AHTrentzako zundaketa egiten hasi direla salatu dute Goierrin

Stop AHT Zundaketak ekinaldiak hiru eguneko bizikleta martxa antolatu du. Sakana, Arabako Lautada eta Goierri zeharkatu ditu. Elkarretaratzea egin dute Beasainen

Txirrindulariak, plazara sartzekotan. JON URBE / FOKU.
Jone Arruabarrena.
Beasain
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
«AHTrik ez! Herria bizirik!». Aldarri ozenek bete zuten atzo Beasaingo (Gipuzkoa) Erauskin plaza. Han bildutako dozenaka lagunak Nafarroa etorbidera begira-begira ari ziren, oihu artean. Lagun talde handi bat agertu zen handik, bizikletan. Oihuak txalo bihurtu ziren lehenengo bizikletak plaza zapaldu bezain laster: Beasainera iritsi berria zen AHTrako zundaketa geologikoen aurkako bizikleta martxa. Abiadura handiko trenaren kontrako aldarriak zekartzaten bizikletei lotutako koloretako banderetan, eta horiei batu zitzaizkien laster txirrindulariek zabaldutako pankarta zuriak; «Natura eta landa lurrak suntsituz ezin da herria eraiki», zioen handienak.

AHTaren aurkako zenbait plataformak osatutako Stop AHT Zundaketak ekinaldiak antolatu du hiru eguneko martxa. Sakana, Arabako Lautada eta Goierri lotzen dituen bizikleta ibilbidea osatzen ari dira ostiraletik igandera, eta bidean geldialdiak egingo dituzte zenbait ekintza egiteko, atzo Beasainen egin zuten gisara. Zundaketek eta, oro har, AHTa eraikitzeak dakarren «inpaktu katea» salatu nahi dute martxaren bidez, antolatzaileek esan dutenez.

Atzo, bizikletak heltzerako elkarretaratzea egiteko deia zabaldua zeukaten. Erauskin plazan batu ziren, 13:00etan. Protestan ari zirenek Goierrin zundaketa horiekin zerikusia daukaten gertakariak salatu zituzten. Landarlan ingurumen elkarteko Edurne Huesak hartu zuen hitza, eta azaldu maiatzaren erdialdean jaso zutela Goierriko zenbait udalekAHTaren Iruñea-Ezkio lotura egiteko ibilbidea aztertzeko zundaketa lanen inguruko dokumentazioa. Huesaren arabera, zundaketa lan horietako batzuk herri lurretan egitekoak ziren, eta beste batzuk lursail pribatuetan: «Gertakari hura sorpresa handia izan zen, udalek eta jendarteak ez baikeneukan obra honekin aurrera egiteko asmoen inongo berririk». AHTaren aurkako plataformek bildutako informazioaren arabera, Goierri eskualdeko Ataun eta Idiazabal udalerriei (Gipuzkoa) eragingo diete gehien zundaketek. Hala ere, bi herri horietan zundaketez arduratu diren enpresek gauzatutako prozedura «erabat desberdina» izan dela nabarmendu zuen Huesak. Idiazabalen, lur pribatuen jabeen datuak eskatu zizkion enpresak udalari, eta Ataunen, berriz, enpresako ordezkariak zundaketa lekura joan ziren, eta lur jabeei ahoz ohartarazi zundaketez.

Horren ondoren, plataformek salatu dute udalei beharrezkoak diren baimenak eskatu gabe hasi zirela lur horietan zundaketak egiten, ekainaren 6an: «Zorionez, Ataungo Udalak berehala geldiarazi zuen zundaketa, eta, oraingoz, bertan behera geratu dira lanak, exijitzen dizkieten baimenak behar bezala tramitatu artean». Olaberrian (Gipuzkoa), ordea, udalak zundaketak egiteko baimena eman duela adierazi zuen Huesak.

Plazara bertaratutakoek adi-adi entzun zuten hitzaldia. Pankarta baten atzean entzun zuen Beñat Imaz Ernaiko kideak ere, bizikletatik jaitsi berri: «Euskal herritarrak garen heinean, garrantzitsua da gure lurra defendatzea, batez ere gazteok etorkizuna garelako».

Izan ere, martxari buruz galdetuta, «ontzat» jo zuten antolatzaileek: «Jende asko etorri da. AHTaren aurkako borroka suspertu dela dirudi». Herritarrek zundaketa baten berri izanez gero eman beharreko pausoak ere azaldu dituzte: «Jarri zure herriko udalarekin harremanetan, eta deitu Stop AHT Zundaketak plataformako telefonora: 656-71 11 30».

Ataundik Irurtzunerako bidea egingo dute gaur, eta, bidean zehar, Lakuntzan eta Uharten egingo dituzte geldialdiak (Nafarroa). Herri bazkariarekin emango diote amaiera ekinaldiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.