Miñao auzia

Aitor Telleriak bere bizitza "arriskuan" ikusten du

Ustezko espioitza auziarekin zerikusirik ez duela eta halako gaiekin lotuta "jomugan" jarri dutela uste du EAJko ABBko kide ohiak. "Errugabea" dela esan du Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordean.

2011ko urtarrilaren 21a
21:17
Entzun
Ustezko espioitza eta ustelkeriako Miñao auziaren harira zerbait gerta dakiokeen "beldur" da Aitor Telleria inputatua, gaur berak aitortu duenez. Bere bizitza "arriskuan" ikusten duela esan du Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordean, auziarekin zerikusirik ez duela eta "konponezinezko kalte pertsonal, moral, politiko, profesional eta familiar bateko biktima" besterik ez dela.

"Espioitza arazoekin" nahastu dutela-eta bere burua "jomugan" jarri dutela uste du Telleriak, eta berari edo familiari "zerbait" gertatzen bazaio "norbaiten erantzukizuna" izango dela nabarmendu du.

EAJko ABBko kide ohiak egunotan "jasan" duen "zama mediatikoa" salatu du. "Defenditzeko aukerarik ez dut izan".

Telleriak gaur deklaratu du Miñao auziko ikerketa batzordearen aurrean. Uko egin dio galderei erantzuteari, baina dokumentu bat irakurri du. "Errugabe" dela adierazi du. Hamar minutuz izan da batzordean.

Alfredo de Miguelen emazteak Eusko Legebiltzarraren jarrera "alderdikoia" salatu du

Telleriak deklaratu aurretik, Ainhoa Bilbao izan da ikerketa batzordean -Alfredo de Miguel Arabako diputatu ohi eta auzian inputatutariko baten emaztea da-. Kataia Consulting enpresako kudeatzaileetako bat izateagatik dago inputatuta. Agerraldian errugabea dela azaldu du, eta Eusko Legebiltzarraren jarrera "alderdikoia" salatu du.

Hark ere ez deklaratzeko eskubideari eutsi dio, eta agiri bat irakurri du. Bilbaok ordu eta erdiko agerraldia egin du. Hasiera batean urtarrilaren 5erako deklaratzera deitu zuten, baina ez zen agertu, eta gaurko deitu zuten. Bilbaok esan duenez, ez zuen urtarrilaren 5ean agertzeko gutunik jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.