CADE taldeak AHTaren aurkako mobilizazioak bultzatuko ditu datozen hilabeteotan. Lehena udaberrian izanen da, Senpere herrian, Lapurdin; bigarrena hautetsiekin batera antolatuko du, udazkenean. Ez dituzte jakinarazi egunak. CADEk nabarmendu du RFFk 2013an inkesta publiko bat eginen duela AHTaren ibilbide guztian. Alta, Lapurdiko AHT atala eginen den edo ez ebatzi behar duen Tren Behatokiak geroago hartuko du erabakia. Beraz, atal hori egin ala ez, RFFk egingarria den ikertuko du.
«RFF konpainiak ordulariaren aurkako lasterketa bat hasi du, indarrean pasatzeko ondoren», erran du Pantxoa Tellier CADEko kideak. Izan ere, inkesta publikoa 2013an eginen da, jakin arren Trenen Behatokiak erabakia hartu arte ez dela eginen Lapurdiko atala. Inkesta publikoaren ondoren, 2014an, onura publikoaren aitortza lortu nahi du RFFk, 2017tik aitzina lanak egin ahal izateko. Aitortza lortzen badu, ibilbidean dauden lurrak erosi eta salmenta gelditu ahal izango du. Lanei dagokienez, RFFk azpimarratu du ezin direla guztiak batera egin eta Lapurdin 2020ra edo 2025era arte atzeratuko balira ere eginen liratekeela.
Victor Pachon CADEko presidenteak erran du inkesta publiko horren ondorioz AHT bideak egiteko aukera irekitzen dela. Horregatik, tresnarik eraginkorrena mobilizazioa dela azpimarratu du. Bitartean Trenen Behatokian parte hartzen segituko dutela jakinarazi du.
Batzorde horrek lau bilkura egin ditu orain artean, eta heldu den astelehenean izanen da bosgarrena. RFF konpainiak bilkura horietara eraman dituen hainbat dokumentutako kopuruak «faltsuak» direla edo errealitatea gordetzen dutela erran du Pachonek. RFFk abantzu bukatu ditu oraingo bideetan egin behar zituen hobekuntza lanak. Alta, RFFk erran du lan horiek ez dutela emendatuko trenbidearen gaitasuna. CADEk dio gezurra dela, RFFk berak egindako txostenetan oinarrituz.
«Dagoeneko Bordele eta Baiona artean 17 minutu irabazi direla diote RFFren barne dokumentuek», erran du Pachonek. Egindako lanen ondorioz 266 tren hartzeko gaitasuna ukanen duela onartzen du RFFk, eta kopurua 320ra emendatuko dela horiek bukatzean. RFFk dio, berriz, Behatokira eraman dituen txostenean aldaketarik ez dela izan.
Hernani-Astigarraga zatia
AHT abiadura handiko trenaren Hernani-Astigarraga tarteko (Gipuzkoa) lehen harria atzo jarri zuen Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak. Tarte horretako lanak hastea garrantzitsutzat jo du sailburuak: «Behin betiko hurbilduko da abiadura handiko trena Donostiara». Arriolaren arabera,2016rako lanak bukatzea espero dute. Hernani eta Astigarraga arteko zatiak 2,4 kilometroko luzera du eta 71 milioi euro inguruko kostua. Ezker abertzaleak ohar batean esan duenez, «krisi garaian ez da bidezkoa denon dirua tren lasterraren gisako azpiegitura erraldoietan xahutzea».
Beriaingo Udalak (Nafarroa), bestalde, abiadura handiko trenaren aurkako mozio bat onartu du. Nafarroa Baik aurkeztu du mozioa eta babesa eman diote UPNko, PSNko eta PPko zinegotziek. «Hausnarketarako eta eztabaidarako» aldi bat hastea nahi duBeriaingo Udalak. Onarturiko oharrean, tren lasterraren lanak «eperik gabe» atzeratzeko eskatu dute, eta Nafarroako garraiobideak aztertzeko behatoki bat sortzeko. Herri galdeketa batera deitzeaproposatzen dute, behatokiak aterako lituzkeen ondorioak onartzeko edo atzera botatzeko.
AHTaren aurkako mobilizazioak eginen ditu CADEk udaberritik hasita
RFFk inkesta publiko bat eginen du 2013an, Trenen Behatokiak Lapurdiko atalari buruz ebatzi baino lehen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu