Gobernu kontseiluaren lehen bileran, Eusko Jaurlaritzak AHT abiadura handiko trenaren Gipuzkoako adarraren hiru zatitako obrak eskaini zituen atzo. Guztira, 328,6 euroko aurrekontua zehaztu dute.
Zizurkil eta Andoain arteko zatiak izango du diru hornidura handiena,193,5 milioi euro gastatuko baitira bost kilometro eskaseko bide horretan. Hernani eta Astigarraga batuko dituen tarteak, berriz, 76,5 milioi euroko kostua izango du; eta Itxaso eta Ezkio artekoak, berriz, 58,6 milioi eurokoa. EAEko 2011ko aurrekontuen kontura egingo dira hiru zatiak. Azken hiru tarteak aintzat harturik, hamasei abiarazi dituzte, eta horietatik hamahiru obretan dira dagoeneko. Hala, Gipuzkoako adarrak dituen 76 kilometroetatik 43 eraikitzen ari dira, eta 10 daude eskaintzeko bidean.
Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak prentsaurrekoan adierazi duenez, abiadura handiko trenak «bultzada erabakigarria» izan du bere gobernuari esker: «Aurreko gobernu nazionalistarekin baino askoz handiagoa».
«Porlanaren politika»
Denak ez daude pozik, ordea. Jaurlaritzaren erabakiaren aurka, «porlanaren politika» salatu zuten atzo AHT Gelditu! Elkarlanak deitutako manifestaziora eta parodiara bildu ziren herritarrek.
Eguerdiko 12:05ean irten ziren Donostiako Bulebarretik, kolore griseko trajez eta kaxa karratuak buruan. Tren lasterraren aurkako pankartak eskegi zituzten han eta hemen. AHT stop, txikizioa gelditu idatzi zuten Kontxako hondarretan, eta Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren bileraren parodiak egin zituzten Bulebarrean, Kontxan eta Miramar jauregian. Horrez gain, Done Porlan gurtu zuten, Jaurlaritzaren «zementitisari» barre eginez. Abiadura handiko trenaren eta beste azpiegitura lan handi batzuen gaitzespena erakutsi diote Lopezi eta bere gobernu taldeari, eta obra «txikitzaileak» beren agintaldiaren «nortasun ikur» bilakatu direla salatu dute.
Gizartearen egoera sozial eta ekonomiko «larriari» eta gizarte premien asetzeari bizkar eman diotela irizten diote elkarlaneko kideek. EuskaY-ko obretan, ordea, 1.200 milioi eurotik gorako gastua duten kontratuak egin dituzte urte eta erdian, haien hitzetan. Baina, AHTaren proiektua ez ezik, beste zenbait egitasmo ere kritikatu dituzte, hala nola Donostian «alferrikako» metro bat eraikitzea: «Edonondik begiratuta ere, surrealista dirudien proiektu hori kasik mistikoa da haren sustatzaileentzat».
Muzin egin diote «lurraldearen hondamenean oinarritutako ereduari», kalte handia eginda dagoen arren, «etorkizuna ez baita hormigoiarekin eraikitzen».
Eusko Jaurlaritza. Urte politiko berriko lehen gobernu kontseilua
AHTaren hiru tarte eskaini dituzte, 328,6 milioi euroan
«Porlanaren politika» salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak; agintarien parodia bat egin dute, 'Done Porlan' gurtuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu