Benedikto XVI.ak dimisioa ematen duen egunetik —alegia, otsailaren 28tik— aurrera, hurrengo aita santua izendatzeko prozesua jarriko dute martxan Vatikanoan. Federico Lombardi Vatikanoko eledunak iragarri du hamabost egun inguru beharko dituztela, eta espero dutela martxoan bertan izendatzea 266. aita santua.
Aita santua hil egiten denean, bederatzi eta hemezortzi egun artean igarotzen dira aurreneko konklabea edo kardinalen bilera egin arte. Kardinalek zin egiten dute berriro. Normalean, sekretupeko bozketaz aukeratzen dute aita santua izango dena, eta, aurreneko konklabe horretan, beharrezkoa da hautagai batek bi hereneko gehiengoa izatea.
Inork halako babesa ez lortzekotan, beste konklabe bat egiten dute; hiru, gehienera ere. Laugarren bat egitekotan, gehiengo sinplea duen kardinala izendatzen dute aita santu. Ondoren, hari galdetzen diote kargua onartzen duen, eta, baiezkoa ematekotan, zein izen erabili nahi duen.
Joan XXIII.ra arte, aita santuaren izendapenaren berri emateko botatako errauts zuria kardinalen boto-paperak erretzeak sortutako kea zen. Orain, agiri historiko gisara gordetzen dituzte botoak, nahiz eta errauts txuriaren ohiturarekin jarraitzen duten.