'Aita Mari', lasaitasunaren itsasargia

Txatarretara zihoan atunontzia, Mediterraneoan erreskateak egiten dituen itsasontzi bihurtua. Hasi da 'Aita Mari'-ren hemeretzigarren misioa. Europako legedi zorrotzari aurre eginez, bizitza salbatzen die indarkeriatik ihesi dabiltzanei.

'Aita Mari' itsasontzia erreskatatze operazio batean, artxiboko irudi batean. BERRIA
'Aita Mari' itsasontzia erreskatatze operazio batean, artxiboko irudi batean. BERRIA
2026ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtero milaka pertsona hiltzen dira Mediterraneoa zeharkatzen. Ez da pertsona horien hautua izaten zeharkaldia, behartutakoa baizik. Horiek horrela, duela hamarraldi bat baino gehiago, boluntario talde batek atunontzi zahar eta erabilgaitz bat hartu eta bizitzak salbatzen dituen itsasontzi bihurtu zuen. Itsasontziak Aita Mari du izena, eta ahalegin kolektiboaren istorio baten emaitza da; Mediterraneoan hilzorian daudenen itsasargia.

2017tik Mediterraneo itsasoan nabigatzen dabil, gosetik, gatazketatik eta indarkeriatik ihesean dabiltzan pertsonak erreskatatuz. Itsas Salbamendu Humanitario (ISH) gobernuz kanpoko erakundea arduratzen da proiektuaz.

Misioak Mediterraneo itsasoaren erdialdean egiten dituzte, Libia eta Tunisiako kostatik Sirakusaraino (Sizilia, Italia). «Libiako egoera gero eta okerragoa da, eta migratzaileak herrialdearen hegoaldetik ateratzen hasi dira, ibilbide arriskutsuago batetik», azaldu du Ana Perez ISHko partaideak (Bilbo,1961). Euskal Herriko eskoletan barrena formakuntzak eskaintzen ditu Perezek, migrazioaren inguruko estereotipoei aurre egiteko.

Beste irteera bat

Hemeretzigarren misioa uztailaren 17an abiatu zen, Santurtziko portutik (Bizkaia). Itsasontziaren barruan, betiko moduan, tripulazio profesionala eta sorosle, erizain, mediku eta kazetari boluntarioak daude. Erreskatatzen dituzten pertsonekin zubi lana egiten duten bi migrante afrikar ere egon ohi dira Aita Mari-n. «Biak marinelak dira, Afrikako hizkuntza batzuk badakizkite, eta erreskatatuak asko lasaitzen dituzte», nabarmendu du Perezek.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko 13. artikuluak zera dio: «Pertsona orok du joan eta etorri aske ibiltzeko eskubidea, baita estatu baten lurraldean non bizi nahi duen aukeratzeko eskubidea ere». Eskubidea etengabe urratzen zaie, ordea, migranteei, eta Aita Mari-koek bertatik bertara ikusten dute hori.

Aita Mari ontzikoak erreskate lanetan, Maltan. UNAI BEROIZ.
Aita Mari ontzikoak erreskate lanetan, Maltan. UNAI BEROIZ

Lopezek salatu duenez, Europako Migrazio eta Asilo Itunaren ondorioz mugak Europatik kanpoko herrialdeetara zabaltzen dira: «Orain, Europako Batasunak Libia eta Tunisiari ordaintzen die beren mugak gogortu ditzaten». Gainera, iritsi ahalako kanporatzeak baimentzen dira.

Itunak migranteen egoera zaildu du. «Libiatik ateratzen diren gehienek espetxeratze zentroetatik ihes egin dute. Bertan, emakume eta gazteak bortxatu egiten dituzte, eta gizonak jipoitu». Itsasoa gurutzatzeko moduak ere aldatzea ekarri du egoera horrek. «Gomazko ontzietan bidaiatzen hasi dira berriro», atsekabetu da Ana Perez.

Salbamendu jaka eta lasaitasuna

Aita Mari-k erreskatearen abisua jasotzen duenean hasten da tentsio gorena. Libiako kostazainek baino lehen iritsi beharra dute paterara; bestela, berriro jatorrizko herrialdera bidaltzen dituzte. «Nahiago dute bere buruaz beste egin Libiara itzuli baino, eta batzuek itsasontzitik jauzi egiten dute hiltzeko asmoz», adierazi du Perezek.

Aita Mari izaten bada iristen lehenengoa, protokoloari ekiten diote. Itsasontzia pateratik urrun geratzen da. «Asko hurbiltzen bagara, itsasontzira kontrolik gabe gerturatzen dira, eta hori saihestu beharreko momentu arriskutsuenetako bat da». Ondoren, karelez kanpoko ontzietan gerturatzen dira Aita Mari-koak. Migranteei salbamendu jaka jantzi, eta txandaka igotzen dituzte ontzira. Bertan, janaria, ura eta jantzi lehorrak emateaz gain, osasun azterketa bat egiten diete.

«Nahiago dute bere buruaz beste egin Libiara itzuli baino, eta batzuek itsasontzitik jauzi egiten dute hiltzeko asmoz»

ANA PEREZISHko partaidea

Perezek itsasontzian dauden kazetarien lana nabarmendu du. «Askotan mafia bat garela leporatzen digute, jendea Afrikatik Europara legez kanpo ekartzen dugula. Hori gezurtatzeko, kazetariak argazkiak ateratzen ditu. Guk legea betetzen dugu: itsasoan hilzorian daudenak erreskatatzen ditugu», dio.

Portu seguru batera iristean, bertako polizia eta militarrek migranteak polizia etxeetara eramaten dituzte, eta Aita Mari-koek haiekiko harremana galtzen dute, gehienetan betiko. Salbamendu itsasontzia hainbatetan portutik atera ezinik egon da, blokeatuta. Kasu aipagarrienetako bat, Perezen aburuz, 2024an izan zuten, Valentzian.

Ontzia misioetan ez dagoenean, Valentziako portuan egoten da ertzeratuta. Izan ere, Euskal Herrian egongo balitz, Iberiar penintsula guztia inguratu beharko luke Mediterraneora iristeko.

«Espainian gobernua aldatzen bada, oso zaila izango da lanean jarraitzea»

ANA PEREZISHko partaidea

Erreskate ontziek, portuan daudenean, ez dute inongo tasarik ordaindu behar. PP eta Vox Valentziako gobernura (Herrialde Katalanak) iritsi zirenean, ordea, egoera aldatu egin zen. «Portuan geundenean erreskatatzen ari ez ginela leporatu ziguten, eta 80.000 euroko isuna ezarri ziguten», azaldu du Perezek. Errekurritu, eta irabazi egin zuten. Hala ere, beldurtuta daudela dio: «Espainian gobernua aldatzen bada, oso zaila izango da lanean jarraitzea».

Blokeoak Espainiatik kanpo ere jasan behar izan dituzte. Legearen arabera, erreskate bat egindakoan migranteak «porturik gertuenean eta seguruenean» utzi behar dira. Aita Mari-ren kasuan, bi izaten dira: Italia eta Malta. «Maltak ez du inoiz erantzuten. Italiak ez du migranterik nahi, baina, behartuta dagoenez, beti urrutien daukagun portura bidaltzen gaituzte», adierazi du Perezek. Bitarte horretan, ezin dute beste erreskaterik egin. «Horrela, zera lortzen dute: misioan lau erreskate egin beharrean bi edo gutxiago egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA