Telebistan azaltzen da. «El programa que une a España», dio iragarkiak. Jordi Evole abesbatza zuzentzen, looo looo looo looo... Eta horrekin doinu bat: Espainiaren himnoa, letrarik gabekoa, looo looo looo looo hori izan ezik. Irudietan zenbait autonomia erkidegoren banderak. Jordiren batuta, Espainia batuta. Lo de Evole programari esker.
Ez diet kasu handirik egiten Evoleren programei —orain, Espainia batzea xede dutela jakinda, are gutxiago—. Duela urte batzuk Arnaldo Otegiri egin zion elkarrizketa eta Kuban Damas de Blanco taldeko kideekin izandako solasaldia ikusi eta nahikoa. Espainiako erreginari atsegin handiz elkarrizketa egingo liokeela azaldu berri du gizonak. Zer galdetuko liokeen, horixe zalantza. Edo ez. Izan ere, progre espainiarrek badakite noraino joan, zenbateraino arriskatu. Aurrean nor duten, betiere. Teorian errepublikanoak dira, baina praktikan monarkikoak: lehen, juancarlistak; orain, felipistak. Ezker abertzalearen ordezkari bati ETAren biolentzia zergatik ez duen gaitzesten itaundu, bai. Besteei zergatik ez duten Habanako hoteletan bonbak jartzea arbuiatzen, ez —gazte italiar bat hil zen—. Edo Miamitik erasoak egitea agindu zuen eskuin muturreko jendearekin zituzten harremanei buruz. Talde horrek antzina adierazi zuen ez zuela inoiz ere gaitzetsiko castrismoari min emateko egindakorik, edozer izanda ere. Horretaz guztiaz galdetu ez, ordea. Gozo-gozoa kazetaria. Lotsagarria.
Aitormena, Hertzainak-en kanta mitikoa, abestu dute La Revuelta programan, Espainiako telebistan. Eta gu pozak zoratzen. Euskarazko kanta bat! Euskarak ere batzen ditu espainiarrak? Horixe! Katalanak bezainbat! Euskara dela eta, galdetuko diegu Jordi Evoleri eta David Broncanori Euskal Herrian jendaurrean lan egiteko ezinbestekoa izan beharko ote lukeen? Espainiera zernahitarako eskatzen badigute, zergatik ez exijitu euskara ere? Zer esango lukete? Eta autodeterminazioari buruz? Eskubide horren alde daude ala beren egiten dituzte haien nagusien hitzak, hau da, «Espainiari buruz espainiar guztiek erabaki behar dute»? Badakigu zein den PSOEren eta ingurukoen mezua: «Subiranista pasiboak, bai; independentista aktiboak ez!». Bestela, 155. artikulua eta eskuin muturrarekin manifestazioan Espainiaren batasunaren alde.
«Aitormena? Ez dute zertan gu ondo sentiarazteko ahaleginik egin. Estimatua da, baina ez. Aitormena? Bada garaia lehenbailehen aska gaitezen»
Zer telebista emanaldik elkartzen gaitu euskaldunok? Behinola Goenkale izan genuen erreferentzia. Euskaldunok biltzen gintuen nolabait, baina ez euskal herritar erdaldunak. Zergatik? Euskaraz zegoelako. Izan ere, euskarak bereizten gaitu besteengandik eta elkarrengana batzen. Egun, une jakin batzuetan gerta daiteke hori: Zetak-en zuzeneko kontzertu bat, bertsolari txapelketaren finala... El Conquis-ek Hegoaldeko herritarrok erakartzen ditu, euskaldunak zein erdaldunak, espainieraz baita. Konkistatuak beste lurralde batera kolono joan, konkistatzaileen hizkuntzaz mintzo. Vaya semanita bezalako programek jarraitzaileak dituzte hemen eta kanpoan. Oso gustura ikusten ditugu esketxak. Hain gustura, non pertsonaiak eta pertsonak nahasten ditugun. Eta punkek alaba mojen eskolara eramaten dutela esaten digutenean —ez eskola publikoaren D eredura, ez ikastolara—, orduan desengainua.
Espainia batzen dute Evolek eta Broncanok. Espainia plural koloretsua. Aitormena telebistan. Hori oilo-ipurdia! Tranpa ederra: progre espainiarren laztan gozo zuria, espainiar eskuindarren zartada latz beltza ez bezalakoa. Aitormena nahi dute, baina erreboltarik gabe. Zeinen jatorrak diren gure espainiar plurinazionalak. Aitormena nahi dute? Ez gaude eroso Espainian, herri moduan bizirauteko bermerik eskaintzen ez digulako. Aitormena? Ez dugu haien internazionalismo eta elkartasun gorri horietan sinesten. Aitormena? Donapaleuko euskaldun batengandik hurbilago sentitzen gara Baenako espainiar batengandik baino. Aitormena? Ez dute zertan gu ondo sentiarazteko ahaleginik egin. Estimatua da, baina ez. Aitormena? Bada garaia lehenbailehen aska gaitezen.