festa giroan eta eguraldi ona lagun zutela burutu zuten tren lasterraren aurkako manifestazioa. Antoniutti parketik atera ziren manifestariak, Armada etorbiderantz. Elkarretaratzea irekitzen bi traktore; atzetik, zanpantzarrak joareak jotzen eta isipuak mugitzen, eta ondoren, manifestariak. Manifestazio buruan AHT hasi baino lehen, geldi dezagun leloa idatzia zuen pankartari eutsiz hainbat lagun. Atzetik lau gazte joan ziren 4.790 zenbakia irudikatzen zuten kolore berdez egindako kartoiak eusten. Plataformak salatu zuenez, 4.790 euro kostako zaio nafar bakoitzari azpiegitura egitea.

Behin Armada etorbidean «ez, ez, ez, AHTrik ez!» edota «bihotza porlanez betea duzue» gisako leloak oihukatu zuten manifestariek behin eta berriro. Musika ere izan zuten lagun manifestariek. Kamioi batean musika talde bat eta bi kantari joan ziren. Ibilbide osoan isildu ere egin gabe aritu ziren, manifestazioa alaituz. Gitarra, perkusioa eta tronpeta bidelagun izan zituzten AHTaren aurkako aldarriek.

Epaituekin elkartasuna

Musika ez eze, antzerkia ere ez zen faltatu elkarretaratzean. Foruzainez jantzitako bi gaztek borra kolpeka ireki zioten bidea trenari. «Ireki bidea, ireki bidea» esan ozen, eta kartoiz egindako bi bagoien barruan zihoazen gorriz jantzitako beste lau lagunek Armada etorbidean gora eta behera zihoazen manifestariak xaxatzen jardun zuten. Trenean AHTak odola zurrupatzen digu leloa irakur zitekeen.

Zizurko (Nafarroa) kale batean 2010eko apirilaren 10ean AHTaren aurkako pintaketak egitea egotzita auzipetutako lau lagunentzako elkartasun keinuek aparteko lekua izan zuten mobilizazioan. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren aurrean, Merindades Plazan, lau lagunek, burutik oinetaraino txuri eta beltzez jantzita eta aurpegia estalirik, AHTaren kartelengatik, kartzela. Adierazpen askatasuna leloa zuen pankarta zabaldu zuten. Manifestariek txaloekin hartu zituzten. Gogoratu behar da bi urteko espetxe zigorra eta 5.400 euroko isuna eskatu dituela Nafarroako Auzitegi Nagusiko fiskalak auzipetu baten kontra, eta beste hirurentzat, hogei hilabeteko espetxe zigorra eta 4.860 euroko isuna. Asteon hasi da gazte hauen kontrako epaiketa.

«Lehen inaugurazioa»

Parodia gehiago ere izan zen manifestazioan. Yolanda Barcina Iruñeko alkatea eta Miguel Sanz Nafarroako presidentea, esaterako, elkarretaratzean izan ziren eta AHTaren Iruñea-Ezkirotz- zatiaren lehen harria jarri zuten. Nafarroako Jauregiaren aurrean, Barcinaz eta Sanzez atsoaguretutako bi lagunek lanen hasiera iragartzen duen xingola moztu zuten «gora Nafarroa, gora AHTa, gora modernitatea» oihukatzen zuten bitartean.

Umore giro horretan, Nafarroako eta Espainiako gobernuen asmoak kritikatu zituzten AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek elkarretaratzearen ondotik irakurritakooharrean.Bi administrazioek jada Castejon eta Eskirotz arteko trenbide zatiaren finantzaketa sinatu dutela gogora ekarri zuten. Guztira 675 milioi euro kostatuko da azpiegitura egitea. Lanen erdia baino gehiago Nafarroako Gobernuak ordainduko du. Plataformaren irudiko UPNren gobernua «edozein baldintza» onartzeko prest da lanak ahalik eta azkarren has daitezen. Bide horretan, AHTaren aurkakoen kontrako jazarpena salatu zuten. «Irurtzungo herri galdeketa debekatu dute eta pintaketa batzuk egiteagatik lau laguni 2 urteko espetxe zigorra ezarri nahi zaie».

AHTak ez duela errepideetako zirkulazioa gutxituko salatu zuten. «AHTak ez du errepidetik kamiorik kenduko, ezta autoaren erabilera murriztuko ere. Gutxiengo baten neurrira egindako egitasmoa da». Erriberako Valtierra, Kadreita eta Alesbes herrietan lur desjabetzeak hasiak direla gogorarazi zuten. Lanak aurki hasiko direla adieraztendu. Saihesteko, herritarren konpromisoa eskatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.