Guardia Zibilak Ainara Bakedano atxilotu du gaur goizean Madrilen, lehengo astean euskal gazteen aurka egindako polizia operazioarekin lotuta. Orduan saiatu ziren hura atzematen, Iruñerrian, baina gaztea ez zegoen etxean. Gaur bere kabuz joan da Espainiako Auzitegi Nazionalera, eta han atxilotu dute. Orain inkomunikatua daukate.
Ruben Sanz eta Miguel Fernandez ere aurkeztu dira auzitegian, baina ez dituzte atxilotu. Bihar goizerako hitzordua jarri diete.
Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak 35 gazte atzeman zituzten lehengo astean -34 asteartean eta bat larunbatean-, Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Haietatik 31 kartzelara bidali zituen epaileak, Segi gazte erakundekoak direlakoan "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta. Beste laurak baldintzapean utzi zituen libre.
Larunbatean milaka lagunek salatu zuten gazte independentisten aurkako sarekada, Bilbon egindako manifestazioan.
atxiloketa