AHTa egin ordez egungo trenbideak egokitzeko eskatu dute hainbat hautetsik

AHTak kalte egindako udalerrietako hautetsi ugarik babestu dute eskaera. Hego Euskal Herriko erakunde nagusiei eskatu diete tren publiko eta sozialaren alde egin dezatela, herritarren eta ekoizpen sektorearen beharrak ase daitezen.

AHTren aurkako hautetsien agerraldia Eusko Legebiltzarraren parean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
AHTren aurkako hautetsien agerraldia Eusko Legebiltzarraren parean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko martxoaren 21a
13:10
Entzun

Ez dute nahi abiadura handiko trenarentzako (AHT) azpiegitura berririk egitea, eta uste dute dagoeneko eginak dauden trenbideak erabiltzea eta berritzea dela alternatibarik egokiena. AHTak kalte egindako Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako udalerrietako alkateen gehiengo zabal batek– %70etik gora– adierazpen bat sinatu dute zera eskatuz erakunde nagusiei: ez dezatela garatu abiadura handirako propio egindako linea bat, eta baliatu ditzatela egun dauden azpiegiturak mota guztietako trenak ibil daitezen. Eta, horretan, herritarren eta ekoizpen sektorearen beharrak asetzea eta landa eremuko herritarrak bakartuta ez geratzea bermatu nahi dute.

Trenaren, lurraldearen eta herri borondatearen defentsaren aldeko adierazpen instituzionala izeneko agiriak Euskal Y-aren eta AHTaren lotuneak kalte egindako udalerri guztietako hautetsien gehiengo zabal baten babesa dauka: guztira, 23 alkatetzak, 146 zinegotzik eta Arabako eta Nafarroako berrogei kontzejuk babestu dute. Sinatzaileen artean daude EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos alderdietako ordezkariak, baita hautagaitza independenteetakoak ere.

Agiria gaur aurkeztu dute, Eusko Legebiltzarreko atarian, eta han erregistratu dute gero, baita Nafarroako Parlamentuan eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzetan ere. Gasteizen egindako agerraldian hitza hartu dute Joseba Koldo Garitagoitia Dulantziko (Araba) alkateak eta Iratxe Maza Andoingo (Araba) kontzejuko presidenteak, adierazpena azaltzeko. Trenaren egoeraren gainean kezka agertu dute: «Gure bailaretan egoera goibelean dago trena. Pixkanaka, tren zerbitzuen azpiegiturak txartuz doaz; hala, gertuen dauzkagun hirietarako konexioak, Iruñera, Gasteizera, Tolosara eta Donostiara daramatenak, zaildu egiten dira, eta langile eta ikasleen mugikortasuna galarazi».

Halaber, salatu dute AHTak jendea hiri handietan pilatzea bultzatzen dituela, eta aldi berean Itza-Oltza, Sakana, Lautada eta Goierriko landa eremuetan despopulazioa eta «isolamendua» eragiten duela.

«Gure bailaretan egoera goibelean dago trena. Pixkanaka, tren zerbitzuen azpiegiturak txartuz doaz; hala, gertuen dauzkagun hirietarako konexioak, Iruñera, Gasteizera, Tolosara eta Donostiara daramatenak, zaildu egiten dira».

IRATXE MAZAAndoingo kontzejuko presidentea

Horekin batera, kezka agertu dute AHTaren egitasmoa soilik bidaiarientzat pentsatua delako eta ez direlkoa aintzat hartuko salerosketen garraioaren beharrak. Gainera, ohartarazi dute lurraldea eta orografia «larriki kaltetua» izango dela; batez ere Urbasa-Andia, Aizkorri-Aratz, Entzia eta Aralar parke naturalen magaletako ondasun naturala.

Tren sozialaren aldeko proiektua

Testua sinatu duten hautetsiek instituzioetako ordezkariei eskatu diete  eztabaida «zabala» sustatzeko AHTak kalte egindako udalerrietako eragile sozioekonomiko guztiekin, garraio zerbitzu bat izan dadin udalerri nagusiak elkar lotzeko eta ekoizpen sektoreen beharretara egokitutako salerosketen garraio zerbitzua eta ekoizpen ehuna indartzeko.

Halaber, herri borondatea errespetatzeko exijitu diete, eta babesa agertzeko Arabako, Nafarroako eta Burgosko trenaren aldeko plataformek tren publiko eta sozial baterako ondutako azterlanari. Plataformen eta Renfe eta Adif enpresetan ordezkaritza duten sindikatuen akordioen emaitza da azterlan hori, eta hainbat neurri proposatzen ditu. Besteak beste, eraikuntza fasean edo azterketa fasean dauden proposamenez bestelako trenbide aukera bat planteatzen du, eta erakutsi teknikoki eta ekonomikoki posible dela leku horietan beste modu batera lan egitea.

Sinatzaileek instituzioei eskatu diete eztabaida «zabala» sustatu dezatela AHTak kalte egindako udalerrietako eragile sozioekonomiko guztiekin, garraio zerbitzu bat izan dadin udalerriak elkar lortzeko.

Txostenaren sustatzaileek diote euren aukerak inbertsio txikiagoa eskatzen duela, ibilbide berri bat eraikitzeak baino ondorio gutxiago dituela ingurumenean, lehenago jarri ahalko dela martxan –bospasei urteren buruan– eta mantentze kostuak apalagoak izango direla –Espainiako Gobernuak proposatutako aurrekontuaren erdia–.

Sinatzaileek gogoratu dute dagoeneko badela «ahalmen handiko» tren azpiegitura bat, baina XXI. mendeko erronka eta beharrei aurre egiteko inbertsioen beharra duela. Iritzi diote gaur egungo tren azpiegitura egokitzeko egin duten proposamenak bide emango liokeela pertsona eta salerosketen garraioari, eta ekoizpen sektoreen eta gizartearen beharrak beteko lituzkeela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.