Euskara

Aitziber Garmendiari egingo diote ‘Arnasa Gara’ kanpainaren bigarren elkarrizketa

Aitziber Garmendia aurkezle, antzezle eta umoristari egingo diote elkarrizketa, eta Hitanoarekin, busti gehiago ikus-entzunezkoaren inguruan jardungo dute zuzenekoan.

Aitziber Garmendia, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES
2021eko martxoaren 30a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun ugari dira UEMAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren Arnasa Gara kanpaina aurkeztu zutela. Udalerri euskaldunetako eta euskararen arnasguneetako tokian tokiko testuinguru ugariak zein diren adierazteko, eta horren inguruan hausnartzeko asmoz egin dute kanpaina. Hiru Damatxo ekoiztetxeak egindako zortzi ikus-entzunezko dira kanpainaren ardatza, eta bideo horietako bakoitzean udalerri euskaldunetan ohikoak diren zenbait testuinguru girotzen dira.

Pilula horiekin batera, elkarrizketa bat egingo dute astero: iragan astean egin zuten lehena –Antton Telleria irrati esatari, aurkezle eta umoristarekin–, eta bihar egingo dute bigarrena, Aitziber Garmendia aurkezle, antzezle eta umoristarekin. Arratsaldean izango da, 17:00etan, eta BERRIAren Instagram kontuan jarraitu ahal izango da.

Biharkoan, hitanoaren inguruan mintzatu dira, eta Hitanoarekin, busti gehiago ikus-entzunezko pilula izango dute hizpide. Erika Olaizola, Ainhoa Etxebarria eta Iratxe Urkiaga antzezleak ageri dira pilula horretan; azken horiek bikote dira, eta terapeuta baten –Erika Olaizola– kontsultara joan dira haien harremanean dituzten hutsune eta gabeziak guztiak gainditu nahian. Haien arteko sugarra apaldu egin dela dio bikoteak, eta etsita ageri dira; izan ere, ezerk ez diela funtzionatzen aitortu dute. Hala, hika metodoaren berri ematen die medikuak, eta metodo hori probatzeko gomendatzen die.

Horixe da bideoarekin transmititu nahi dena: hitanoak hurbiltasuna eta konplizitatea dakarrela, eta, izenburuak dioen bezala, hitanoarekin gehiago busti beharko litzatekeela. «Hika aritzeak hizkuntzaren bizitasuna erakusten du. Baita hurbiltasuna, laguntasuna eta konplizitatea ere», adierazi dute antolatzaileek ohar batean. Pilula hori ikusgai dago dagoeneko, eta Arnasagara.euswebgunean eta sare sozial ugaritan ikus daiteke jada.

Antton Telleriaren eta Aitziber Garmendiaren ondoren, beste euskal sortzaile ugari ere elkarrizketatuko dituzte, eta astero egingo dute elkarrizketa bat, guztiak BERRIAko Instagram kontuan. Besteak beste, Eñaut Elorrietari, Ander Lipusi, Ainhoa Etxebarriari edota Sambou Diabyri egingo diete elkarrizketa, eta zuzeneko horietan guztietan aste horretan plazaratu duten testuinguru jakin baten inguruan hausnartuko dute. Horrela, euskararentzat arnasgune diren udalerrietako herritarrei aitortza egin nahi diete, hizkuntza ohituren inguruan izan ditzaketen pentsamenduaren inguruan gogoeta egitera gonbidatu eta euskaraz hitz egiteko ahaldundu daitezen animatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.