AIk dio Jaurlaritzak justizia izateko aukera itxi diela Poliziaren biktimei

Amnesty Internationalek euskal agintariei eta alderdiei eskatu die giza eskubideek gidatzeko aro berriaren «ibilbide orria»Eusko Jaurlaritzari tortura salaketak ikertzea galdegin dio erakundeak

Aitor Imaz, Esteban Beltran eta Nicola Duckworth AIko arduradunak, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
AI Amnesty International erakundeko goi mailako ordezkaritza bat Euskal Herrian izan da, ETAk indarkeria utzi ostean hasi den aro politikoa aztertzeko. Patxi Lopez lehendakariarekin, Iñigo Lamarka arartekoarekin, Jesus Loza Bizikidetzarako arduradunarekin eta EAJ, PSE-EE, PP, Aralar eta Amaiurreko ordezkariekin batzartu dira Nicola Duckworth , Esteban Beltran eta Aitor Imaz AIko arduradunak.

Euskal Herrian bizi den egoera politikoa aztertuta, AIk uste du giza eskubideek une oro gidatu beharko luketela aro berriaren «ibilbide orria», eta norabide horretan urratsak egiteko hainbat eskaera eta aholku eman dizkie EAEko erakundeei. Izan ere, AIko kideak «kezkatuta» agertu dira giza eskubideen urraketa batzuen inguruan Jaurlaritzak duen jarrerarekin. Besteak beste, kezka azaldu dute Jaurlaritzak ez dielako Poliziaren biktimei justiziarako eskubidea bermatzen. Nicola Duckworth erakundearen ikerketa saileko arduradunak azpimarratu du Jaurlaritzak Poliziaren biktimak onartzeko landu duen dekretua «norabide onean» doala, baina salatu du lehen dekretu horretan zein lantzen dabilen bigarrenean biktimek justiziarako duten eskubidea «baztertuta» geratu dela.

Biktima orok egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubidea izan behar dituela gogoratu dio Duckworthek Jaurlaritzari, eta egiteke duen dekretuan torturaren biktimak ere aintzat hartzeko eskatu dio. Zehazki, dekretu horretan torturak jasan dituztenen baina hil ez direnen kasuak jasotzea proposatu dio.

Izan ere, AIk uste du Euskal Herrian «konpondu gabeko arazoa» dela torturaren gaia, eta biktima horiek «mugatua» dutela justizia izateko aukera. Haren aburuz, «kezkagarria» da Jaurlaritzak aintzat hartu ez izana Poliziaren gehiegikeriak eta tortura kasuak ikertzeko Arartekoak eman dizkion aholkuak. AIk uste du Jaurlaritzak tortura salaketak ikertu beharko lituzkeela, «torturak salatzen dituztenak auzitara eraman beharrean». Tortura eta tratu txarren salaketen inguruko «ikerketa zorrotzak eta independenteak» egitea beharrezkoa dela nabarmendu du, era berean.

Halaber, Ertzaintzaren giza eskubideen urraketak ikertuko dituen «tresna independente eta inpartzialak» abian jartzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Iñigo Cabacas gaztearen heriotza gogoan hartuta egin dio eskari hori, aurretik Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari gutun bidez egindako eskaera bera berretsiz. AIko ordezkariek jakinarazi dutenez, proposamena aztertzeko konpromisoa hartu du lehendakariak.

Horrez gain, Ertzaintzak indarkeria giza eskubideen nazioarteko araudia errespetatuta erabiliko duela bermatuko duten «protokoloak eta irizpideak» martxan jartzeko proposatu dio AIk Jaurlaritzari. Gomazko piloten erabilera zorrotz arautzea ere galdegin dio, horiek «neurriz kanpo» erabiltzeak giza eskubideak «larriki» urratu ditzakeelako. «Abagune berria aukera ezin hobea da giza eskubideen errespetuan urratsak egiteko, baita Ertzaintzaren aldetik ere», azpimarratu du.

«Salbuespen legeak»

Duckworthen ustetan, ezinbestekoa da gaur egun indarrean dauden «salbuespen legeak» bertan behera uztea; besteak beste, «terrorismoaren aurkako legediaren» eta Alderdien Legearen hainbat artikulu desagertzeko eskatu du. AIko ordezkariak nabarmendu duenez, Ertzaintzak utzi egin behar dio atxilotuen inkomunikazioa erabiltzeari, torturak ahalbidetzen dituelako.

Euskal presoei dagokienez, amnistia ematearen aurka agertu da, baina presoei barkamen neurriak ematea babestu du. Gainera, presoak euren jaioterrietatik hurbilen dauden espetxeetara eramatearen alde agertu da, giza eskubideen nazioarteko araudiak dioena betetzea delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.