Aita Mari salbamendu humanitarioko ontzia Bariko portura (Italia) bidean da, atzo erreskatatutako hamahiru lagunak han uzteko asmoz. Larunbat gauean iristea espero dute, Iñigo Mijangos kapitainak azaldu duenez.
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen ontziak atzo eguerdian erreskatatu zituen noraezean zebilen txalupa bateko kideak, Italiako SAR gunean. Denera, hamahiru lagun, tartean lau adingabe. Euskal eskifaiaren arabera, noraezean zebiltzan ostegunetik, abuztuaren 14tik, eta «deshidratazioaren eta akiduraren sintomak eta zorabioak» zituzten; zenbaitek, eguzkiak eragindako erredurak ere bai. Dena dela, azaldu du suspertzen ari direla, eta «ondo» daudela.
Mijangosen esanetan, salbamendua «azkarra» izan zen, baldintza meteorologiko egokiek lagunduta. Behin hori eginda, Barirako bidea hartu zuten. Izan ere, nahiz eta nahiago zuten eremua beste 24 orduz ikuskatu, Italiako legediak erreskate bat egin eta berehala porturatzera behartzen ditu ontziak.
Aita Mari abuztuaren 15ean abiatu zuen bere hamaseigarren misioa, Castelloko portutik (Herrialde Katalanak) Mediterraneo erdialderako bidea hartuta. Bidean, Mallorca inguruan (Herrialde Katalanak) zeuden beste bi ontziri ere laguntza eman zieten. Txalupa batean hamabost pertsona zeuden, tartean bost haur, eta bestean 25 pertsona, tartean zazpi haur.