Ahurtiko zahar etxea, gatazka artean

Zahar etxearen itxiera iragarri zuen larunbatean Akitania Berriko osasun agentziak, funtzionamenduan «disfuntzio larriak» atzeman dituztelakoan. Egoitzaren zuzendariak salaketa ezarriko du agentziaren kontra, «idazki publikoen faltsutzeagatik».

Ahurtiko zahar etxea, gaur. GUILLAUME FAUVEAU
Ahurtiko zahar etxea, gaur. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko urtarrilaren 28a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prozedura bururaino baldin badoa, 30 bat adineko pertsonari etxe berria atzeman beharko zaie, eta 44 langileri postu berria: Ahurtiko (Lapurdi) zahar etxearen hestea iragarria izan denaz geroztik, gatazka artean dago afera. Akitania Berria eskualdeko osasun agentziak eman zuen berria joan den asteburuan, hainbat «disfuntzio larrirengatik» Ahurtiko Les Hortensias (hortentsiak) zahar etxeari ez ziotela aitzina egiteko baimena berrituko; gauzak horrela, hestera doa egoitza. Dominique Diharce kudeatzaileak gaur iragarri duenez, salaketa jarriko du osasun agentziaren kontra, «idazki publikoen faltsutzeagatik».

Horrela idatzi du osasun agentziak larunbatean argitaratutako agirian: «Bertan egin ditugun kontrolek agerian ezarri dituzte arau hauste bat baino gehiago, baita akats larriak ere gobernantza ereduari, gunearen mantentzeari eta giza baliabideen kudeaketari dagokienez». Kontrol horiek, hain zuzen, 2019tik geroztik egin ditu agentziak, azken biak 2025eko apirilean eta urrian. Urteak aitzina, ordea, «egoera egonkorki hobetzeko garantiarik» ez zaio eman, eta, hala, erabaki dute zahar etxearen hestea.

Alde batetik, osasun agentziak dio gaur egungo baldintzek ez dutela egoiliarren osasuna, segurtasuna eta ongizate fisikoa bermatzen. Beste aldetik, Diharce dago, Les Hortensias egoitzaren kudeatzailea, afera auzitara eramateko prest agertu dena gaur: «Idazki publikoen faltsutzea» leporatzen dio agentziari.

Ez da lehen aldia, alta, bere ardurapeko egoitza bat hetsi nahian dabiltzala, ber motako arrazoiengatik, hain justu: 2025eko bedatsean, jadanik, Kanboko (Lapurdi) Urusuia klinikari ez zion artak egiteko baimena berritu osasun agentziak; Diharce bera zen klinikaren jabea eta zuzendaria. Hala ere, kexatu da Ahurtikoaren iragarpenarekin ere, erabakia «justifikaziorik gabekoa» delakoan. Zehazki, gaur publikatutako agiri batean, horrela dio: «Zahar etxearen zuzendaritza orokorrak ezarriko du salaketa idazki publikoen faltsutzea egotzita, eta zerbitzuen ikerketa baten abiatzea galdegiten dio [Frantziako] Osasun Ministerioari».

Osasun agentziaren txostena, alta, harrigarria da: adibidez, aipatzen dute suteetarako segurtasun arauak ez direla beteak, erremedioen «zirkuituak» irregulartasunak dituela, «higienea problematikoa» dela... Eta, zehazten dutenez, aldiro-aldiro «azaleko» hobekuntzak baizik ez dituzte egiten zuzendaritzakoek.

Berrantolaketara bidean

Gaurtik goiti, behin-behineko administrari bat dago trantsizioaz arduratu ahal izateko. Haren eginbehar nagusia egoiliarren lekualdatzea antolatzea izanen da, «haien familiarekin edo tutoreekin harremanean» jarrita. Eta gaur egun Les Hortensias zahar etxean aritzen diren langileei lanpostu berriak atzemateaz ere arduratu beharko du.

Behin trantsizio elementu horiek trenkaturik, orduan egoitza hetsi behar lukete: iragarri dutenez, lau hilabeteren buruan, gutti gorabehera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.