Duela minutu batzuk Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak sare sozialetan zabaldu duenez, mediterraneo itsasoaren erdialdean, Maltako uretan, «noraezean» zeuden 50 pertsona lagundu ditu itsasontziak. Azaldu dute erreskatatu dituzten pertsona horiek Libiatik atera zirela, eta salbu daudela oraingoz. Ordu batzuk Libia eta Italia artean igaro ondoren erreskatatu ditu ontziak. Lau adingabe daude erreskatatu dituztenen artean, hamasei eta hamazazpi urte bitartekoak.
Itsas Salbamendu Humanitarioak kudeatzen du Aita Mari orain, eta Adrako (Almeria, Espainia) portutik atera zen maiatzaren 8an. Gaurkoa bigarren erreskatea litzateke. Izan ere, lurra utzi eta gutxira, hamasei pertsona zeramatzan txalupa bati lagundu zion ontziak.
Antonio Trives kazetaria ere ontzian dago, eta, duela egun batzuk Twitter bidez azaldu zuenez, Aita Mari Libiatik atera ziren 95 pertsonaren bila zebilen. Hala ere, azkenean, Libiako eta Tunisiako kostazainek erreskate bat antolatu zuten haiengandik hurbil zebilen merkataritza ontzi baten bidez. Kazetariaren arabera, oraindik ez dakite zer gertatu den erreskatatu zituzten pertsonekin.