Hitz katedrako zuzendaria

Aitor Soroa: «Hemen garatzen den teknologia leku askotara esporta daiteke»

Euskararentzat sortutako eta garatutako hizkuntza teknologiak beste herrialde batzuentzat baliagarriak direla uste du Soroak. Hitz katedran bat egin dute adimen artifizialarekin lan egiten duten ikerketa talde eta enpresa batzuek.

Aitor Soroa, Hitz katedrako zuzendaria. GORKA RUBIO / FOKU
Aitor Soroa, Hitz katedrako zuzendaria. GORKA RUBIO / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian bada hizkuntzaren prozesamenduan oinarritutako adimen artifiziala ikertzen, garatzen eta gizarteratzen duen ekosistema indartsu bat. Duela urtebete pasatxotik, ekosistema horrek tresna berri bat du: Hitz katedra, EHUn. Ikerketa taldeak eta enpresak daude bertan. Aitor Soroa da zuzendaria (Igeldo, Donostia, 1970). Hitz ikerketa taldeko ikertzaile eta EHUko Informatika Fakultateko irakaslea da.

Katedra bada adimen artifizialaren inguruan lanean ari zaretenen topagune moduko bat?

Gure katedra unibertsitate-enpresa deitzen direnetakoa da, eta akademiaren eta industriaren arteko topagune izateko bokazioarekin sortu da. Adimen artifizialaren sektorearen berezitasunetako bat bada ikerkuntza eta produktua oso gertu daudela; beste arlo askotan ez, beste ziklo batzuk baitituzte, luzeagoak. Horregatik, uste dugu egon behar duela topagune bat eta elkarrekintza bat kalitateko ikerkuntzaren eta industriaren artean.

Espainiako Eraldaketa Digitaleko Ministerioak bultzatu du katedra.

ENIAk [Espainiako Adimen Artifizialeko Estrategia] adimen artifizialaren inguruko 25 katedra sortzeko deialdia egin zuen. Horietako bat zen adimen artifiziala eta hizkuntza teknologiari buruzkoa. Aurkeztu egin ginen, eta katedra sortzeko diru laguntza lortu genuen.

Ez da kasualitatea Espainiako Gobernuak hizkuntza teknologiari buruzko katedra Hitz ikerketa taldeari ematea.

Hitz bada erreferentzia bat. Badakit jende asko ez dela aurkeztu bazekitelako gu aurkeztuko ginela. Urte askoko eskarmentua eta oso jende ona dauzkagu. Lehen mailako ikerkuntza egiten dugu.

«Apustu egin behar da ikerkuntza eta industria lotzen dituzten zubiak eraikitzeko, eta halako 'start-up' edo enpresa aitzindari batzuk sortzeko»

Espainiako Gobernuak badu adimen artifizialari buruzko estrategia garatzeko erakunde bat. Euskal Herriak badu estrategiarik?

Uste dut ari direla; aldaketa bat egon da. Eusko Jaurlaritzak orain beste modu batera ikusten du adimen artifizialaren arloa. Berrikuntza Itsasargiak abiarazi ditu, eta horietako bat da adimen artifizialari buruzkoa.

Euskal Herria lehiakorra izan daiteke? Hitz katedraren aurkezpenean Mikel Artetxe ikertzaileak esan zuen Frantziaren eredua baliagarria izan daitekeela.

Frantzia oso ondo kokatuta dago arlo honetan: Europako herrialderik indartsuena da. Facebookek laborategi bat sortu zuen Parisen, ikertzaile oso onekin; Facebooken adimen artifizialeko eredua sortu zuten, Llama, eta publiko egin zuten; eta ikertzaile horiek start-up bat sortu zuten, Mistral. Adimen artifizialeko eredu propioa garatu dute.

Eta aukera ikusten duzu Euskal Herrian eredu hori aplikatzeko?

Uste dugu eredu hori hona ekar daitekeela. Apustu egin behar da ikerkuntza eta industria lotzen dituzten zubiak eraikitzeko, eta halako start-up edo enpresa aitzindari batzuk sortzeko. Euskal Herria ez dago egoera txarrean horretarako: zentro teknologiko eta enpresa dezente daude. Jende asko ari da Euskal Herrian hizkuntza teknologien inguruan lan egiten.

Zer eskain daiteke?

Euskara eta eleaniztasuna asko landu dira, eta horrek aukera ona ematen du gauza berriak egiteko, oso berezituak. Euskara bezalako hizkuntza pila bat daude, eta hemen garatzen den teknologia leku askotara esporta daiteke, egoera bertsuan dauden herrialdeetara. Ez naiz ari hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeez bakarrik, baita biztanle gutxi dituzten hizkuntzez ere: Finlandia…

Hitz katedraren aurkezpenean, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak artikulu batean irakurritako dikotomia bat planteatu zuen adimen artifizialaren aurrean: ez dakiela Aladinen kriseilua edo Pandoraren kutxa ote den. Zer esango zenioke?

Adimen artifiziala teknologia bat da, tresna bat, eta, beti bezala, ondo edo gaizki erabil daiteke. Teknologia iraultzaile bat da, eta gauza asko aldatuko ditu. Prest egon behar dugu aldaketa horiei aurre egiteko, eta ikusi behar dugu zertarako den ona eta benetan zeintzuk diren arriskuak.

Zer pentsatzen duzu entzuten duzunean gizakiei aurrea hartuko diola eta mundua kontrolatuko duela?

Hori esatea denbora galtzea da. Adimen artifizialak baditu arazoak: genero alborapenak, industria handien botere kontzentrazioa, gezurrak sortzeko gaitasuna —eta haiek agerian uztekoa—… Baditu arrisku garbi batzuk, eta garrantzitsua da horretan zentratzea eta horiei buruz hitz egitea.

«Ikertu egin behar da, jakin behar da nola funtzionatzen duen, eta gai izan behar duzu zeuk ere halako gauzak egiteko, mendekotasun teknologikoa ez baita ona»

Adimen artifizialeko ereduek bakarrik ikasten dute. Kutxa beltz baten modukoak direla esaten da, eta ez dela jakiten kutxaren barruan zer gertatzen den. Gauza bat eskatu, eta egin egiten dute. Zerbait magikoa dirudi. Ez al da falta adimen artifizialari buruzko oinarrizko jakintza gizarteratzea?

Bai. Azaldu behar da kutxa beltz hori zergatik den, datuetatik ikasten dutela, patroiak eta eredu matematikoak direla.

Kasu honetan errealitatea araudiaren aurretik doa. Arautu daiteke?

Saiatzen ari dira.

Europak atzeratu egin du erraldoi teknologikoek araudia betetzeko epea, hobeto egokitzeko…

Europa, adimen artifizial indartsu bat eduki gabe, nolakoa izan beharko lukeen arautzen hasi da. Gehiegi arautu dezakezu, eta gauza batzuk ez daude oso argi. Ertz askoko eztabaida da.

Jende askorentzat adimen artifiziala ChatGPT bakarrik da, hari zerbait eskatu eta hark egitea. Ikertzaileontzat etsigarria da?

Ikertzaileon ikuspegitik, etsigarria da esatea «zertarako ikertu behar duzu, ChatGPTk dena egiten badizu?», «zertarako nahi duzu euskaraz egitea, ChatGPTk euskaraz egiten badu?». Ikuspegi motza da hori. Guk uste dugu kontrako jarrera izan behar dela: ikertu egin behar da, jakin behar da nola funtzionatzen duen, eta gai izan behar duzu zeuk ere halako gauzak egiteko, mendekotasun teknologikoa ez baita ona. Ez da utzi behar dena enpresa pribatu, superteknologiko eta erraldoi horien esku.

Googlerekin gertatu zen: zertarako gauza batzuk ikasi, guztia bertan baldin badago? ChatGPT eta horiek urrats bat harago doaz: zertarako pentsatu, guztia eginda ematen badute?

Erronka izugarria da hezkuntzan. Adimen artifizialeko ereduei esaten diezu zerbait idazteko ideia batzuk garatuz, eta egiten dute. Oso ondo idazten dute, testu koherente bat egiten dute. Batzuetan zilegi izan daiteke, lan batzuetarako, denbora aurrezteko; baina nola egiten den jakinda. Arazoa da konpetentzia hori ikasten ari direnek erabiltzea. Hor bai, zerbait egin behar da. Adimen artifiziala erabiltzen baduzu, ez duzu ikasiko, eta ez duzu jakingo ideiak egituratzen eta diskurtso bat egiten. Hor arazo handia ikusten dut hezkuntza arloan: nola egin aurre horri eta nola lortu ikasle horiek konpetentzia horiek lortzea.

KIDEAK

  • Ikerketa taldeak: EHU Euskal Herriko Unibertsitateko lau ikerketa talde daude katedran: Hitz ikerketa zentroa, Aldapa, ISG eta RSAIT. 
  • Enpresa bazkidea: Avature.
  • Laguntzaileak: Orai NLP, Ikerlan, Euskaltel/MasOrange, Multiverse eta Tecnalia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.