AHT abiadura handiko trena eraikitzeko hainbat lanetan jardunaldi «neurrigabeak eta legez kanpokoak» egitea, eraikuntzako lan hitzarmena urratzea eta hori ezkutatzeko obrak ikustea galaraztea egotzi dio ELAk ETS Eusko Trenbide Sareari. Hori adierazi du sindikatuak, eta lan ikuskaritzan salatu du ETS horregatik. Gaur elkartuko dira bi aldeak, 10:00etan, Lan Harremanen Kontseiluak Donostian duen egoitzan.
ELAko eraikuntza alorreko arduradun Igor San Josek BERRIAri adierazi dionez, sindikatuko zenbait ordezkari Tolosa-Hernialde (Gipuzkoa) zatiko lanak ikustera joan ziren herenegun, beharginen lan baldintzetan irregulartasunak antzeman zituztelako. ETSk, ordea, galarazi egin zien lanetarako sarrera. San Josek oroitarazi duenez, sindikatuko ordezkariek eskubidea dute lanetara bisitak egiteko; izan ere, lan ikuskaritzak baimena eman zion horretarako iazko irailaren 11n. Aurretik hainbat salaketa jarri dizkio sindikatuak ETSri, elkarte publikoak sarritan ukatu baitio ELAri lanetarako sarrera; «segurtasun arrazoiak» argudiatu ditu horretarako.
Asteazkeneko debekuarengatik batzartuko dira gaur ELA eta ETS, baina ordu kopuruaz eta lan hitzarmenaz ere eztabaidatuko dute. Elkarte publikoa auzitara eraman zuen sindikatuak otsailaren 10ean, tren lasterra «eskandaluzko erritmoan» egiten ari direla salatzeko; ELAk ziurtatu du hamabi ordutik gorako lanaldiak «ohikoak» direla eta enpresa batzuetan beharginek hamazazpi ordu ere lan egin izan dituztela jarraian.
Hamazazpi orduko lanaldiak
Zortzi ordura ez, lan jardunaldiak hortik behera murriztu behar direla azaldu du San Josek: «Eraikuntzaren alorreko Gipuzkoako lan hitzarmenean zehazten denez, zortzi orduko lanaldia %20, %25 edo %30 laburtu behar da lan bereziki toxiko edo arriskutsuetan».
Eraikuntzako lan hitzarmenaren urraketak dira «sektorearen arazorik larriena», ELAren iritziz. Sindikatuak uste du langileek ez dutela segurtasunik eta «esplotatu» egiten dituztela. Datu batekin mamitu du baieztapen hori: lanordu bakoitzeko «bost edo sei» euroko saria jasotzen dute AHTa egiten ari diren langile gehienek, nahiz eta hitzarmenean zehaztu orduko hamabost euro kobratu behar dituztela gutxienez.
ELAko ordezkariaren arabera, ETSk sindikatuari eskatu dio AHTa eraikitzeko lanetan irregulartasunak egin dituzten enpresak salatzeko, eta ez Eusko Trenbide Sarea. San Josek, ordea, uste du elkarte publikoa ere egoeraren erantzulea dela; Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak adjudikatzen eta zuzentzen ditu lanak —Arabako eta Bizkaiko zatiak Espainiako Gobernuaren ardurapean daude—, baina ETS arduratzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tren azpiegituren kudeaketaz.
AHTko langileen «eskandaluzko» lan jardunaldiak salatu ditu ELAk
Eusko Trenbide Sarea lan ikuskaritzan salatu du sindikatuak, argudiatuta hari dagokiola langileen baldintzak bermatzeaObrak ikustea galaraztea, lan ituna urratzea eta lanaldi luzeegiak egitea egotzi dio ETSri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu