Azpiegiturak

AHTren auzian ere herritarrei hitza emateko eskatu diote Ibarretxeri, honek parte-hartzeaz hitzaldia eman duenean

Bizkartzainek lau lagun aretotik atera egin dituzte, Donostian. Jaurlaritzako lehendakaria Miramar Jauregian aritu da, udako ikastaroen barnean.

2008ko irailaren 8a
14:05
Entzun
Parte-hartzeaz hitzaldia eman du gaur goizean Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Donostian, Miramar Jauregian, udako ikastaroen barnean, eta hainbat lagunek Abiadura Handiko Trenaren (AHT) auzian ere erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eta herritarrei hitza emateko eskatu diote. Azkenerako bizkartzainek lau lagun aretotik bidali egin dituzte.



Erabakitzeko eskubidea eta galdeketa aldarrikatu ditu Jaurlaritzako lehendakariak, "parte-hartzea etorkizuna eta debekua iragana" dela esanez -Espainiako Auzitegi Konstituzionala, Eusko Legebiltzarrak ekainean onartutako Galdeketaren Legeari Espainiako Gobernuak sartutako helegitea aztertzen ari da-, eta entzuleen artean emakume batek galdetu dio nola egin daiteken bateragarri aldarri hori aldi berean AHTri buruz hainbat herritan egindako galdeketen emaitzei "kasurik ez" egitearekin. Ibarretxek erantzun dio auzi horretan "parte-hartzeko bideak" badaudela eta ekarpena posta elektronikoz igor dezala.

Trenaz galdeketa egin den herrien zerrenda erakutsi diote kartelen bidez (Urbina, Gasteizko 20 kontzeju, Itsasondo, Atxondo, Alegia, Aramaio, Angiozar, Elorrio, Anoeta, Uztaritze eta Mugerre). Ondoren, beste emakume bat eta bi gizonezko trenaren aurkako argudioak ematen saiatu dira, baina bizkartzainek haiek eta beste lagun bat aretotik atera egin ditu. Identifikatzeaz gain, desordenu publikoa egotzita salaketa sartuko dietela esan diete.

Bide batez, Miramar Jauregiaren kanpoan dozena bat lagunek AHTren aurkako eserialdia egin dute.

PPren ekimena

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea IƱigo Urkullu EAJko lehendakariarekin eta Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiarekin bilduko da AHTz, eta trenaren aldeko manifestazioa antolatzeko proposatuko die. Basagoitik egitasmoa burutzeko diru gehiago jarri behar dela ere azpimarratu du.

Lopezek adierazi du ez dela beharrezkoa "kalera irtetea" AHT bultzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.