AHT Gelditu! Elkarlana taldeak AHT abiadura handiko trenaren aurkako mobilizazio nazional bat antolatu du ekainaren 2rako, Hernanin (Gipuzkoa). Egun horretan, giza kate bat egingo dute,17:00etan, Hernaniko Osinaga auzotik abiatuta; izan ere, inguru horretan hasiak dituzte tren lasterraren zati bat eraikitzeko lanak. AHT Gelditu! Elkarlanak «makroproiektu» hori gelditzeko aldarrikatuko du ekainaren 2an, «ingurumenean, ekonomian eta jendartean eragiten ari den kalteengatik». Taldeak giza katean parte hartzera deitu ditu AHTaren aurkako iritzia duten herritarrak eta erakundeak.
Mobilizazioaren berri tren lasterraren obrak hasi dituzten lekuan bertan eman zuten atzo goizean AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek. Agerraldian salatu zuten Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 831 milioi euro inguru «xahutu» nahi dituztela Euskal Herrian AHTa egiteko: «Inbertsiopublikoaren %60 baino gehiago trenaren lanetarako erabiliko dute».AHT Gelditu! Elkarlanaren ustez, larria da horretarako hainbeste diru erabiltzea: «Gutxi axola zaizkie hezkuntzan edo osasun arloan egiten ari diren murrizketak». Taldeak ez du ulertzen, gainera,Euskal Herriko zatian oraindik lanekin aurrera nola jarraitzen duten, Espainian leku batzuetan, diru faltagatik obrak gelditzen hasi diren honetan: «Egitasmoaren arrakasta eraikitzen ari diren kilometro kopuruan neurtzen dela ematen du».
AHTak herrien ingurumenari eta bizi-kalitateari kalte «latzak» eragingo dizkiela uste dute AHT Gelditu! taldekoek. Prentsaurrekoa eman zuten ingurua jo zuten horren adibidetzat: «Gipuzkoako nekazaritza zonarik onenetakoa da Urumea bailara suntsitzen eta hormigoiz betetzen ari dira, paisaiari kolpe latza emanez eta baserri giroko ingurune baten hondamena eraginez». Nabarmendu zuten Eusko Jaurlaritzak berak onartu izan duela Euskal Y-ak «eragin handiena eta larriena» Urumea bailaran sortuko duela.
Mikel Alvarez taldeko bozeramaileak salatu du, gainera, «zilegitasun publikorik» gabe hasi dituztela tren lasterraren lanak, eta herrien hitza ez dute kontuan hartu: «Gipuzkoako udalgehienek erakutsi dute AHTarenaurkako jarrera; hala ere,proiektuarekin aurrera jarraitu dute».
Urumea ibaiaren jaitsiera
Giza katea egin aurretik beste hainbat ekitaldi ere egingo dituzte ekainaren 2an. HernanikoAHTaren aurkako taldeak Urumea ibaiaren jaitsiera antolatu du tren lasterraren proiektua salatzeko. Ereñotzu auzotik hasiko dute jaitsiera 11:00etan; arratsaldean, Hernanira iritsitakoan, Osinaga auzoko giza katean parte hartuko duten herritarrekin elkartuko dira. Amaitzeko, manifestazio bat egingo dute herriko kaleetan.
AHTaren aurkako giza kate bat egingo dute ekainaren 2an, Hernanin
AHT Gelditu! Elkarlana taldeak mobilizazio nazionala antolatu du, «tren lasterra eragiten ari den kalteengatik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu