AHTaren lotunea EAJren IX. Batzar Nagusiko gai funtsezkoetako bat bihurtu da, behin argitu ostean Andoni Ortuzarrek EBBko lehendakaritza utzi eta Aitor Estebanek hartuko duela. Erdibideko zuzenketa bat adostu dute txosten politikoan txertatzeko. Haren bidez, «behin betiko irtenbide bat» eskatuko dute ebazteko AHTaren lotunea Ezkion edo Gasteizen egingo den; hala azaldu diote Europa Press berri agentziari iturri jeltzaleek.
EAJren txosten ekonomikoan txertatu dute zuzenketa hori, Askeago izateko nazio oparoa eraikitzea izenekoan. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi ohia da txosten hori aurkeztearen arduraduna.
Gai berari lotutako zuzenketa batzuk bazeudenez, erdibideko bat adostu dute, iturri jeltzaleek adierazi dutenez. Gipuzkoak Ezkioko lotura defendatu du, eta Arabak eta Nafarroak, berriz, Gasteizkoa. Auzi honetan, lurralde ikuspegia gailendu izan da orain artean alderdienaren gainetik, lurralde bakoitzeko ordezkariek, jeltzaleak izan edo sozialistak izan, zegokien lurraldearen alde egin baitute, eta bakoitzak bere ikuspegia agerrarazi. Espainiako Gobernuak oraindik lotunea ebatzi ez badu ere, azaldu izan du «zalantza handia» eragiten diola Ezkioko loturak.
EAJko militanteek larunbatean hasiko den kongresuan bozkatuko dute erdibideko zuzenketa hori. Zuzenketa horretan zehaztu dutenez, «zazpi herrialdeetatik bost lotuko dituen Abiadura Handiko Trena bukatu egin behar da, eta lehentasuna dauka. Espainiako Estatuarekin, Frantziakoarekin eta Europa iparraldearekin lotzeko gaitasun handiko zerbitzu bat izango da pertsonentzat eta merkantzientzat».
Hain zuzen, nahi dute «behin betiko irtenbide bat» ematea Nafarroa eta euskal Y-a lotzeko, «eta, Ezkioko eta Gasteizko alternatibez gain, analisian jaso behar da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroakoak 2018ko alegazioetan aurkeztutako Ezkioko beste aukera, azken azterketa informatiboan txertatuta dagoen moduan». Azken aukera hori gauzatuz gero, Aralarren bi kilometroko tunel bat zulatuko lukete. Ezkioko eta Gasteizko lotuneak egiteko ere azpiegitura lan izugarriak beharko lirateke.
Horrez gain, eskatzen dute azterketa horretan aintzat hartzeko «azpiegituraren funtzionalitateari eta sarearen gaitasunari lotutako arloak, bidaiak egiteko denbora, ingurumen arloko gaiak, eta eraikitzeko, martxan jartzeko eta mantentzeko gastuak». Halaber, nahi dute «abiadura handiko trenak zuzenean hiriburuetan sartzea adostutako baldintzetan, behin-behineko alternatibarik gabe Gasteizko eta Bilboko lurpeko proiektuentzat».
Adostu duten erdibideko zuzenketa horretan garraio publikoa eta mugikortasun kolektiboaren aldeko sistemak sustatzea lehenetsi dute, horretarako «kudeaketa eredua, garraiobideen maiztasuna eta bidaien tarifa» zaintzea proposatzen dute, garraio publikoaren erabilera ugaritu dadin.
Alderdia gara lelopean egingo dute EAJren IX. Kongresua, Donostiako Atanon. Atano betetzeko deia egin zieten atzo alderdikideei, kongresuaren aurkezpenean.