AHTaren aurkako ekintza batean parte hartu zutela ukatu dute hiru gaztek

Abiadura handiko trenaren aurkako ekintza bat Auzitegi Nazionalean epaitu dute aurrenekoz

mikel lizarralde
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Aurreneko aldiz, abiadura handiko trenaren kontrako ekintza bat Espainiako Auzitegi Nazionalean hasi dira epaitzen. Bilboko tranbia geldiarazi eta haren bagoiak margotzea egotzita, hiru gazteren epaiketa hasi zen atzo, Madrilen. Hiru akusatuek, Nahia Iglesiasek, Nerea Zuloagak eta Markel Mendizabalek, ukatu egin zuten AHTaren kontrako ekintzan parte hartu zutela, eta haien abokatuek absoluzioa eskatu zuten. Fiskalak, berriz, hiru urteko espetxe zigorra eta bederatzi urteko inhabilitazioa eskatu zuen hiru gazteentzat. Horretaz gain, Euskotreni 3.677,90 euroko kalte-ordaina ordaintzeko eskatzen du fiskalak, «kalte terroristak» eragin izana egotzita. Lekuko batzuk ez ziren saiora azaldu, eta Javier Gomez Bermudez epaileak heldu den ostegunean bideo konferentziaz jarraitzeko agindua eman zuen.

Epaitzen ari den ekintza 2009ko uztailaren 9an gertatu zen, Bilbon, Arriaga antzokiaren parean. Fiskalaren arabera, hiru akusatuek eta «identifikatu gabeko beste hiru lagunek» hareaz beteriko zakuak bota zituzten tranbiaren bidera, eta, gero, AHTaren aurkako pintaketak egin zituzten trenaren bagoietan.

Beti fiskalaren arabera, lanean ari ez zen ertzain batek identifikatu egin zituen epaitzen ari diren hiru gazteak, eta Ertzaintzari abisua eman ondoren, alde zaharreko Unamuno eta Erronda kaleen artean atxilotu zituzten, ekintza gertatu eta minutu eskasera.

Hiru gazteek, ordea, ukatu egin zuten Ertzaintzaren bertsioa. Zuloagak eta Iglesiasek epailearen aurrean adierazi zuten Unamuno plazan zeudela jendea korrika azaldu zenean, baina «ezer» egin ez zutenez, ez zirela mugitu. Mendizabalek, berriz, adierazi zuen ez dituela beste bi akusatuak ezagutzen eta atxilotu zuten egun eta orduan lagun batzuekin geratua zegoela Unamuno plazan.

Ertzain batek deklaratu zuen atzo, baina Urtzi Ostolozaga AHT Gelditu! Elkarlaneko kidearen iritziz, «kontraesanez beterikoa» izan zen bere deklarazioa. Halaber, polizia aktari jarraiki, gazteak «ordu berean bi lekutan egotea ezinezkoa» dela dio Ostolozagak.

Hiru gazteen kontrako epaiketatik «sentipen onarekin» atera ziren Madrilera joandako 20 lagun eta senideak. «Gaurkoa [atzokoa] ikusita, absoluzioa besterik ez dugu espero», dio Ostolozagak.

Hasieran auzibidea Bizkaiko Probintzia Auzitegira bideratu bazuten ere, hark onartu ez eta Auzitegi Nazionalera bidali zuen.

Hiru atxilotu protestetan

Madrilgo epaiketa salatzeko, burua estalita zeramaten pertsona batzuek olioa isuri zuten atzo Juan Garai kalean, Bilbon, eta gero Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen Irala auzoko lokal batean. Irola irratiaren egoitza lokal horretan dago, eta, atxiloketen ondorioz, itxita izan zuten bertako langileek sarrera. Hiru lagunak gaur arte behintzat polizia etxean izango dira, eta atzo manifestazioa egin zuten atxiloketak salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.