Bizkaiko mendebaldetik Gipuzkoako erdialderaino, goi tentsioko argindar linea bat eraikitzeko baimena eskatu du REE Red Electrica Española enpresak. 72 kilometro pasatxoko bidea izango da Gueñes (Bizkaia) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) lotuko dituena. 400.000 watt garraiatzeko ahalmena izango du. AHT abiadura handiko trenaren proiektuarekin lotu du azpiegitura hori REEk; haren esanetan, «hil edo bizikoa» da ahalmen handiko argindar sare bat eraikitzea, tren lasterraren energia beharrei erantzuteko. Espainiako Aldizkari Ofizialak dagoeneko argitaratu du REEren baimen eskaria, eta zabalik dago alegazioak aurkezteko epea.
Gueñesen hasiko du bidea tentsio handiko lineak, REEk aurkeztutako proiektuaren arabera. Energia azpiestazio bat badago han jadanik —Santurtziko zentral termikotik eta Zierbenako ziklo konbinatuko zentraletik hartzen du argindarra—. Gipuzkoa aldera egiteko, Bizkaiko 17 herri eta Arabako Okondo zeharkatuko dituzte tentsio handiko kableek, dorre altuen bidez. Finean, AHTaren bidearen tankerakoa du linearenak: Arrigorriaga ingurutik Zornotzara egingo du —Boroako zentral termikoa dago han—, eta Zaldibarren utziko du Bizkaia. A-8 autobidearen parean joango da linea inguru horretan. Denera, 47 kilometro egingo ditu goi tentsioko lineak Bizkaian.
Gipuzkoara Elgetako lurretan barrena sartuko da. Lehendik bada inguru horretan beste linea bat —Gatika eta Ezkio-Itsaso artekoa—, eta parean egin asmo dute berria. Bergara, Zumarraga eta Legazpi igaroko ditu, eta Ezkio-Itsason amaituko da. Gipuzkoan 25 kilometro izango ditu lineak.
Ezkio-Itsaso ingurua giltzarria da AHTarentzat. Lotura nondik egin aztertzen ari dira oraindik, baina indar handiena duen aukera da Gipuzkoako eta Nafarroako bideak herri horretan elkartzea. Tren lasterraren energia beharrekin eta bestelakoekin lotu du linea eraikitzeko eskaria REEk.
2015erako martxan
AHTaren beharrei erantzuteko azpiegitura gisa linea berria azaldu nahi dutela salatu dute Alternatibak eta Berdeek. Asier Vega Alternatibako ordezkariak esan du AHTak ez diela jaramon egiten gizartearen beharrei, eta galdera egin du: «Zer behar daukagu tamaina horretako azpiegitura bat izateko?». Haren irudiko, «lagun dituzten enpresei» komeni zaien erako energia politika ari dira egiten erakundeak. Berdeetako ordezkari Florent Marcellesik adierazi du agerian geratu dela AHTak zenbat argindar gastatuko duen, eta nabarmendu du kontsumoa gutxitzea izan beharko lukeela erakundeen jomuga.
REEk 37 milioi euroko inbertsioa egin nahi du linea eraikitzeko. Prozesua hasita, urtebete baino lehen lortu nahi dute ingurumen baimena, eta 2013an hasi obrak. Bi urteren buruan kableak 72.427 metroan zabalduta izatea da enpresaren nahia. Aurreikuspen horiek betetzekotan, AHTa martxan jarri aurretik —2016— abian litzateke goi tentsioko linea.
AHTaren beharrak asetzeko, goi tentsioko linea bat jarriko dute Bizkaian eta Gipuzkoan
72 kilometro pasatxoko sarea egin nahi du REEk Gueñes eta Ezkio-Itsaso artean; 400 kilowatteko ahalmena izango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu