Ainhoa Barbarin presoari hirugarren gradua kendu diote

Sare Herritarrak elkarretaratzera deitu du biharko, abuztuak 4, Urretxun. Salatuko dute epaitegiak «boikot» egiten ari direla euskal presoen eskubideei.

Gradu erregresioen kontrako mobilizazioa, Donostian, uztailaren 28an. ANDONI CANELLADA / FOKU
2023ko abuztuaren 3a
09:54
Entzun 00:00:0000:00:00

Ainhoa Barbarin Urretxuko (Gipuzkoa) presoari joan den ostegunean onartu zioten hirugarren gradua, baina Espainiako Estatuko Fiskaltzak helegitea aurkeztu dio erabaki horri, eta, Espetxe Zaintzako Epaitegiak erabaki bat hartu bitartean, espetxera itzuli beharko du.

Sare Herritarrak salatu du fiskalak «beste behin ere» euskal presoek hasitako bidea «oztopatu» duela. Taldeak gogora ekarri du Barbarinek bi aldiz eskuratu duela hirugarren gradua, eta bi aldietan eten egin diotela «legeak dioen bideari jarraituz birgizarteratzea fasean aurrera egiteko aukera». 2022ko urrian eman zioten hirugarren gradua lehen aldiz, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den otsailean kendu zion hirugarren gradua lehen aldiz.

Fiskaltzak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak «elkarbizitza zangotrabatzen» jarraitzen dute, Sareren hitzetan: «Legeak ez du inolaz ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte». Euskal presoak etxeratzeko urratsak egitea «eskakizun demokratiko bat» da, haren arabera, eta «salbuespenezko auzitegiek ez lukete behin eta berriz boikotatu beharko».

21 urte dira Barbarin preso dagoela, zigorraren bi herenak beteak ditu, eta, beraz, Sareren esanetan, «baldintza guztiak betetzen ditu hirugarren graduan egoteko». Fiskaltzaren erabakiagatik protesta egiteko, elkarretaratzea egingo dute bihar, ostirala, 20:00etan, Urretxuko Potros plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.