Hezkuntza

Akademia Ikuskariak hiru murgiltze klaserentzat baiezkoa eman du, eta batentzat ezezkoa

Departamenduko hezkuntza nazionaleko kontseiluak irailaren 6an emanen du azken hitza. Ortzaize, Idauze Mendi eta Aiherrako eskolentzat eman du baiezkoa, eta Larrainekoarentzat ezezkoa.

Murgiltze ereduaren aldeko eragile ezberdinak, gaur, Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) eskola publikoan,. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abuztuaren 31
11:00
Entzun

Akademia Ikuskariak hiru murgiltze klaserentzat baiezkoa eman zuen atzo arratsean, ohar batean jakinarazi duenez: Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) eta Idauze-Mendiko (Zuberoa) eskola publikoetan, eta Aiherrako (Nafarroa Beherea) eskola pribatuan. Gainera, Donapaleuko (Nafarroa Beherea) eskola publikoan ere murgiltzea ama eskolako azken urteari irekitzea onetsi du. Ama eskola murgiltzea ezartzea galdetzen zuen Larraineko (Zuberoa) eskolarendako, berriz, ez du baimenik eman.

Dena den, erabakia ez da ez ofiziala, ez behin betikoa. Azken hitza irailaren 6an emanen du departamenduko hezkuntza nazionaleko kontseiluak. Alta, eskola sartzea ostegunean eginen dute Ipar Euskal Herriko ikasleek; ordurako, beraz, ez da ofizialki zehaztua izanen zein diren murgiltze esperimentazio berriak.

Hori jakin ostean, murgiltze ereduaren aldeko hainbat eragilek agerraldia egin dute Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) eskola publikoan, hautetsiekin batera. Haiek iazko ikasturte bukaeratik galdegin zuten murgiltzea Ortzaize, Aiherra, Idauze-Mendi eta Larraineko eskoletan.

Hautetsiek salatu dute ez dutela jaso Akademia Ikuskariak gaur hartutako erabakiaren baieztapen ofizialik. Larraineko Jean Dominique Iriart auzapezak, gainera, salatu du Larraineko eskolak ez duela onespenik ukan: «Lortu arte segituko dugu», hitzeman du. Ikuskaritzak zehaztu du Larraineko eskolaren kasuak «lanketa gehiago» behar duela, ama eskolatik bosgarren urtera arte klase bakarrean biltzen direlako ikasleak.

Ortzaizeko Marc Ozafrain auzapezak, berriz, salatu du ere murgiltze ereduaren onartzea bakarrik ama eskolako lehen urtearentzat eman duela, eta ez ama eskolako urte guzientzat. Izan ere, igorritako oharrean Akademia Ikuskariak zehaztu du ama eskolako lehen urtean irekiko dutela murgiltze eredua. Ez dute zehaztu ama eskolako beste bi urteetan ere irekiko ote duten.

Azkenik, Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak esan du, dituen informazioen arabera, gaur goizean emanen dituela Akademia Ikuskariak gainerako xehetasunak: ama eskolako lehen urtean bakarrik irekiko duten ala ez, baita Larraineko kasuari buruzko xehetasunak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.