Aldaketarik ez; aire zabalean maskara kenduta ibiltzea libre izango da, ingurukoekin 1,5 metroko distantzia edukiz gero. Atzo Espainiako Kongresuan berretsitako errege dekretuak hala zehazten du: «Dekretu honek egoera jakin batzuetan baino ez du onartzen malgutzea», jartzen du: «Arau orokorra da maskarak soinean eraman behar direla».
Ekainaren 24an jarri zuen neurri hori indarrean Espainiako Gobernuak, baina oraindik berresteko zegoen, eta desadostasunak sortu ditu. Atzo bertan, Eusko Jaurlaritzako arduradunek jakinarazi zuten Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk gutun bat bidali diola Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi, besteak beste maskaren erabilera derrigortzeko neurriak eskatzeko.
Ekainaren amaieratik hona, gainera, asko okertu dira izurriaren datuak, transmisioa izugarri igo da, eta zenbait erakunde maskaren erabileraren malgutzearekin lotzen ari dira igoera hori. Osasun ministro Carolina Dariasek, hala ere, neurri «zuhurra» dela argudiatu du, eta esan egoera epidemiologikoa aldatu egin dela txertaketa datuekin. Onartu du maskararik gabeko jendearen pilaketak ere ikusi direla han-hemenka, eta gogorarazi arduraz jokatzea garrantzitsua dela.