«Indarkeria bikarioa genero bortizkeria da. Horrela garatuko dugu legean». Hitz horiekin iragarri du gaur Ana Redondo Espainiako Berdintasun ministroak indarkeria bikarioari buruzko araua aurrera doala: ia urte erdi berandu, baina jada onartu du lege aurreproiektua Ministroen Kontseiluak, eta Kongresura igorriko du uda ostean. Bortizkeria molde hori definituko dute arauan, Espainiako Zigor Kodean txertatuko dute eta biktimak babesteko neurriak sendotuko dituzte, batez ere haurrak aita erasotzaileengandik aldentzeko: guraso ahala eta bisita erregimena kenduko dizkiete genero indarkeriagatik zigortutako gizonei.
Gizonek bikotekide duten edo izan duten emakumeen aurka egiten duten genero indarkeria molde bat da bortizkeria bikarioa: andreei «ahalik eta min eta sufrimendu handiena eragiteko» beste pertsona batzuei eraso egitean datza; seme-alaben aurkako bortxa da ezagunena, baina gurasoen, neba-ahizpen edo bikotekideen kontra ere egin daiteke. Definizio horixe jasoko du Indarkeria Bikarioaren Aurkako Neurriei buruzko Lege Organikoak, datozen hilabeteetan onartzen bada. Redondok nabarmendu du auziaren eragina «esanguratsua» dela, eta askotariko egoerak hartuko dituztela kontuan: «Umeen hilketak dira kasurik gordinenak, baina harago doa: tratu txarrak, mehatxuak, haurrak indarkeria egoeretan, erasoak...».
«Adingabearen interes gorena ez da tratu txarrak ematen dituen norbaitekin bizitzea. Erasotzaile bat ez da aita ona»
ANA REDONDOÂ Espainiako Berdintasun ministroa
Lege testu «konplexua» dela nabarmendu du ministroak, beste arau askotan aldaketak txertatzen dituelako: «Teknikoki zorrotza da, baina biktimen bizipenetatik hurbil dago». Zailtasunetako bat izan da indarkeria bikarioa bera definitzea eta Zigor Kodean jasotzea: testuaren hasierako bertsioan berariazko delitu gisa ageri zen, baina tipifikazio hark nahi gabeko ondorio larriak ekar zitzakeen; besteak beste, emakumeak eurak zigortzea. Hala, delitu gisa jaso ordez, genero larrigarri gisa jaso dute, eta horrek ekarriko du kondena handiagoak ezarri ahal izatea: zigor tartearen erditik gora jarri beharko dute epaileek.
Zigor sistemaren eta legedia zibilaren arteko talka
Redondok nabarmendu du «behetik gora» landu dutela testua, indarkeria matxistaren biktimen eta ama babesleen elkarteekin. Eragile horiengandik jasotako kezka nagusiari erantzun nahi diote legearen bidez: «Emakume askok ikusi dute zigor sistema eta legedia zibila ez datozela bat: aita erasotzaile bat zigortzeak ez du ekarri ondoriorik seme-alaben zaintza eta bisita erregimenean». Bada, zigor sistema eta eremu zibila «uztartzeko» eta justiziaren arlotik «erantzun holistiko, koherente eta globalagoak» emateko, haurren zaintzarekin lotutako hainbat neurri aurreikusi dituzte legean. Funtsean, araua onartzen bada, genero indarkeriagatik zigortutako aitei guraso ahala eta bisita zein egonaldi erregimena kenduko dizkiete.
Emaztearen edota seme-alaben aurkako delitu larri batengatik kondenatutako gizonei edo auzibidean daudenei eragingo die neurriak; bizitzaren edo osotasun fisiko zein psikikoaren aurkakoak dira delitu larriak, baita sexu askatasunaren kontrakoak ere. Zigor epai irmoa duten gizonei automatikoki kenduko diete guraso ahala; eta epai irmorik gabe ere, guraso ahala amari bakarrik ezarri ahalko zaio «indarkeria zantzu sendoak» daudenean, edo aita genero-indarkeria auzibide batean murgilduta dagoenean.
Aurreko egoera horietan, gainera, aita erasotzaileei ezingo zaie bisita eta egonaldi erregimenik ezarri, ezta kartzelan daudenean ere, behin-behinean izan arren. Dena den, salbuespen gisara, arauak epaileei aukera emango die bisita erregimena ezartzeko, betiere «adingabearen interes gorenean oinarrituta», hura entzun ondoren, eta arriskurik antzematen ez bada. Zaintza erregimena ere «mugatu» ahalko da «haurren edo nerabeen osasun fisiko, psikiko edo emozionalerako kaltegarria izan daitekeenean». Ildo horretan, adingabeei eta elbarritasunen bat duten adindunei entzuteko betebeharra txertatuko dute legedian, «edozein dela euren adina eta heldutasun maila», zaintza erregimenaz ebatzi baino lehen, baita haiengan eragina izan dezaketen bestelako auzietan ere. «Obligazio bat izango da epaileentzat», esan du ministroak.

J.J. GUILLEN / EFE
Bortizkeria matxista jasan duten emakumeen aspaldiko eskaerak dira horiek, eta irmo defendatu ditu Redondok: «Adingabearen interes gorena ez da tratu txarrak ematen dituen norbaitekin bizitzea. Erasotzaile bat ez da aita ona». Izan ere, aita horiek guraso ahala galtzea oso zaila izan da orain arte, eta erasotzaile askok horixe erabili dute, adibidez, seme-alabek arreta psikologikoa jaso zezaten eragozteko. Halako kasuei ere erreparatuko diete lege berrian: nahikoa izango da amaren baimena, nahiz eta erasotzaileak jakinaren gainean egon beharko duen; eta salaketarik ez den bortizkeria kasuetan ere, emakumea genero indarkerian espezializatutako zerbitzu batek artatuz gero eta haren biktima izaera egiaztatuz gero, seme-alabek arreta psikologikoa jaso ahalko dute aitaren baimenik gabe.
Neurri «sinboliko» batzuk ere jaso asmo dituzte arauan, hala nola aita erasotzaileen abizenak kentzeko aukera ematea, «baita hildako umeei ere». Gainera, botere judizialaren legea ere aldatuko du, justiziaren eremuko eragileei berariazko trebakuntza eman diezaieten genero ikuspegiaz, haurren ikuspegiaz, elbarritasunez eta intersekzionalitateaz; formakuntza hori «derrigorrezkoa» izango da genero indarkeria edo familia auzitegietako epaileentzat.
Orain arte, ibilbide zaila
Espainiako Ministroen Kontseiluaren oniritzia jasota, Gorteetarako bidea hartuko du indarkeria bikarioari buruzko legeak, eta ikusteko dago onartzeko astia izango duten. Izan ere, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak agintaldia agortuta ere, urtebete baino gutxiago geratuko litzaioke legeari Kongresutik eta Senatutik igarotzeko: badago denbora, baina adostasunak ere behar dira. Ildo horretan, Redondok gogora ekarri du iazko otsailean genero indarkeriaren aurkako estatu ituna onartu zutela Gorteek, eta alderdi guztiek babestu zutela, Voxek izan ezik; gainera, adierazi duenez, han indarkeria bikarioaz jasotako edukiak eraman dituzte legera: «Neurriak adostuta daudenez gero, espero dugu prozesu parlamentarioan onartu ahal izatea».
Orain arteko ibilbidea, dena den, ez da erraza izan. Izan ere, otsailean onartu behar zuen Ministroen Kontseiluak testu hori, baina desadostasun nabarmenak agertu zituzten arauaren beste bi sustatzaileek, hots, Justizia Ministerioak (PSOE) eta Haurren eta Gazteen Ministerioak (Sumar). Desadostasun horien oinarrian zegoen bortizkeria bikarioaren delitu tipifikazioa; biktimen elkarteek eta talde feministek eurek ohartarazi zuten hasierako definizioak «segurtasun juridikorik gabe» uzten zituela andreak, eta genero ikuspegirik gabe planteatuta zegoela araua. Redondok gaur aitortu du eztabaida juridikoa konplexua izan dela, eta indarkeria bikarioaren inguruko «interpretazio diferenteak direla eta», larrigarri gisa ezarri dutela, eta ez delitu gisa. «Indarkeria bikarioaren oinarria matxismoa baita: dena bere jabetzakoa dela ulertzen duen horrek egiten du, bere seme-alabei minik handiena eragiteraino».

